astekaria 2016/01/29
arrowItzuli

bizigiro

Zerbait egin daiteke

Ihintza Elustondo

Zerbait egin daiteke

Zazpi kilometroko distantzia besterik ez dago Turkiatik Greziako Lesbos irlara. Txalupaz, bi ordu inguru. Nork esango luke tarte horretan urtea hasi denetik 122 lagun hil direnik. Uretan. Lur eremu batetik besterako itsaso zati horretan. Batzuk, hotzez, eta beste batzuk, itota. Sortu ez duten gerra batetik ihesi doazen emakumeak, gizonak, umeak, gazteak nahiz agureak. Beste aldera bizirik iristea da haien esperantza bakarra. Bizimodu berri bati ekiteko. Hutsetik. Agintarien jarrera ikusita, badirudi ezin dela ezer egin egoera horren aurrean. Baina beti egin daiteke zerbait. Hori sinetsita, hainbat boluntario joan dira Euskal Herritik Lesbosera.

«Konturatzen zara denok berdinak garela. Hemendik joan aurretik errefuxiatuen irudi bat egiten duzu: hauek dira azal ilunekoak, ez dakit nola janzten dira... Eta han geundela, esaten genuen: 'Zu Irlandakoa izan zaitezke, zu euskalduna izan zaitezke eta zu ez dakit nongoa... Hau ni naiz, nire lagunak dira edo nire gurasoak dira'». Koro Gabiola eta Iñaki Iraola Elgoibarren (Gipuzkoa) bizi dira, eta Gabonetako oporrak aprobetxatu zituzten, aurreztutako dirua hartu, eta iheslariei laguntzera joateko. «Egin dezakeguna egiten saiatzen gara». Euskal Herrira itzuli diren arren, han ikusitakoagatik barrena mugituta jarraitzen dute oraindik: «Buruaren erdia han dugu».

Lesbosen dago Aitor Hernandez zarauztarra (Gipuzkoa). 22 urte ditu eta unibertsitatean ikasten ari da, baina pare bat astez eskoletara ez joatea erabaki du. «Gogo handia neukan etortzeko». Basque Lifeguards sorosle taldeko beste lau kiderekin joan da Greziara, eta erreskate batetik itzuli berria da. Ontzian doazenei seinalatu ohi die nora iritsi, eremurik garbienera joan daitezen, eta ez gune arrokatsuetara. Eta behin kostara hurbilduta, txalupatik jaisterakoan, bidaiariak ez bustitzea da garrantzitsuena. Batzuetan ez dira hondartzaraino iristen, eta bide bat egiten diete arrokekin, edo besoetan hartuta ateratzen dituzte uretatik.«Hotz handia egiten du: gauean zero gradu azpitik egiten du, eta, egunez, hamar gradu inguruan. Hipotermia kasu asko ikusi ditugu. Gaizki baldin badaude, okerrera ez egitea da gure zeregina».

Dabid Sanchez iruindarra Refugee Care proiektuarekin joan zen Lesbosera, eta dagoeneko itzuli da Euskal Herrira. Errefuxiatuak lehorrera iritsitakoan, behar zutenean laguntzen zien: bustita zeudenei manta termikoak jartzen zizkien soinean, autoz kanpalekuetara eramaten zituen, arropa antolatzen zuen... Izatez, argazkilari aktibista moduan joan zen, baina hango egoera ikusita, denetarik egiteko prest agertu zen. Orain, ikusitakoa «salatzeko» hitzaldiak ematen eta erakusketa bat prestatzen dihardu.

Haren arabera, Lesboseko «irudi guztiak dira gogorrak». Irlara iritsi berriak zirenek autoz kanpalekuetara eramaterakoan hartzen zuten jarrerarekin harriturik gelditu zen: «Familia askori autora sartzeko esaten diezu, eta ez dira mugitu ere egiten. Engainatu egingo dituzula uste dute. Ezin dute sinetsi norbaitek kobratu gabe lagunduko dienik».

Kanpalekuetan laguntzera joan ziren Gabiola eta Iraola, Light House gobernuz kanpoko erakundearekin. Lesbosera iristean, medikuek balorazio bat egiten diete iheslariei, eta beharren arabera, ohiko kanpalekuetara edo medikuen dendetara bideratzen dituzte. Bide arrunta jarraitzen dutenei, arropa aldatu, jaten eta edaten eman, eta su ondoko epeltasuna eskaintzen zien bikoteak.

Han ikusitako eszenak burutik kendu ezinda dabil Iraola: «50-60 urteko bati barkutik jaisten laguntzen diozunean eta besarkatzen zaituenean, ni ume batek baino gehiago hunkitzen nau. Ume bat, azkenean, beldurragatik ari da negarrez, leku ezezaguna delako, hotzagatik... Baina 50-60 urteko gizon bat zure sorbaldan negar batean lehertzean, ezin da kontatu nolako sufrikarioa pasatu duen».

Argi dago «benetako miseria» ezagutu izan dutela, Gabiolaren iritziz: «Batzuk egun bat baino gehiago jan gabe egon dira, Turkiako itsasertzean itsasora bota zain, beste batzuei dena lapurtu diete mafietakoek, egurtu egiten dituzte...». Hori da errefuxiatuek kontatzen dutena, zerbait kontatzen badute. «Askok ez dute hitz egiten. Nahiko beldurgarria da».

Negozioa, errefuxiatuekin

Turkiatik Greziara igaro nahi dutenek tratu bat egiten dute pertsona batekin: diru kopuru bat ordaindu, eta beste aldera igaroko den txalupa hartzeko hitzordu bat zehazten dute. «Pertsonekin merkatu bat sortzen ari dira Turkian. Ia narkotrafikoaren negozioa gainditu du. 800 eta 2.000 dolar artean [737-1.844 euro] kobratzen dute bidaia txartela, eta txaleko faltsuak saltzen dituzte, hondoratzen direnak», azaldu du Sanchezek. Gainera, hamar lagun sartzen diren ontzietan 60-70 bidaiari bidaltzen dituzte.

Itsasoa gurutzatzea lortzen dutenek esker ona baino ez dute adierazten. 7-8 urteko ume batzuekin gertatu zitzaiena gogoan du Gabiolak. «Neskato batzuei gozoki bat eta lepoko bat oparitu nizkien. Eskertzeko, gozokia bueltan eman zidaten». Iraolak txalupa bereko beste 5-6 urteko haur batek egin zuena kontatu du, hunkituta: «Atzetik etorri eta hankan ukitu ninduen. Buelta eman nuen eta galdetu nion ea zer behar zuen. Berak makurtzeko esan zidan. Makurtu nintzen eta besarkada handi bat eman, eta eskerrik asko esan zidan».

Oztoporik arriskutsuena gaindituta, Afganistanen, Sirian edo Iranen utzi duten familiari deitzen diote errefuxiatuek, onik iritsi direla esateko. Baina itsasoa zeharkatu arren, ez da amaitzen haien amesgaiztoa. Bi edo hiru egun igarotakoan, Atenasera bideratzen dituzte, eta orduan hasten da gogorrena: paperak lortu behar dituzte, Mazedoniako muga zeharkatu, gero Serbia, Austria... Askok Alemaniara iristea dute helburu.

Egoera tamalgarri hori amaitzea «oso erraza» dela uste du Sanchezek, Europako Batasunak «hala nahi badu». Atenasen erregistratzen dituzte errefuxiatuak, eta gauza bera Turkian egin daiteke, haren arabera, hainbeste jendek bizia arriskuan jartzea saihestuz. Iraolak, aldiz, irtenbide zaila ikusten dio: «Europak eta munduko gobernu guztiek zentzu gabeko botere gerra horiek saihestu beharko lituzkete. Baina hori utopia bat da diruak agintzen duen mundu batean». Ezer aldatu ezean, egin dezaketena egiten jarraituko dute, Hernandezek azaldu duenez: «Jendeari laguntzeko gaude. Ondo ari gara, eta aurrera jarraituko dugu».

BERRIAn argitaratua (2016/01/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA