gizartea
Hartza 'hezi' egingo dute
Ibai Maruri Bilbao
Egunotako erasoen ondoren, hartza artaldeak dauden lekutik aldentzeko protokoloa martxan ipiniko du Nafarroako Gobernuak. Espainiako Gobernuaren eta Pirinioetako autonomia erkidegoen artean adostu dute. «Hartzak duen legezko babesagatik, zer egin daiteken eta zer ez argitu da. Adituen laguntzarekin osatu dugu. Hainbat fase ditu, eta fase bakoitzean hartza uxatzeko neurriak zehazten dira. Non jan dezakeen eta non ez irakatsi behar diogu, nolabait». Esan du azken neurria, muturrekoena, hartza ingurutik kentzea dela; ez du uste hori hartu beharko denik.
Abeltzainek, ordea, hori nahi dute. «Inork ez digu protokolo hori erakutsi, baina, diotenez, neurri hori zehazten du hain oldarkorrak diren hartzen kasuan. Indarrean jar dezatela eskatzen dugu», ohartarazi du EHNE Nafarroako Felipe Etxetxikiak. Nafarroako artzain eta abeltzainak kezkatuta daudela aitortu du. Neguko hibernaziotik esnatu berri dago Claverina, eta dagoeneko hainbat artalderi egin die eraso. Uste du egoerak okerrera egingo duela datozen asteetan, neurririk hartu ezean. Dena den, argi utzi du ez daudela hartzen aurka. Beste esperientzia batzuk ezagututa, iruditzen zaio hartzak eta abeltzaintza uztargarri direla. «Pirinioetan 43 bat hartz daude, eta beste leku batzuetan elkarbizitza ona da. Baina hain oldarkorrak direnekin, ezinezkoa da».
ELB Euskal Laborarien Batasuneko idazkari nagusi Panpi Saint Mariek ez du uste Claverina denik arazoa: «Gutxi edo asko, hartzak beti hilen ditu. Beraz, gure oinarrizko jarrera da aurka gaudela. Ez hartzaren aurka. Hartza Eslovenian bizi zitekeen ongi, eta bizi da ongi. Hartza azkar bizi den tokietan nekazaritza atzeraka ari da. Hemen oraindik bada abeltzaintza azkarra. Eta biak ezin dira: edo hartzak irabazten du, edo artzaingoak».
Eraginkortasuna, «auzitan»
Zuberoa aldean elkarbizitza errazteko neurriak hartu direla esan du. «Hartzaren aldekoek esaten dute diru anitz dutela nekazariek, adibidez, artzain profesionalak hartzeko, gauean hesi elektrikoarekin jartzeko, edo txakurrak hartzeko. Ados. Baina laborategia badugu Ariege departamentuan: han egin dute hori guztia, baina artzaingoa ari da atzera egiten, eta oihana ari da nagusitzen. Hori nahi dugu?». Ohartarazi du neurri horiek ez direla eraginkorrak. «Lainoa delarik, eta 100 metrora ikusten ez delarik, hartzak egiten du nahi duena. Txakurra han egonik ere, artzaina han egonik ere, hartzen du behar duen ardia. Bizkorragoa da».
Antzeko neurriak sustatu ditu Nafarroako Gobernuak. 18 abeltzainek geolokalizatzaileak ipini dizkiete euren abereei, bat-bateko mugimendu arrarorik ikusiz gero, jakiteko zerbait gertatzen zaiela. Beste bostek mastin arrazako txakurrak ipini dituzte, artaldeak babesteko. Eta itxitura bi sortu dituzte gauez ardiak edukitzeko. Gerard Caussimont FIEP Fonds D'Intervention Ecopastoral GKEko kideak uste du prebentzio neurri horietan egin behar dela indar. Azaldu du, adibidez, Europak hileko 2.500 euroren laguntzak ematen dituela artzain profesionalak hartzeko.
Claverina-ren oldarkortasuna pasatuko dela uste du. «Urrian ekarri zuten, ez du ingurua sentitzen, eta ez du izan fruitu lehorrekin elikatzeko aukerarik. Neguko hibernaziotik iratzarri denean, proteina gabezia sentitu du, eta eskura izan duen modurik errazenean lortzen ahalegindu da». Esan du zaildu egin behar zaiola ardiak harrapatzea. Horretarako, mastinekin eta hesiekin zaintzeko eskatu die artzainei. Hartzen elikadura, oro har, honelakoa da: jaten dutenaren %85 landare eta fruituak dira; %7-8, hilik topatu dituzten animaliak; eta gainontzeko %7-8, eurek hildako abereak.
Caussimontek abeltzainen pentsaeran ikusi du arazoa: «Nahiago dute ardiak aske eduki mendian, zaintzarik gabe. Ados. Horren ondorioz, Pirinioetako ardien %0,05 hiltzen dira hartzen erasoengatik, eta %2, istripu edo eritasunengatik. Prest daude %2 istripuz galtzeko; baina ez %0,05 hartzak eraso eginda».