astekaria 2016/01/29
arrowItzuli

iritzia

Eta, beraz, zein da gure gerra?

Miren Aranguren Etxarte

Eta, beraz, zein da gure gerra? Miren Aranguren Etxarte

Gerrak betidanik gizataldeen arteko talka soziopolitiko larrienetakotzat hartu dira. Gizatalde antolatuak, armatuak, baliabide natural zein humanoak babestu edo azpiratzeko erabiliak izan dira; botere harremanak mantendu edo iraultzeko, gatazka ekonomiko, ideologiko edota lurraldeari lotutakoak bukatu edo hasteko. Gerrarako adierazpen ofizialarekin hasten ziren gaur egun deklaraziorik gabe hasten direnak.

Gizonen monopolioa izan direla salatu da urteetan feminismotik. Botere guneetatik erbesteratuak egonik, ezin izan baitugu eragin, ezin izan baitugu indarrez ekin, ezin izan baititugu gobernatu. Munduko arazo handietatik kanpo jaio gara, hezi gara eta hil gara emakume araututako horiek. Eta, ondorioz, gerra letra larriz zer den eta bakeak zein inplikazio dituen gure ikuspegietatik kanpo definitu eta eraiki dira, denon kapitalaren gisara gainera. Hitz gutxitan, gerra eta bakea, andro-en irudi eta antzera egin dira.

Eta gureak balira bezala hartu ditugu zenbait guda, nahiz eta ez gaituzten kontuan hartu. Eta ahantzi ditugu beste hainbat, gerrak ez zirelakoan, garrantzirik ez zutelakoan, lehen mailan ez zeudelakoan. Arazo handiak behin konponduta, soluzio-bidean jarriko zirelakoan. Lehenbizi, gizonen platerak lepo bete, eta ondotik, zerbait geldituz gero, gureak beteko zirelakoan, familia bazkaritan amatxik janaria banatzen duen gisara.

«Hau ez da gure bakea» entzun genuen Euskal Herriko Bilgune Feministaren eskutik pasa den azaroaren 25ean. Bakea ez omen da indarkeria jakin baten eza. Emakumeok ez baitugu bakerik ezagutzen, gurekin, no hay tregua. Asko zekien honi buruz Yolik, iragan urtarrilaren 19an Sarriegiren martxaren doinuen artean hil zen andreak. Edota Gasteizen, orain bi egun bere bikotekideak (gizona) jo zuen emakumeak, haren alaba balkoitik behera Askatasunaren etorbidera botatzen ikusita (hau paradoxa!). Ezin garelako bakeaz mintzo, egunero dugun indarkeria gaindosi honekin. Ezin dugulako normalizazioaz hitz egin, normalizatutakoa gerra isil eta hotza denean. Herritar gehiengoaren bizitzak erdigunean ez daudenean. Bizitzera baino gehiago, bizirautera jolasten ari garenean.

Kontsumo basatiaren eta diskurtso hipokriten irratia topera jartzea errazagoa da, gerran gaudela argiki adierazten diguten hamaika bozgorailu horiek entzutea baino. Euskal Herrian gatazka politiko mugatu eta bakarra konpontzeko dugula sinestea ariketa sinpleagoa da. Eta ulertzen dut gatazka beraren definizioan ikuspegi feminista gaineratzeak gatazka berriak, dialogo berriak, subjektu berriak azaleratzen dituela. Protagonista berriak eskatzen dituelako, batzuen atzera pausoa eskatzen duelako eta besteon aurrera urratsa. Eta horrek ikara sortzen digu. Akaso orain arte ezagutu ez ditugun beldur berriak.

Baina feministok gosez gelditzeko asmorik ez dugu oraingoan. Aspaldian gizonek ez ofizialki deklaratutako gerra hau bukatzeko hautua egina dugu. Patriarkatuak normalizatutako gure kontrako biolentzia lehen lerroan jarri nahi dugu, emakume, emazte eta ama onak izatera kondenatzen gaituen zapalkuntza hau egon bedi erdigunean. Izan bedi gure gatazka, oraingoan izan bedi baita, baztertuontzako konponbiderik ere. Ez ditzagun utzi gaurdanik konpondu daitezkeenak biharko.

Ez dugu isil gordeka ibili nahi, atzetik. Ez dugu alfonbra azpiko hautsa garbitzen jarraitu nahi. Lehen lerroan kokatu nahi dugu. Guk, feministok, eta gure interesak. Denbora gehiago itxaron gabe, baimenik eskatu gabe. Botere dimisiorik espero gabe, har dezagun dagokiguna. Arduraz.

Hau ez da gure bakea, hau gure gerra da, eta irabaztera goaz. Denok.

BERRIAn argitaratua (2016/01/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA