astekaria 2019/05/10
arrowItzuli

gizartea

Milioi bat espeziek galtzeko arriskua dutela ohartarazi du IPBESek

Julen Aperribai

Milioi bat espeziek galtzeko arriskua dutela ohartarazi du IPBESek

Egoera gordina zenbaki bidez azaleratu dute: milioi bat animalia eta landare espezie inguru gal daitezke hamarkada gutxiren buruan. IPBES Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak bioaniztasunaren inguruan inoiz egindako txosten osatuena aurkeztu zuten atzo, Parisen. NBE Nazio Batuen Erakundeak bildutako aditu talde batek idatzi du txostena, eta bioaniztasunaren inguruan inoiz egin den txosten osatuena da: 50 bat herrialdetako 145 adituk egin dute, hiru urtean. Ez diote ingurumenari soilik erreparatu, arazoaren oinarria zabalagoa dela uste baitute: «Biodibertsitatearen galera ez dago soilik ingurumenarekin lotuta. Aitzitik, garapenarekin, ekonomiarekin, segurtasunarekin eta balio sozialekin eta moralekin lotuta dago». Alde horretatik, gizakiaren bizitzetan zuzenean eragiten duen auzia dela nabarmendu du Robert Watson IPBES erakundeko zuzendariak: «Gure eta gainontzeko espezieen bizitzak baldintzatzen ditu ekosistemen osasunak, eta inoiz baino azkarrago ari gara hondatzen ekosistema horiek. Gure ekonomien, bizimoduen, elikaduraren, osasunaren eta bizi kalitatearen oinarriak higatzen ari gara».

Argitaratutako txostenaren arabera, egun existitzen diren zortzi milioi espezieetatik milioi bat dago galtzeko arriskuan; horietako asko hamarkada gutxi batzuen buruan desagertuko lirateke, egungo erritmoan. Atzera begirako datuak ere jaso ditu lanak: 1500. urtetik hona, gutxienez 680 ornodun espezie desagertu dira. Horrez gain, elikadurarako eta nekazaritzarako erabilitako ugaztun arrazen %9 desagertu ziren 2016an, eta ordura artekoak baino 1.000 gehiago arriskuan egotera pasatu ziren.

Jatorrizko habitaten eta ekosistemen galera jo dute txostenean espezieen desagerpenaren arrazoi nagusitzat. Diotenez, ekosistemak «inoiz baino erritmo azkarragoan» ari dira hondatzen, eta gizakiaren esku hartzeak eragin zuzena du. Izan ere, Lurreko ekosistemen %75 «modu esanguratsuan eraldatuta» daude. Itsasoko ekosistemak dira kaltetuenak, txostenaren arabera. Ekosistemen higatze horren eraginez, Lurreko habitat naturaletako jatorrizko espezieen existentzia %20 jaitsi da 1900etik.

Naturaren eraldaketan gehien eragiten duten faktoreak ere zerrendatu dituzte lanean, inpaktuaren arabera. Lurrean eta itsasoan eragindako aldaketak dira arrazoi nagusia. Haren atzetik, organismoen ustiapena, klima aldaketa, kutsadura eta espezie inbaditzaileak ageri dira. Edonola ere, berotegi efektuko gasen isuria asko ugaritu dela ohartarazi dute txostenean; bikoiztu egin da, 1980tik, eta, ondorioz, 0,7 gradu igo da Lurraren tenperatura. Hori dela eta, datozen urteetan, gas isuriek lurrean eta itsasoan eragindako aldaketek baino eragin handiagoa izan dezaketela dio ikerketak.

Erantzunak, lehenbailehen

Egoera bideratzeko aukera egon badagoela azaldu du Watsonek, ikerketaren aurkezpenean: «Txostenak dio ez dela berandu auzi honetan gauzak beste modu batera egiten hasteko, baina orain hasi beharra dago, bai maila lokalean, bai globalean». Natura kontserbatzeko, berreskuratzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko modua aurkitu daiteke, haren arabera, baina soilik «eraldaketa ekarriko duten aldaketak» egiten badira, «sistema osoa eta faktore teknologiko, ekonomiko eta sozialak kontuan hartuko dituztenak».

Ingurumenaren inguruko neurriek agenda politikoetan indarra hartu duten arren, erantzun zabalagoen beharra nabarmena da txostenean: «Nahiz eta azken urteetan natura mantentzeko eta sustatzeko politikak areagotu diren, ikerketak ondorioztatu du ez dela posible natura kontserbatzea eta modu jasangarrian erabiltzea orain arteko bide berari jarraituz gero».

Ikerketaren emaitzen inguruan mintzatu da Karmenu Vella Europako Batzordeko Ingurumen komisarioa. «Denborarik ezin dela galdu» adierazi du, eta gobernuei erantzukizunez joka dezatela eskatu die. Edonola ere, txostenaren emaitza eta bioaniztasunaren egoera larritzat jo badu ere, Parisko Akordioan zehaztutako helburuak eta Nazio Batuen Erakundeak garapen jasangarria sustatzeko asmoz finkatutakoak beteko direla ziurtatu du.

«Oraindik garaiz gaude, baina daukagun leihoa geroz eta txikiagoa da»

BERRIAn argitaratua (2019/05/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA