gizartea
Zaintzak ardazturiko aldarriak
Arantxa Iraola
Iazko udaberrian hasi ziren protestak iragartzen. Azaldu zuten urte eta erdi zeramatela herrialderako lan itun bat hitzartzen, egoera «blokeatuta» zegoela, eta mobilizazioen hautua egin behar zutela. Ordutik,Gipuzkoako zahar etxeetako langileek protesta ugari egin dituzte ; 5.000 profesional inguru dira, gehienak andreak. ELAk eta LABek egin dituzte protestetarako deiak; bakoitzak bere aldetik. Hamarnaka greba egin dituzte, mobilizazio ugari. Baina egoerak lehengoan dirau. Argi izpirik ez da, LABeko ordezkari Ane Sarriegiren aburuz. Esan du enpresen aldetik «izozteak» dituzten proposamenak soilik jaso dituztela negoziazio mahaian: «Negoziazioa ez da hasi ere egin». «Prekaritatea». Hitzean eta hortzean darabilte zahar etxeetako langileek elea. Hobetu beharrekoak iruditzen zaizkie lan baldintzak. Maria Sarasola (Legazpi, Gipuzkoa, 1989) erizaina da Zumarragako Argixao egoitzan, eta garbi du: «Sektorea oso prekarioa da. Esaterako, soldatak alor publikoarekin alderatzen badira, alde handia dago». Ondorioak ditu horrek: «Gu, oraintxe, erizain faltan gaude». Aldi baterako erakartzen dituzte profesionalak, baina zail izaten da atxikitzea: «Alde egiten dute. Eta horrek dakar askotan lan taldeak ez egonkorrak izatea». «Zaintza fisikoa egiten da; zaintza psikologikoa, ez». Amaia Gastesik adierazi du ezin duela atera beste ondoriorik Pasai San Pedroko egoitzako jardunak ematen dion talaiatik. Pertsonan zentratutako arreta eta halakoak usu erabiltzen dira egun adinekoen zaintza hizpide hartuta, baina nahi eta ezin ari direla diote langileek. Sarasolak hau dio: «Ez dugu modurik pertsonak era integral batean zaintzeko». «Erizainak, adibidez, asteburuetan eta gauetan bakarrik gaude; erizain bakar bat. Egoiliar guztien kargu egin behar du erizain horrek (120 adineko), eta, halakoetan, zentroaren gaineko ardura ere haren gain dago». Maria Sarasola ari da solasean, Argixao egoitzako egun bat deskribatzen: duten lan zamarena. Gero eta handiagoa. «Izan ere, soslai askotako jendea heltzen zaigu egoitzetara: buruko eritasunak dituztenak, zaintza aringarriak hartzen ari direnak...». Egoki deritzo, baina baliabideak behar dituzte: «Esaterako, erietxera bidali beharrean, pertsonak etxean hiltzea bilatzen da, baina gero lantzen den ildo profesionala ez doa bide horretatik. Nik pertsona bat sedatua badut, gutxienez ordubetean edo ordu erdian behin sartu beharko nuke haren gelan». Ezin iritsi ibiltzen direla dio, ordea. «Eta guk unitate soziosanitario bat daukagu; beste zentro batzuetan ez dago erizainik ere». Bat datoz langile gehienak: lan erritmo handiak eragozpen dira. «Horiek dakarte erretirora heldu baino lehen lanerako ezinduta geratzea jendea; nik lan egiten dudan egoitzan, Pasai San Pedron, adibidez, ez da inor erretirora iritsi. Ezinduta, aurretik lana utzi beharrean geratu da jendea», azaldu Amaia Gastesik. Beñat Luarizaristik ere argi ikusten du egoera hori Bergarako egoitzan. «50-60 urte: adin kritikoa da hori. Jende askori hor heltzen zaizkio lanerako ezintasunak, edo gaixo agiri bat bestearekin katigatu beharra». Horrek zaildu egiten du lantalde egonkorrak izatea, Maria Sarasolaren iritziz. Horra Zumarragako Argixao zentroan zer atakatan egon diren: «Batzuetan, langileen %25 gaixo agiriarekin egon dira: izugarria da. Azkenean, lesio pila bat daude. Gaixoaldiak ere bai, estresagatik». Egoera kalteberan dauden pertsonak zaintzen dituzte; heriotza oso presente dago, eta egoera batzuk zailak dira kudeatzen. Donostiako Txara egoitzan ari da Ana Sastre (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975); usu sentitu du korapiloa erraietan. «Azkenean, familiaren gisakoak gara haientzat. Oporrak hartzen dituzu, eta, bueltan, galdezka dituzu: 'Non egon zara? Abandonatu egin nauzu...'».
Langileen ordezkaritzaren %20 du LABek; UGT eta CCOOrekin batera esertzen da mahaian. ELAk du ordezkaritzarik zabalena: %60koa; mahaitik alde eginda dago. Txomin Lasa sindikatuko ordezkariaren arabera, ez dira itzuliko «gutxieneko» bi baldintza bermatzen ez badira: egoitzaz egoitzako hobekuntzak aintzat hartzea ekarriko lukeen sinadura bikoitza lortzea eta langileentzako onurak 2017tik aurrera ezartzea.
Mahaitik kanpo, ELAk egin ditu hainbat ahalegin enpresekin akordioetara heltzeko; antzuak horiek ere. «Aldundiak esan zigun patronalarekin hitz egin behar genuela. Egin genuen eskatu zitzaiguna; Adegi eta Matiarekin akordio bat lortu genuen. Aldundira eraman genuenean, ordea, ELAren alde bakarreko proposamen gisara faltsifikatu zuten; gezurretan ibili dira», deitoratu du Lasak. Langile guztiek oroitarazi dute aldundiak auzian duen ardura. Itunpean eskaintzen dira zahar etxeetako leku gehienak, eta esaten ari zaizkio esku hartu behar duela. Diputazioari zuzendu zaio BERRIA; ez du hitzik hartu.
Aldarrikapenak asko dira. Sektorean «soldaten arrakala» dagoela salatu dute usu sindikatuek. Adibidez, instituzio publikoentzat azpikontratatuta diharduten beste enpresa batzuetako lan baldintzak aztertu dituzte; batez ere gizonak kontratatzen dituzten enpresetakoak -esaterako, kaleak garbitzeko zerbitzukoak-, eta desoreka azaleratu dute: gizonek 6.000 euro gehiago irabazten dituzte urtean. Eskaera gehiago ere badira. Atsedenaldi ordainduak eskatzen ari dira, trebakuntza eta ratio hobeak, besteak beste.
Ratioen gaineko kezka
Sarriegik oroitarazi du kezkatuta daudela ratioekin -horiek ezartzen dute langile bakoitzak zenbat denbora egin dezakeen adinekoen artan-. Dioenez, nahi eta ezinean ari dira langileak: arta egokia bermatu ezinik. «Ratioak guztiz zaharkituta daude». Eusko Jaurlaritzak ezartzen ditu, baina Sarriegik esan du aldundiak baduela horiek aldatzeko «ahalmena», eta lan itun «duin» bat lortzeko gogoeta sakona sustatu behar dela gai horren inguruan. «Guk eskatzen dugu lan itunaren barruan batzorde bat sortzea gaia aztertzeko». Ados dago Lasa: «Kezka handia da». ELAren kalkuluen arabera, langile bakoitzak ordu eta erdi eskain diezaioke gehienera egoiliar bakoitzari -Gipuzkoan hori; Araban eta Bizkaian, gutxiago-, eta abian dute Zaindu nazazu (gutxienez) bi orduz kanpaina, aldaketak eskatzeko. Azaldu duenez, enpresekin hitzartu zuten itunean baziren horren aldeko neurriak: lanaldi partzialak lanaldi oso bihurtuta, onurak zekartzan.
Haragoko aldarriak ere badituzte langileek. Sarriegik hau esan du:«Zerbitzu publiko bat da, eta proposatzen ari gara kontratazio zuzena: publikoa». Zuztarretara egin nahi dute, azpikontratazioaren kalteak biluztera: «Lan itun duin bat izateaz haragokoa da eztabaida». Plazara atera dira egoitzetako egoiliarren senitartekoak ere: zentroetako arta «aski ez izatea» deitoratu dute. Aldundiari zuzendu zaizkio: «Zerbitzuaren arduraduna da».«Hilabete eta erdian, igande bat dut libre; 1.250 euro da soldata»
Egoitzaz egoitza, gainera, aldatu egiten dira lan baldintzak: bakoitza kudeatzen duen enpresaren arabera. Sarasolak azaldu du hori dela kalera bultzatu dituen motiboetako bat: «LABen bereziki eskatzen ari gara herrialdeko hitzarmen bat. Izan ere, langileak ari dira oso baldintza ezberdinetan. Enpresen arabera, heterogeneotasun handia dago». Ez zaie ongi iruditzen. «Azkenean, diru publikoa da, eta zerbitzu publiko bat». Homogeneizazioa garrantzitsua iruditzen zaie horregatik. «Egoitza batean baldintzak bestean baino hobeak badira, bada, horrek zerbitzuari ere eragingo dio. Eta zergatik egon behar dute adinekoek egoitza batean bestean baino hobeto zainduta?». Ana Izko (Iruñea, 1979) erizaina da Donostiako Berra zentroan. Kexu da bera ere sektoreko lan baldintzekin: «Osasun sistema publikoan diharduten erizainen aldean, gu bigarren mailakoak gara. Denean: pertsonal falta dago, soldatak apalagoak dira, atsedenak ere bai...».
Eva Luis (Donostia, 1978) klinikako laguntzailea da. Berra egoitzako eguneko zentroan ari da. Azaldu du berari ere kontratua geriatria laguntzaile gisara egin ziotela, ikasketa horiek dituzten beste askori bezala, eta, hartara, lan baldintza apalagoak dituela. «Gure jarduna ez dute baloratzen; gure prestakuntza ere ez. Ez gizarteak, ez enpresek, ez instituzioek». Lansariak horren adibide direla uste dute. Hara Susana Gomez geriatria laguntzailearen kasua (Donostia, 1965); Gipuzkoako hiriburuan dihardu berak ere, San Ignacio egoitzan. «Nik 1.250 euroko soldata dut, 26 urteko antzinatasunarekin, eta igandero lan eginez. Hilabete eta erdian igande bat dut libre. 1992tik ari naiz enpresan, eta horixe da nire soldata: 1.250 euro». Halakoak ez direla ezohikoak diote. Luisek zera dio: «Ez da okerren dagoen sektorea, baina emakume bat nekez bizi daiteke, nekez izan daiteke bere buruaren jabe soldata horiekin... Zer? 1.400 irabaztera iristera hel gaitezke? Baina horretarako asteburuetan-eta lan egin behar da». Eta lanaldi osoa eduki behar da. Eta, diotenez, lanaldi partzialak asko dira sektorean; aski zatituak ere bai. Gomez: «Badira langileak egunean hiru txanda dituztenak; hirutan sartu eta atera behar dute lanetik». Gutxi irauten dute; egonkortasun falta areagotzen du horrek lan taldeetan.
Egoitzatik egoitzara aldeak daude, baina langileak kexu dira atseden tarterik ere ez dietelako onartzen toki askotan. Amaia Gastesik (Errenteria, Gipuzkoa, 1968) Pasai San Pedroko zaharren egoitzan dihardu: «Egun, gure atsedena hogei minutukoa bada, hamar guk ordaindu behar ditugu».«Ez dugu modurik pertsonak era integral batean zaintzeko»
ELA sindikatuak egindako azterketa baten arabera, egungo lantaldeekin, ordu eta erdi eskain diezaioke zaintzaile bakoitzak adineko bakoitzari arta zuzenean: ez gehiago. Adibidez: zaintzaileek gehienez ordu laurden bat izaten dute adinekoak ohetik jaiki eta gosaltzera eramateko. Gehiegizkoa da Ana Izko erizainarentzat; areago, egoiliarren autonomiarik ezin da sustatu horrela. «Demagun adineko bat gai dela alkandorako botoiak lotzeko. Hark egin behar luke, baina, ratio horiekin, azkenean zeuk egiten duzu. Zeren bestela ez baita astirik geratzen...».
Presaka lan egin behar horrek bultzatuta egoera latzak izaten direla onartu du Sarasolak. «Adibidez, dementzia oso aurreratua duen pertsona batek, bere kaxara, ez du inorekin harremanik izateko erarik: zuk joan behar duzu harengana. Beraz, pertsona batzuek orduak egiten dituzte inoren hitzik entzun gabe... Eta gero entzuten dugu aldundiko jendea esaten haien interesa dela ongizate orokorra. Bada, oso ezberdin ulertzen dugu zer den ongizate orokorra».
Beñat Luarizaristi (Bergara, Gipuzkoa, 1980) jagole dabil, bere herrian, Mizpirualde egoitzan. Adinekoei arta onik emateko modurik ez dutela argi du: «Askotan, eskatu egiten dizute: 'Eseri pixka bat'. Eta inoiz esertzen bazara, bizipoz ederra da haientzat». Sarasola: «Ez dugu inoiz ahantzi behar. Haiek han bizi dira: haien etxea da». Liliana Oreja (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1968) zaintzailea da Donostiako San Ignacio zentroan, beti presaka dabilen horietako bat: «Askotan, gaizki atera izan naiz lanetik: sentitzen dut ezin dudala eman ehuneko ehuna. Badirudi ez zaiola inori inporta».«Nik 140 adinekoren ardura dut: bakarrik»
Bat dator Ana Izko erizaina. Donostiako Berra egoitzan antzera dabiltza: «Nik, adibidez, nire ardurapean ditut 140 adineko, eta ez dago medikurik: bakarrik nago. Eta erabaki garrantzitsuak hartu behar ditut». Geriatria laguntzaileek, halaber, ardura handiko lanak hartu behar dituzte. «Guk botikak eta dena eman behar izaten ditugu», onartu dute hainbatek. Izko: «Arazo da erizain kopuru urria, eta, beraz, delegatu egin behar ditugu gure funtzioak. Imajinatu arratsalde bat nire zentroan: 140 adineko ditugu, eta, arratsaldeko txandan, erizain bakar bat. Nola eman diezaioke botika erizain bakar batek hainbeste pertsonari? Beraz, azkenean, funtzio hori laguntzaileen esku geratzen da».
Duela hamar urteko lantaldeekin ari direla diote, eta ardura gero eta zamatsuagoak dituztela. Hara, adibiderako, egoitza bateko egoera, geriatria laguntzaile batek deskribatua: «14:30etik 15:30era pertsona bat bakarrik geratzen da solairu bakoitzeko, hogei egoiliar baino gehiagorekin. Gertatu izan zaigu pertsona batek ondoeza izatea eta beste bat erortzea. Halakoetan pentsatzen duzu: 'Nor artatuko dut aurrena?'».«Erretirora heldu baino lehen, lanerako ezinduta geratzen da jendea»