mundua
Mugaren bestaldeko errealitate ezkutua
Oskar Epelde
Pasteur Esron Socirwa Kongoko Errepublika Demokratikoko Errefuxiatu Ruandarren Elkarte Zibilaren ahotsa da Goma hirian, Kongoko Errepublika Demokratikoaren Ipar Kivu probintziako hiriburuan, ipar-ekialdean. Kyeshero barrutian bizi da. Socirwa bulegorik gabeko erakunde erdi klandestinoa da. FDLR Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoen babesean sortu zen, nazioarteari eta Kongoko Gobernuari errefuxiatuen legedia aintzat har dezatela eskatzeko. FDLR talde hutuek 2000. urtean sortu zuten koalizio bat da, eta hark eta Socirwak ruandarren arteko negoziazio zuzenak eskatzen dituzte bakerako behin betiko konponbide gisa. FDLR-ri leporatzen diote Ruandan 1994ko tutsien aurkako genozidioan parte hartu zuten kideak edukitzea, eta nazioarteak eta Kongoko Gobernuak geroz eta baztertuago daukate.
Pasteur Esronek elkarretaratzea antolatu duen Kyesheroko etxeko anfitrioia hutu kongoarra da, eta elkarrizketan hitza hartu du, txikia zenean Kalangala izeneko herrixkan ikusi zuen sarraskia gogoratzeko. 40 pertsona hil zituzten interahamwe-ak [Ruandako genozidioa egin zuten milizianoak] zirelakoan. «Baina kongoarrak ziren, eta tutsien kontrako genozidioarekin inolako zerikusirik ez zuten». Hutu kongoarren arbasoak Belgikako kolonoek ekarri zituzten Ipar Kivuko Rutshuru eta Masisi lurraldeetako plantazioetan lan egin zezaten. Beste leinu batzuetako politikari batzuek etorkintzat hartzen dituzte oraindik. Gerraren ondoren, plantazioen lur emakidak eskuz aldatu, eta lurrik gabeko laborari eta iheslari bihurtu ziren asko. Lur bila, Ipar Kivuko gatazka armatuaren erdian noraezean gelditu dira.
Hutu kongoar horren etxera joatea onartu duen beste lekuko bat R.I. inizialak dituen gizonezkoa da. Kontatu du Ruandako militarrek isilpeko «berreskurapen» operazioak egin dituztela Kivun. 1994an Ruandatik ihes egin ondoren, Kivu lakuan txalupa batekin lan egiten zuen mugatik hurbil, eta Ruandako militarrek birritan bahitu egin zuten. Orain, errefuxiatuen Mugunga kanpamentuan bizi da, Goma kanpoaldean, eta bat egiten du errefuxiatuek pairatzen duten mespretxuaz Socirwak esaten duenarekin. «Gaur egun, ez dugu bakerik iheslariok. Ruandarra zarela adierazten denean, zuri buruzko txostenak aurkitzen dizkizute, eta inork ez dizu lanik ematen. Eta partzela bat erostea, dirua bazenu ere, pentsaezina da, baina ezin duzu kexarik azaldu».
Aberriratzeei uko
Hala ere, aberriratzea izateari uko egiten dio. Monusco Kongoko Errepublika Demokratikoa Egonkortzeko Nazio Batuen Erakundearen Misioak errefuxiatuei hitzematen die NBEk eta Ruandako Gobernuak baldintza duinak bermatzen dituztela aberriratzeko prest daudenentzat, baina aurrerantzean ere iheslari izan nahiago duten ehunka mila hutuek ez dute sinisten. «Han [Ruandan] ere ez da falta txosten bat bestearen atzetik», dio R.I-k.
Etxera etorri den hirugarren errefuxiatua lagun batekin gela itxi batean ezkutatuta egon da, itxaroten, besteak joan diren arte. Aurrekoak ez bezala, frantsesez mintzo da, eta urduritasuna nabarmena zaio baita hitzaren tinbrean ere. Buruz ikasitakoa edo, behintzat, egunero birpentsatutako kontakizun mingarria azaldu du hitza hartu duenean. 1994an etorri zen Kongora, eta Mugungako errefuxiatu esparruan ia hiru urte bete ondoren, RPF Ruandako Fronte Abertzaleko militarrek eraso egin zieten -tutsien aurkako genozidioa gelditu zuen milizia da RPF, orduz geroztik Ruandan boterean dagoen alderdia-. Errefuxiatu hutuak salatu du nazioartea «isilik» egon zela, eta gaur egun ere hala dagoela. «Errefuxiatuak armarik gabe zeuden, debekatuta baitzegoen iheslari esparruan armak edukitzea, eta arrapaladan atera ziren norberaren burua salbatzearren». Basora jo zuten, Ipar Kivuko Masisi eta Walikale lurraldeetara. Joan den otsailaren 20an, emaztea galdu zuen Gomako Ndosho barrutian. «Ruandako elementuak» haren bila etorriak ziren, FDLRko kide izatea leporatzen ziotelako. Etxetik kanpo zegoen, inguruan gordeta, eta ez zuten aurkitu. «Nire emaztea hil zuten, eta inork ez du ezer esaten». Errefuxiatu hutu ruandarrak utzita eta ahaztuta daudela dio: «Ez al gara besteak bezalako gizakiak? Zer dela-eta ez du inork ezer esaten? Ez daukagu inoren babesik, gure haurrak ez doaz eskolara, eta aberrigabe bilakatzeko arriskuan daude. Beharrezkoa litzateke nazioarteak esku hartzea, baina errefuxiatuen nazioarteko legea ere ez du aplikatu nahi, nahiz eta Kongoko Errepublika Demokratikoa 1951ko Genevako itunaren sinatzailea izan. Errefuxiatuak kartzelan sartzen dituzte ostera, ezta abokaturik gabe ere giltzaperatzen dituzte. Zergatik hori?».
Urte hasieratik hamaika hilketa eta bahiketa egin dituzte Ipar Kivuko Nyiragongo eremuan, Masisik, Gomak eta Virunga mendiek osatzen duten hirukian, Ruandako mugatik gertu. 1996az geroztik, ia gatazka etengabean egon da Ipar Kivu, eta Monuscok FDLR du errudun nagusitzat. Urte hasieran gertatu diren krimen horiei buruz galdetu dio BERRIAk Daniel Ruiz Monuscok Ipar Kivun duen ordezkariari, eta erantzuleak FDLRko «aspaldiko genozidak» direla esan du. Hark dioenez, FDLRk baliabide naturalen trafikoarekin lortzen duen diruarekin kongoarrei maileguak ematen dizkie, eta ordaintzen ez dutenak hil egiten ditu. «Mafiak bezala, FDLRk irabazi asmoak ditu orain helburu, indar armatua iraunarazteko». Ruizen ustez, «94an hasi zen egoera bukatzea» da Ipar Kivun bakea bermatzeko gakoa. «Errefuxiatu ruandarrentzat konponbide bat aurkitu behar da, eta izan daiteke Ruandara itzultzea ala Kongon kokatzea; baina, era horretan, ez dute edukiko FDLRen beharrik. Eta hori desagertzen bada, beste leinu-miliziek ere ez dute mehatxurik sentituko, eta desmobilizatu egingo dira». FDLRen aurka operazio militar handi bat egitea ere defendatzen du Ruizek.
Milizia hutuak borroka armatua uzteko saiakera egin zuen duela hiru urte borondatezko armagabetze aldebakarreko batekin. Afrika hegoaldeko estatuen SADC erakundeari arma batzuk eta 800 bat pertsona entregatu zizkion, eta laguntza eskatu zion Ruandako Gobernuarekin elkarrizketak hasteko. Arthur Koebler Monuscon Ruizen aurretik zegoen ordezkariak, ordea, ez zion sinesgarritasunik eman deklarazio hari. Monusco Kongoko armadarekin batera FDLRen kontrako operazio militar handi bat prestatzen ari zen, Ruandako Gobernuak Ipar Kivun babesten zuen M23 talde armatua desagertzeko akordioak gauzatu zirenetik. Monuscok uste zuen FDLRek itxurazko armagabetze bat egin zuela operazio militarra eragozteko, eta Kinshasako eragile batzuen konplizitatea izan zuela horretarako. Monusco eta Kongoko Gobernua elkarrekin haserretu zirenez, SADCko estatuetatik ekarri zituzten tropak eta Kongoko soldaduak Ipar Kivuko Beni lurraldera joan ziren beste talde matxino baten aurkako operazio bat egitera -Ugandako ADF Indar Demokratiko Aliatuen aurkakoa, oraindik bukatu ez dena-.
Ordainik gabeko keinua
Erasoaldi hori ez hasteak ez du hobetu errefuxiatu hutuen bizitza. Ustezko armagabetzearekin entregatu zirenak egoera usteldu arte utzi zituzten errefuxiatu esparruetan, gosez jota; 800 pasa Kisanganin -Tshopo probintzian, Ipar Kivuren mendebaldean-, eta ia 400 Kanyabayongan. 2018ko bukaeran derrigorrez aberriratu zituzten. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta Monuscok errefuxiatuen nazioarteko eskubideak kinka larrian utzi zituzten operazio hartan, baina Ruizek justifikatu du azken erabakia Kongoko Gobernuarena zela, eta errefuxiatu esparru haietako egoera «jasanezina» zela. Hala ere, onartu du NBEk ahalegina egin beharko lukeela Ruandak FDLRekin elkarrizketak egitea onar dezan.