kultura
Galeraren ostean iraun dutenez
Ainhoa Sarasola
«Erdi kasualitatez sortu da liburu hau», azaldu du idazleak lanaren aurkezpenean. Poema narratibo luze bat idazten ari zela, literaturarekin zerikusi zuzenik ez zuen enkargu bat jaso zuen: beka deialdi bat egitea, landa ikuspegia izango zuten sormen lanak saritzeko. «Hainbat hilabetez landa eremuari buruzko lanak irakurtzen aritu nintzen. Eta irakurketa horien erdian gurutzatu zitzaidan Angel Erroren poema bat, esaten duena lehorreko idazleok marinelei buruzko poemak idazten ditugula, oso erakargarria zaigula marinelen saudade hori. Eta orduan erabaki nuen liburu honetan nire paisaia sentimentala jaioterrian kokatzea».
Altsasukoa (Nafarroa) da Suarez, «baina autobidearen beste aldekoa». Hala, azaldu du «paseo batean» Gipuzkoan dagoela, eta muga hori, «kontraste hori» basoan oso ageria dela, Nafarroan basoak publikoak baitira, eta Gipuzkoan, aldiz, xede komertzialekin ustiatzen baitira. «Zuhaitz motak ere desberdinak dira, eta talka hori interesatzen zitzaidan: bertakoa-inbaditzailea...». Ideia horrekin, dikotomiak osatu ditu liburuan, hainbat gai kontrajarriz: desira, errua, damua, gupida... Ez du, halere, sorterriaz eta inguruaz irudi «erromantiko» bat eman nahi izan: «Hori nahiko zabaldua dago, basoari buruz idaztea gauza bukoliko bat izango balitz bezala, eta ez, uste dut zintzotasuna bilatu dudala alde horretatik, ez irudi erromantiko bat».
Basoko irudiak erabiliz, sentipenei eta giza harremanei buruz hitz egiten du poemetan, oro har, irauten duen horretaz edo irauten duten horietaz. «Zuhaitzek eta landareek haria osatzen dute, poemen arteko lotura. Alde horretatik, iruditzen zait hau dela nire poema liburuetan liburuena; igual beste batzuetan poema sortak egin ditut, baina kasu honetan hari bat dago, eta sentsazioa dut liburua egin dudala, eta ez poema bilduma soil bat».
Tartean bestelako lanak plazaratu baditu ere, zazpi urte dira Suarezek aurreko poesia liburua argitaratu zuela, Urtebetetze festa (Elkar). Liburu berria «benetan nabarmena» dela iritzita, etenaldiak merezi izan duela iritzi dio Xabier Mendiguren editoreak. Isilaldiaren arrazoiez ere galdetu dio. Suarez: «Nik uste dut idazle bati pasatu dakiokeen gauzarik makurrena dela liburu on baten ondoren okerragoa den bat egitea. Azken liburua niretzat lan borobila izan zen, eta uste nuen ezin izango nuela gauza hoberik egin». Liburu berriarekin, baina, «oso konforme» dago.
Ordutik hona badira bere poetikan iraun duten osagaiak, ironiak, kasurako: «Niretzat, ironia seduzitzeko arma bat da, eta eroso eta gustura nagoenean ironikoa naiz». Baina lan berrian aldaketarik ere sumatzen da; editorearen ustez, lan berrikoak ez dira hain poema jostalariak, ilunagoak baizik. Hizkuntza aipatu du, berriz, idazleak: «Liburu honetan, iruditeria sinbologia handikoa da, eta, horri kontrajarriz, hizkuntza soilago bat, sinpleago bat erabili nahi nuen». Hizpide dituen gaiak ere ez direla askorik aldatu uste du. «Ni ez naiz inoiz berritzailea izan gaietan. Adierazia ez bada aldatzen, adierazpena aldatu behar duzu, eta hor egin dut ahalegina».
Andrazko poeta galegoak
Lau ataletan banatu ditu idazleak liburuko poemak, eta bakoitzean hamabost bildu. «Bi hilabetean idatzitako liburu bat da. Bi hilabete, 60 poema. Egunero bat. Erokeria da, baina horrela egin dut». Atal bakoitzaren hasieran, poeta banaren esaldi edo poema zati bat jarri du, eta azaldu du horiek eta beste batzuk izan dituela erreferentzia. Andrazko poeta galegoak aipatu ditu lehenik —Olga Novo, Yolanda Castaño, Maria do Cebreiro, Chus Pato...—, «beren inguruarekiko oso harreman zintzoa» dutela iruditzen zaiolako. Horiez gain, bi euskal idazleren liburuak ere gogoan izan ditu: Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari (Susa, 1995) eta Jon Gerediagaren Argia, lurra, zuhaitza, zerua (Pamiela, 2015). Zehaztapena ere egin du Gerediagaren lan horri buruz: «Zuhaitz pila bat aipatzen zituen, baina ez zitzaidan hainbeste interesatzen horregatik, baizik eta esaten zuelako 'beti paratuko naiz iraun nahi/behar duenaren alde'».
Xabier Gantzarainen Zuloa liburuko esaldi bat ere gurutzatu zitzaion sortze prozesuan, dioena iraganak irautera egiten duela. «Gauza asko elkartu dira liburu honetan bat egin dutenak».