astekaria 2019/05/10
arrowItzuli

politika

Aldaketaren estres testa

Jon O. Urain

Aldaketaren estres testa

Nafarroak laborategi gisara funtzionatu du sarri. Azkena, eskuin unionisten froga: hautagaitza bateratua aurkeztea. Espainiako Estatuan beste inon gauzatu ez dutena. Azken-aurreko esperimentuak, UPN gobernutik kentzeko asmoz eginiko aliantza zabalak, maiatzaren 26an dauka hautesleen epaia jasotzeko eguna; orduan ikusiko da gobernua babestu duten indarrak gai diren 26 parlamentariei -gehiengo absolutuari- eusteko, hazteko edo, aldiz, formula hori lau udatako gauetako ametsa baino ez den izan.

Barnean alderdi bat baino gehiago biltzen dituzten hiru koalizio eta legealdia bitan zatituta amaitu duen alderdi bat izan dira Uxue Barkosen gobernuari eutsi dioten indar politikoak. Horregatik, gehiengo alternatibo bat eraiki zuten kolore politikoen aniztasunagatik, aldaketaren josturek erresistentzia proba edo estres test erabakigarria daukate foru hauteskundeetan: ikusteko dago legealdiko baldintza zailek nola eragin dioten aldaketaren kontakizunari. Bi blokeek -eta bien artean kokatu nahi dutenek- ezinbesteko izango dute boto bakoitza, 2015ean Ciudadanosek lortu ez zituen 293 botoak erabakigarri izan ziren bezala. Gauerdian hasi da horiek erakartzeko lehia.

NAVARRA SUMA

Eskuin unionistak ikasia du 2015eko lezioa: eskaintzen aniztasunak proiektua ahuldu zuen. Bananduta aurkeztu ziren UPN eta PP, eta gutxigatik geratu zen Ciudadanos parlamentutik kanpo. Ondorioa izan zen UPNk azken hogei urteetako emaitzarik kaskarrenak lortzea eserleku kopuruan, bi hamarkadaren ondoren gobernua galtzea eta udaletan ere botere instituzionala dezente urritzea. Gobernura heltzearen truke, UPN prest agertu da bere siglei muzin egiteko ere, baina izan dezake kezkatzeko motibo bat: Espainiako Gorteetarako emaitzei erreparatuta, 2016koekin alderatuta, apirilaren 28an Navarra Sumak 2016an UPN-PP-C's baturak baino 20.000 bat boto gutxiago jaso zituen. Ikuskizun dago hautesleek berdin bozkatuko ote duten foru bozen logikan.

GEROA BAI

2015ean, partida garrantzitsu bat irabazi zuen Geroa Baik, gerora erabakigarria izango zena: UPNren alternatiba izan nahi duten alderdien artean indar nagusia izatea. Harrezkero, Uxue Barkosek eraman du gobernuaren gidaritza politikoa, eta, Navarrometroak eta Eitb Focus inkestak iragarri dutenez, oso litekeena da lehendakariak onura ateratzea; biek ematen dizkiote Geroa Bairi egungo bederatziak baino parlamentari gehiago. Barkos azken lau urteetako akordio ereduari eustearen alde agertu da azken egunetan, baina maiatzaren 26ko emaitzek esango dute aukera hori bideragarria den eta Barkosek zer aukera izan ditzakeen.

EH BILDU

Duela lau urte gehiengo parlamentarioa osatzeko ezinbesteko hazkundea lortu arren, Vianako sindromearekin helduko da EH Bildu foru bozetara; alegia, 2017ko abuztuan herri horretako udalean gertatutakoa herrialde osora hedatzeko beldurrarekin. Orduan, PSNk, Cambiemos Viana udal taldeak eta Geroa Baik zentsura mozio bat adostu zuten Jose Luis Murgiondo alkatearen aurka (UPN), baina moziotik kanpo utzi zuten EH Bildu. Maiatzaren 27tik aurrera, koalizio subiranista ekuaziotik ateratzeko saioak egon daitezke, PSNk esana baitu negoziatzeko «marra gorria» izango direla EH Bildu eta PP. Era berean, subiranisten erronka izango da 2015ean berdez margotutako udal mapari bere horretan eustea -hamazazpi alkate zituzten lehen, eta 37ra igo ziren orduan- eta, nagusiki, Iruñeko aginte makila Asironen eskuetan mantentzea. Alkateak gutxiengoan amaitu du legealdia, Ezkerrarekin eta Aranzadirekin gobernu akordioa hautsita, baina azken urteetako lidergoak lagun diezaioke Navarra Sumaren aurrean alternatiba irabazle gisa aurkezten.

AHAL DUGU

Barne zatiketak ezaugarritutako legealdi zaila izan du Ahal Dugu-k, bi urtean ez baita gai izan idazkari nagusia aukeratzeko barne hauteskundeek zabaldutako zauria ixteko. 28 boto eskasen aldearekin, Eduardo Santos nagusitu zitzaion Laura Perezi, eta, harrezkero, etengabeak izan dira liskarrak, zuzendaritza berriarekin kritikoak zirenak talde parlamentarioan gehiengo izateraino. Legealdiaren azken asteetan, zatiketa horrek kolokan jarri du Ainhoa Aznarezen presidentetza legebiltzarrean eta, hala, parlamentuko mahaian laukoak gehiengoa izatea.

Bi ildoak agertu dira 2015ean abiatutako aliantzaren alde, baina maiatzaren 26ak hiru inkognita argituko ditu; batetik, Ahal Dugu-ren barruan eta talde parlamentarioan izandako liskarrek zenbateraino eragin dezaketen alderdiaren babesa apaltzean; bestetik, Ahal Dugu-ri botoa eman baina hautu hori berriz egiteko asmorik ez dutenek nora bideratzen duten botoa -abstentziora, Geroa Baira, EH Bildura, PSNra edo Ezkerrara-; azkenik, 2015eko indar korrelazio estua aintzat hartuta, Ahal Dugu-ren balizko galerari nork ateratzen dion mesederik handiena erabakigarria izan daiteke azken lau urteetako norabide politikoak bideragarri izaten jarraituko duen argitzeko.

PSN

PSNren historiako emaitzarik kaskarrenak izan zituen Maria Txibiteren hautagaitzak duela lau urte, PSOEren gainbeherak bultzatuta eta Nafarroan azken urteetan eskuinaren mende arituta. Pedro Sanchezen presidentetzaren aurreko garaiak ziren; orain, Madrilgo aldeko haizeak baliatu nahi ditu Txibitek Navarra Sumaren eta laukoaren aurrean alternatiba izateko. Sanchez efektuak foru bozetan izan dezakeen eragina ikuskizun, inkestek diote gora egingo duela; Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroaren arabera, bigarren indarra izateraino.

EZKERRA(K)

Ordezkaritza apala izan arren, Ezkerraren bertuteetako bat izan da giltzarri izatea eta posizio horri zukua ateratzea. Orain, Ahal Dugu-ren balizko galeraren onuradunetako bat izan daiteke Ezkerra, baina, hori baino gehiago, Iruñean, gauza batek egin diezaieke kalte aldaketaren aldeko indarrei: ezkerraren atomizazioak. Antzeko eremu politikoan lau alderdi politiko aurkezten baitira: Ganemos, Aranzadi-Equo, Ahal Dugu eta Ezkerra.

Araba. Aukera guztiak zabalik

Bizkaia. Urak bare segitzen du

Gipuzkoa. Itxura berekoaren bila

BERRIAn argitaratua (2019/05/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA