iritzia
Historia ahal den higienikoenaren alde
Anjel Lertxundi
Zibilizazioaren dokumentuak, basakeriarenak.
Walter Benjamin Parisa iritsi da naziengandik iheska. Elurte baten erdian galdu den txolarre baten gisa dabil kalez kale, hurbil du Hitlerren ejertzitoa. Filosofoaren ondasun guztia, maletatxo bat arroparekin eta idatzi duen azken eskuizkribuarekin. Patrika batean, zianuroa, naziek harrapatuko duten izuz. Memoriaren motxilan, berriz, eztabaida asko eragin duen bere testu ausart bat: «Inoiz ez da ematen zibilizazioaren dokumenturik aldi berean izan gabe basakeriaren dokumentua ere [...] batetik bestera pasatzen den transmisio-prozesua ere ez dago basakeriatik libre». George Steinerrek dio Benjaminen hausnarketaz: «Egia handia dago esaldi horretan, erradikal samarra baldin bada ere.»
Konkista inperialisten garaian, kolonizazioetan, hogeigarren mendeko kolore bateko zein besteko totalitarismoetan, holokaustoaren aurrean ez zen entzun basakeriak salatuko zituen elite kultural europarraren ahots ozen bateraturik. Areago: elite kulturalaren parte inportanteak basakeriak onartu zituen, txaloka askotan, isiltasunarekin gehienetan. Handik gatoz: Europak handia du iraganaren pisua, ahitzen ari ote zaion etorkizunaren esperantza...
Berriki ikusi dugu: orain hilabete doi López Obradorrek, Mexikoko presidenteak, Espainiako Erregeari eta Frantzisko Aita Santuari planteatu zien eska dezatela barkamena konkista garaiko basakeriengatik. Espero zitekeena gertatu zen Espainiako zirkulu politikoetan eta prentsan: nork ahoa beroago jardun zuen, salbuespen gutxirekin, López Obradorren kontra. Infernua seinalatzen zuen hatzari begiratu zioten erreakzioek, ez infernuari, eta tontotzat jotzea izan zen Mexikoko presidenteari oparitu zioten klabelinik sanoena, tonto totala izan beharra baitago ez jakiteko konkista eredugarria izan zela, inguruko beste inperioek praktikatutakoa baino gizatiarragoa: espainiar konkistatzaileek ez zuten ezpatarik eta arkabuzik atera beren zetazko zakutoetatik; ez zituzten lurrak eta distira guztietako aberastasunak arpilatu; ez zuten hizkuntzarik eta erlijiorik inposatu; ez zuten esklabotza baliatu; ez zuten bortxatu eta torturatu. Konkistaren kontzeptua bera ere makularik gabea da nonbait: ez darama basakeria zainetan.
Hauteskunde amaitu berri amaiezinaren zurrunbiloak isildu zuen bai López Obradorren proposamena bai hark eragindako erreakzio hiratuen haizetea ere.
Brotxa zakarrekin, fineziarik nekez.
Brotxarik zakar lodienarekin zikindutako mural bat utzi zuten erreakzio gehienek, pintzel finez idatzitako gutxi irakurri genuen. Gertakariaren abiapuntuan López Obradorrek esandakoa zegoen, baina prentsa gehienak zekarrena baino ñabartuago adierazia: «Egin dezagun elkarrekin gertatu zenaren errebisioa, eta, ezer eskatu gabe agrabioen aitortza soila salbu, adiskidetuko gara». Ez zen hain eskabide eroa, ezta bat etorrita ere erantzukizunak ez direla oinordetzan hartzen: inork ez dauka zertan barkamenik eskatu berak egin ez duenarengatik, are gutxiago orain bostehun/laurehun/hirurehun urte gertatu zirenengatik. Txit kristaua da iraganeko bekatuen barkamen klase hori, zeina kristau bakoitzaren kontzientzia zamatzerainokoa den Adamen bekatuarekin! Bada, ekar dezagun barkamenaren auzia debate laikora: orduan gertatuaz gaur idazten da, gaur isiltzen da ordukoaz komeni ez dena; gaur berresten da konkistatzaileen bertsioa biktimen ahotsari belarririk jarri gabe. Baina gaur begiak ixten segitzea gaurko historiografiaren eta politikaren erantzukizuna da, zeren nekez ulertu daiteke bertako natiboen bazterketa, zeren nekez uler daiteke inposatu gabe lortu zela Amerikako iparraldean ingelesa guztiz nagusi bihurtzea bizpahiru menderen buruan, ozta kabitzen da buruan gaztelania hain epe laburrean eta inposaketarik gabe arras nagusi gailentzea Amerikaren erdian eta hegoan. Horren guztiaren aurrean aipagarria da lustre distiratsuko hainbat akademiko eta idazle espainiar handiri irakurritako argumentua: Hego Amerikako errepublika berrietako buruzagiak izan omen ziren gaztelania inposatu zutenak han-hemengo konstituzioetan, Espainiako Koroatik askatzea lortu zutenean. Espainiar koroatik askatu nahi zuten buruzagi haiek aztekak, ketxuak, aimarak ziren akaso? Espainiar koroak ez du penintsulan gaztelania mendeetan inposatu?
Baiki: kontu bat da barkamena eskatzea -auzi pertsonala, hautazkoa bezain transferitu ezina-, eta beste bat gertatutakoari buruzko aitortza: hala gertatu zen, handik gatoz. Gorotzetan urre bila nabil, ordea: frankismoaren protagonistei erantzukizunak eskatzeko gai izan ez den gizarteak konkistari buruzko konkistatzaileen bertsioa jaso du lauzpabost mendeotan.
Bidegabekeriak erruz eta nahierara egokitzen du bere morala. Doris Lessingen Belarra kantari nobelako narratzaileak dio Koro Navarroren itzulpenean: «Kolono zaharrek diotenean 'Lur hau ulertu beharra zegok», esan nahi dute 'Guk natiboei buruz ditugun ideietara ohitu behar duk'».
Higiene morala.
Guztiz gehienok, konkistatzaileek kontatutakoa dakigu, haien bertsioa inposatu zaigu. Ez, ordea, biktimena, besteak beste haietako gehienak asimilatuak izan zirelako indarraren bidez. Horretarako, historia egiteko modu tradizionalak (kultura idatzian, irabazleenean, oinarrituak) alboan behar luke ahozkoa, memorian gordea, bertako herrietako hizkuntzetan jasoa, biktimen talaiatik ere begiratua. Ez, Espainiak ezin du Amerikaren konkista ikertu konkistatzaileen (Lessingen nobelako kolonoen) eskema mentalarekin: hartaz idatzitako ia guztia konkistatzaileek idatzia da. Honetan eta beste hainbat auzitan gure osasun moralak historia egiteko modu higienikoa -kritikoa- behar du.
Silvya Iparraguirreren La tierra del fuego nobelako protagonista Londresera eraman dute bertan juzga dezaten Britainiar Inperioaren kontra altxatzeagatik. Inputatuak gutun batean diotso lagun britainiar bati: «Zein da hitzok idatzi beharko nituzkeen hizkuntza? Hemengoa, eta esan dezaket, nirea, ala [nire kontrako inputazioekin] jaso dudan gutunekoa, hau da zuena? [...] Ez dut jada zuek eskatzen didazuena kontatu nahi, nik esateko dudana baizik...».