kirola
Gozatu... eta irabazi
Ainara Arratibel Gascon
Ikasle finen antzera, belarriak adi-adi eta begiak zabal-zabalik entzun ditu Maddi Torre Realeko jokalariak (Donostia, 1996) larunbateko Espainiako Kopako finalerako Juanan Larrañaga jokalari ohiak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958) emandako gomendioak eta azalpenak. «Garrantzitsuena momentu bakoitzaz gozatzea da, eta ahalik eta lasaiena egotea; zu zeu izatea, azken batean. Bestela, galduta zaude». Aholkua «oso kontuan» hartuko dutela nabarmendu du erdiko atzelariak, eta erantsi du taldeak«konfiantzaz eta ilusioz» helduko diola finalari. «Haiek jotzen dituzte faborito argitzat. Baina nik ez, eta ni eta taldekideak arituko gara zelaian. Uste osoa dut gugan». Izan ere, argi du finalak «jokatzeko baino gehiago irabazteko» direla. «Gurasoek [Jon Torre palista ohia eta Amaia Larrañaga igerilari ohia] beti esan didate hori».
Larrañaga ados dago horrekin. Realak 1987an irabazi zuen azken titulua, Zaragozan (Espainia); hain zuzen ere, Atletico Madrilen aurka. Larrañaga funtsezko jokalaria zen talde txuri-urdinean. Partida 2-2 amaitu zen. Reala bi aldiz jarri zen aurretik, Roberto Lopez Ufartek eta Aitor Begiristain Txiki-k sartutako golei esker. Baina Espainiako taldeak berdindu egin zuen norgehiagoka. Da Silvak eta Rubiok sartu zituzten Atletico Madrilen golak. Azkenean, penaltietan erabaki zen lehia, eta hor beste behin Luis Arkonada atezaina nabarmendu zen. Bi penalti geratu zituen, eta Realeko jokalariek jaurtitako lauetan asmatu zutenez, txapeldun izan ziren. Penalti horietako bat jaurti zuen Larrañagak.
32 urte igaro dira ordutik. Torre bera jaio gabe zegoen. Hamarkada bat geroago egin zuen. «Gauza asko entzun ditut final hartaz, baina ez dut irudirik ikusi», azaldu du. Larunbateko finala aztertzen hasita, Larrañagak antzekotasunak ikusten dizkio beraiek jokatutakoarekin.«Kasu hartan ere gehiago hitz egiten zen Atletico Madrilez gutaz baino. Jesus Gil iritsi berria zen presidente kargura. Fitxaketa handiak zituen lotuta, eta haientzat aukera ona zen sasoia ondo amaitu eta proiektu berria indarrez hasteko. Presio hori zuten». Beraiek, haatik, «apal-apal» joan ziren. «Isilean aritu ginen lanean, ikusmin eta presiorik gabe, eguneroko ohiko lanarekin jarraituz. Finalak prestaketa horretan irabazten dira maiz. Hurrengo sasoian berriro ere finalera iritsi ginen, irabazteko hautagai nagusiak ginen, eta galdu egin genuen».
Faborito ez izateak mesede egiten diela uste du Torrek. «Haiek irabazteko presioa eta zama dute, daramaten ibilbideagatik [igandean hirugarrenez lortu zuten liga titulua].Guk, ordea, gauzak ondo egiteko erantzukizuna eta ardura dauzkagu». Hala, beraiek egin zuten moduan, ezustekoa emateko prest ikusten ditu Larrañagak, nahiz eta igandean haien aurka 1-3 galdu zuten Ligako azken partidan. «Realak denboraldi osoan zehar erakutsi duen lehiakortasunari, seriotasunari eta sendotasunari eusten badio, aukerak izango ditu. Ez dut uste Atletico Madril ero ero aterako denik norgehiagokaren bila, badakielako zelai erditik aurrera Realak ere jokalari erabakigarriak dituela». Hala ere, nabarmendu du Atletico Madril talde indartsua dela. «Ligan lortu dituen datuak ikustea besterik ez dago. 96 gol sartu ditu, eta 19 baino ez ditu jaso. Horrek erakusten du atzealdean ere talde sendoa dela, eta aurrelariak erabakigarriak izateko, funtsezkoa dela atzekoek egiten duten lana». Aurkariaren maila onartu arren, beldurrik ez die Torrek. «Argi dago aurrealdean goi mailako jokalariak dituela, bai fisikoki baita teknikoki ere. Baina ondo ezagutzen ditugu, eta gai gara haiek geratzeko».
1987ko final harekin beste antzekotasuna da orduko Realean harrobiko jokalariek baino ez zutela jokatzen, eta larunbatean zelairatuko den taldearen oinarria ere hori izango dela.«Horrek beti ematen dio zerbait gehiago talde bati, are gehiago final batean. Etxeko jokalariok ondo dakigu zein zaila den Realarekin zerbait irabaztea. Guk hori sentitzen genuen», azaldu du Larrañagak. Bat dator horrekin Torre. «Taldean bertako jokalari asko gaude, txikitatik Realzaleak garenak, eta hau bizitzeko aukera izatea izugarria da guretzat».
Baliabide aldetik ere orduko emakumezkoen futbolak antzekotasun gehiago zuen oraingo emakumezkoenarekin, bien esanetan. Askok diote benetako futbola hori dela. «Egia esan, niri ez zait alderaketa horiek egitea gustatzen. Oso asebeteta nago daramadan bizimoduarekin. Babes handia sentitzen dut inguruan, eta ez diot inbidiarik gizonezkoen futbolari», dio Torrek. Ondorengoa gehitu du Larrañagak: «Zelai barrukoak futbola izaten segitzen du, eta niri hori da gustatzen zaidana. Hortik kanpo dagoena da aldatu dena, eta hori ez dut hain ondo ikusten».
Hain zuzen ere, aldatu ez den gauza horietako bat da talde batek final baten atarian dituen sentipenak dira. Hala azaldu ditu beraiek izan zituztenak Larrañagak. «Gu bi liga irabaziak ginen, eta bagenuen esperientzia hori. Baina klubak berriro ere titulu bat irabazteko zirrara eta ilusio hori genuen, baita ere aukera gertu egoteak dakarren tentsioa». Torrek «ilusio eta tentsio» giro hori nabaritu du azken egunetan taldean:«Talde anbiziotsua gara, eta gogoz gaude larunbateko norgehiagoka iristeko».
Partidaz ez du asko gogoratzen Larrañagak:«Bakarrik irabazi egin genuela eta bero asko egin zuela». Onartu du zelai ateratzen zaren une horretan izaten dituzun sentipenak azaltzea «oso zaila» dela. «Gogoan dut Realzale asko joan zirela finala ikustera, Zaragoza gertu dagoelako. Zelaira atera, eta zaleek gugan uste osoa zutela ikustea hunkigarria izan zen». Berdegunera irten zenean egin zuen lehen gauza harmailetara begiratzea izan zen, familia eta lagunak agurtzeko. «Egun estadioak desberdinak dira. Baina orduan erraza zen hori egitea. Haien babesa bilatu genuen gehienok».
Torre desiatzen dago etxekoekin, lagunekin eta zaleekin hori bizitzeko: «Egia esan, azken egunetan zale asko ari zaizkit esaten denboraldiro bidaia bat egiten dutela Realarekin, eta oraingoan Granadara etorriko direla gu animatzera. Kaletik ere geratu naute argazkiak eskatu eta zorte ona opatzeko. Babes hori sentitzen dugu, eta Kopa irabaziz eskertu nahi diegu».
Psikologikoki «prest»
Behin partida hasita, «burua hotz» izatearen garrantzia berretsi dute biek. Horretarako, arlo psikologikoa lantzen ari direla onartu du Torrek. «Denboraldian zehar izan ditugu horretarako estimulu oso aproposak: Anoetan jokatutako bi partidak. Talde gaztea gara, baina psikologikoki ere prest gaude halako erronka bati heltzeko». Ikasgai ona dute 1987ko final hartan:«Atletico Madrilek bi aldiz lortu zuen partida berdintzea, baina ez genituen besoak jaitsi, eta berdin jarraitu genuen lanean. Hor egon zen gakoa. Zuk finala modu batera prestatzen duzu, baina mila gauza gerta daitezke, eta prest egon behar duzu. Luzapenean, adibidez, asko sufritu genuen, zegoen presioagatik eta beroagatik oso nekatuta genuelako. Gure helburu bakarra penaltietara iristea zen».
Behin partida amaituta iritsi ziren ospakizunak. «Nik bi liga nituen irabazita. Lehenbizikoa oso berezia izan zen. Hamar partida besterik ez nituen jokatu, baina taldean aurreko sasoian partida bakar bat ere ez galduta liga galdu zuten jokalariak zeuden. Haiek negarrez ikustea oso berezia izan zen. Baina Kopakoarekin gehiago disfrutatu nuen, orduan jokalari garrantzitsua nintzelako taldean».
Senideekin elkartu eta guztiek elkarrekin afaldu zuten Zaragozan. «Hori da gehien gogoratzen dudana, ospakizunetan beti egiten direlako tontakeriak. Ondoren, Donostiara bueltatu ginen eta zaleekin batera ospatu genuen». Finalerako sailkatu zenetik horrekin amets egin duela onartu du Torrek. «Baina nahiago dut orain horretan ez pentsatu. Irabaziz gero, erraz bururatuko zaigu nola ospatu. Gutxienekoa da hori».