astekaria 2019/05/10
arrowItzuli

iritzia

Egungo gerrak (VI)

Garazi Arrula Ruiz

Egungo gerrak (VI) Garazi Arrula Ruiz

Hiri paisaiaren parte bihurtu dira. Pilotalekuan daude, telebistan, gure auzoan, elastikoetan. Normaldu egin dira, bitxikeria izatetik horiek ez ikusteraino igaro gara denbora gutxian. Nonahi agertu direlarik, auzokidearen edo senideen ahotan ondorioez entzun dugularik, ohartu gara tamainaz, ohartu gaitzaz. Orain, apustu etxeak izurrite direnean.

Arinago erreakzionatu dute batzuek, eta indar erakustaldia egin dute, esate batera, Judimendiko Gazte Asanbladak eta Bilboko Eragin eta Azpeitiko Elkar-ekin taldeek. Iaz, Athleticen eta Eibarren babesle ofizial apustu-etxe bat izendatzeak eztabaida piztu zuen; gauza bera Gipuzkoako diputazioak KirolBet saritu izanak, zer eta «euskal kirola sustatzeko konpromisoagatik». Zizur Nagusiak berriki onartu du apusturako espazioak arautzeko mozioa.

Igor Meltxor kazetaria Euskal Herrian barna dabil gaiari buruzko hitzaldiak ematen, eta izutzekoak dira esaten dituenak: 80ko urteetako droga arazoarekin alderatzen du; besteak beste, horren hedadura —hasiera batean— neurtezina delako, kaltea pertsonari ez ezik inguru osoari dakarkiolako eta bereziki gazteei eragiten dielako. Jokatzen hasteko bonuak opari ematen dituzte (garai bateko txuteak), eta ezkutuan eta bakarrik egiten da gehien. Prekaritateaz, miseriaz eta heldulekurik ezaz baliatzen dira, eta diru errazaren ameskeria saltzen dute, galerek ere irabaziak ekarriko dizkietela jakitun. Jokoa ez dela errenta; bai, ordea, errentagarria: krisi ekonomikoa hasi zenetik, Espainiako estatuan gehien hazi den merkatua omen da apustu-etxeena.

Berri ona da EITBk jokoari loturiko publizitatea debekatzea; alta, letra txikiari erreparatzeko lana hartu dute batzuek: Espainiako loteriaren eta ONCEren iragarkiak eta zenbait promozio ematen jarraituko du irrati-telebista publikoak. Estatuan, suizidioen %20ren atzean ludopatia omen dago. Apustu eginen nuke gaitz ekonomiko, sozial eta psikologikoen egiazko dimentsioa ikusteke dagoela.

BERRIAn argitaratua (2019/05/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA