politika
Fokuak itzali osteko sedimentu berriak
Edurne Begiristain - Jon O. Urain
Desegite hark gizartean nolako eragina izan zezakeen galdetu zien BERRIAk iaz gizarte zibileko eragile ugariri, eta gatazkaren muin politikoari heltzeko beharra azpimarratu zuten horietako hainbatek. Ariketa errepikatzeko eskatu die kazeta honek duela urtebete galdera horri erantzun ziotenei; urtebeteko perspektibarekin, zer aldatu den euskal gizartean ETAren existentziarik gabeko hamabi hilabeteotan; zertan egin den aurrera, zertan ez. Gehienek mugimenduak antzeman dituzte zenbait arlotan, herritarren eta eragileen artean; horren adierazgarria da euskal presoen eskubideen alde sindikatu guztiek hilabeteotan landu duten adostasuna eta garatzen ari diren mobilizazio dinamika. Nabari dira immobilismoak ere, eta, testuinguru horretan, giltzarritzat jo dute herritarren aktibazioa eta bultzada.
EIDER RODRIGUEZ Idazlea
«Muturren arteko masa hori oratu egin da, aliantza berriak gertatuz»
«Urtebete denbora gutxi da inoren historian, are gutxiago herrialde baten historian. Urtekako neurketak efemerideetarako balio lezake, historia liburuetarako eta egunkarietako lerroburuetarako; ez, ordea, herrialde horretan bizi garenen artean gertatutakoak neurtzeko eta zedarritzeko. Uste dut urtebete honetan gauzak gertatu direla, gertatzen ari direla eta gertatuko direla, aldaketak alegia.
»Batetik, mutur batzuk muturragotu egin dira; bestetik, muturren artean geratu den masa hori oratu egin da, nahastu, naturalki kasu askotan, konbinazio, aliantza, elkar ezagutze berriak gertatuz, eta hori oso interesgarria da, dadoak berriro jaurti balira bezala. Uste dut honek gauzei begiratzeko modu berriak ekarri dituela, batez ere orainari eta etorkizunari begiratzeko modu berriak, eta hori ez dela gutxietsi behar. Aldiz, iraganari begiratzeko moduak ez dira hein berean aldatu, oratu. Uste dut, zentzu honetan, iraganari dagokionez, lan handia dagoela egiteko: dadoak berriro jaurtitzea ona da, bai, baina ez partida zerotik hasiko bagenu bezala».
GARBIÑE ARANBURU LABeko idazkari nagusia
«Presoen eskubideen defentsan mugimendu interesgarriak izan dira»
«Duela urtebete esaten genuen ETAren bukaerak ez zuela esan nahi gatazka politikoa amaitzen zenik, eta denbora izan da horren lekuko. Hainbat korapilo daude oraindik askatzeko; tartean, eta nagusietakoa, euskal preso eta iheslarien auzia. Gai horri dagokionez, Espainiako eta Frantziako gobernuek egin beharreko urratsetan ez dugu nahi eta behar beste aurreratu.
»Eremu sindikalean bai, ordea; izan dira mugimendu benetan interesgarriak presoen eskubideen aitortzan eta defentsan; adostasun berriak lortu ditugu, garrantzitsuak. Horien artean, hiru momentu nagusi gogoratu nahi ditut: 2018ko urriko adierazpen bateratuarena, aurtengo urtarrileko manifestazioari begirakoa edota Bilbon hilabeteroko hirugarren ostiraletan elkarrekin mobilizatzeko lortu dugun adostasuna.
»Eragileon arteko adostasunak bezain garrantzitsua izan da jendarte zibilak haiei emaniko babesa. Mobilizazio jendetsuak, aktibazioa. Eta bidea egin dugu ere, urrats baikorrekin, Foro Sozialaren eskutik, elkarbizitza eta biktimen aitortzari ezinbestekoa zaizkion ekarpenak egiten.
»Bizitza duina oinarri duen jendartea eraikitzeko borrokan jarraitzen dugu urtebete geroago. Orduan bezala gaur ere, eragileon arteko adostasun zabalak eta jendarte zibilaren aktibazioa izango dira giltza gobernuak mugiarazteko».
PAUL BILBAO Kontseiluko idazkari nagusia
«Ziklo bat zabaldu arren, gero eta oldarkorrago jokatu nahi dute batzuek»
«Duela urtebete karpetak itxi beharra aldarrikatu nuen, hain zuzen ere gure herriko historiaren karpeta bat itxi zelako. Halere, geure komunitateari kanpoko esku hartzerik gabeko hizkuntza politika garatzeko eskubidea aitortu beharrak zabalik jarraitzen zuela esan nuen, eta tamalez, karpeta horrek halaxe jarraitzen du.
»Urte guztian jarraitu dugu ikusten Damoklesen ezpatari eusteko joerari jarraitu diotela bi estatuek eta horrek kezkatzen nau. Are gehiago, ikusi dugu ziklo berri bat zabaldu arren, batzuek gero eta oldarkorrago jokatu nahi dutela gurea eta gurea bezalako hizkuntza komunitateekin. Hartara, oldarraldi horiei aurreko egiteko estrategia bateratuez hitz egiteko garaia dela uste dut, alegia, bada garaia horrelako oldarraldiei aurre egiteko harresiak eraikitzeko.
»Duela hiru aste, euskal gizarteak lurraldearen luze zabalean erakutsi zuen euskaraz bizitzeko grina duela, eskubidezkoa duela eta, gainera, presa duela euskaraz bizitzeko. Jendarteak aurrera egiteko prestutasuna erakutsi du beste behin. Tamalez, alderdiei dagokienez, hizkuntza eskubideen gaiak ertzetan jarraitzen duen sentsazioa dut. Iruditzen zait ez dutela sumatzen karpeta hori ixteko beharra. Agendetan kokatu gabe jarraitzen du, nahiz eta hainbatek agendetan gorriz azpimarratuta dituzten hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa ahalbidetzeko edota komunitatearen ukaziorako helbu- ruak.
»Horrexegatik, ezin dugu luzaroan zain egon. Lanean jar gaitezen herritarren arteko bizikidetza eta kohesioa ahalbidetuko duen hizkuntza politika eragingarria eraikitzen eta bide horretan sortuko dituzten oztopoei aurre egiteko estrategia bateratuak sortzen. Kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politikarako eskubidearen karpeta itxi behar dugu berandu baino lehen».
LOLI GARCIA CCOOko idazkari nagusia
«Biktimen testigantza jaso eta espetxe politika gizatiar bat behar dugu»
«ETAren amaieraren pausokako zatiketak -alegia, lehenik, jarduera armatua eteteak eta, ondoren, desegiteak-, denboraren perspektibarekin, tragediaz eta zentzugabekeriaz betetako historia bat zuritzeko saio bat ematen du.
»Euskal gizarteak ETAren amaiera barneratu izanak oinarri demokratiko sendoak ezarri behar ditu, terrorismo politikoa berriro jasan ez dezagun. Horretarako, behar-beharrezkoa izan behar da biktimen testigantza jasotzea.
»Era berean, presoentzako espetxe politika gizatiar bat eskatu beharra daukagu, urrunketa amai dadin eta birgizarteratzeko eta adiskidetzerako orientazioa izan dezan, erreparazioaren eta barkamenaren oinarrian, talde armatuko kide izateagatik preso egondakoen omenaldiak etenda».
LOREA AGIRRE 'Jakin'-eko zuzendaria
«Beste indarkeriak bistaratzeko aukera zabalagoa da orain»
«Desegitearena bide orriaren azken urratsa izan da, baina, dudarik gabe, borroka armatua uzteko erabakia izan zen garrantzitsuena. Erabakia ezinbestekoa zen. Etorri behar zuen. Gaur egun ez dago beste biderik konfrontazio demokratikorako. Aldarrikapen eta helburu politikoak aldi eta modu berri batera ekarrarazi dira, hau da, demokraziaren arauetara; demokrazia oso inperfekto baten arauetara, hori ere bai. Eta, beraz, eta, horrenbestez, helburu politikoak lortu eta egikaritzeko bidea, demagun autodeterminazio eskubidea, modu demokratikoetara ekarri izanak aldi berean demokrazia bera demokratizatzeko bide bat zabaldu du; neketsua, lehen bezain, konplexua erabat, eta, ausardia, eskuzabaltasun autozentratua eta inteligentzia eskatzen dituena.
»Aurrera egin da indarkeria baten desagerpena gertatu den heinean. Ez dira indarkeria guztiak desagertu, bistan da; indarkeria mota asko dago gizartean, bai estatuek eurek herrien eta komunitate kultural-politikoen aurka eragiten dutena, eta baita estatuekin batera kapitalismo gero eta muturrekoagoak eta heteropatriarkatuak herritarren aurka eragiten dituztenak ere. Beste indarkeria horiek bistaratzeko aukera zabalagoa da orain eta ulertzeko borroka denen aliantzatik baino ezin dela aurrera egin. Batak bestea behar duela. Uste dut buruz buruko planoan zauriak ixten ari direla, jendea elkarrengana hurbiltzen, eta horrek eragin politikoa duela eta ekimen askotarikoagoak sortzen hasi direla eta hori beharrezko da.
»Korapilo denak ez dira askatu, jakina. Presoen eta iheslarien egoeraren konponketa urgentea da, oso. Uste dut hori dela borroka utzi, armak entregatu eta erakundea desegiteko bide orri horren azken urratsa. Beste dena gizartearen esku dago edo egon behar du: biktima guzti-guztien aitortza, errelatu konpartitu eta plural bat egiteko zintzotasuna, eta, oroz gain, plano anitzetan (hizkuntzaren berdintasunean, gizon-emakume berdintasunean, justizia sozialean, ekologian, ongizatean...) aurrera egingo duen eta denon harrera antolatuko duen gizarte solidario eta berdinzale bat posible dela egiaztatzen joango den praktika bat».
ABEL BARRIOLA Pilotari ohia
«Gatazkak asko iraun du, eta denborarekin dena sendatuz joango da»
«Dudarik gabe albiste oso positiboa izan zen, eta gertatu zenetik gauzek hobera egin dute, halabeharrez. Azken batean, gatazka bat dagoenean giroa nahasiagoa izaten da, eta ETAren indarkeria egotea ez zen onuragarria inorentzat. ETAren desagerpenak egoera asko lasaitu du. Egia da oraindik aurrerapauso gehiago eman behar direla, eta, besteak beste, presoak hurbildu behar direla. Gatazkak urte luzez iraun du, eta denborarekin dena sendatuz joango da.
»Aurrera egin dugu hainbat esparrutan, adibidez, gai guztiez normaltasunez hitz egiteko gai gara. Lehen, lagun artean politikaz hitz egitea saihestu egiten genuen, liskarrik ez sortzeko. Baina gaur egun, bakoitzak bere iritzia askoz errazago ematen du bestea mindu gabe. Gauza apala dirudi, baina garrantzi handikoa dela uste dut. Normaltasuna irabazi dugu.
»Gatazkak min handia sortu du alde batean zein bestean, eta beraz, min hori gutxitzeko ematen diren pauso guztiak beti izango dira positiboak. Besteak beste, presoak hurbiltzea eta ETAk onartzea eragin duen sufrimendua oso positiboa izango litzateke. Dena dena, uste dut gauza hauek guztiek denbora eta pazientzia eskatzen dutela, eta apurka-apurka egoera normalizatuz joango dela».
INES OSINAGA Gose taldeko abeslaria
«Elkarri begiratzeko eta elkar besarkatzeko pauso ikaragarriak eman dira»
«Azken urtean eman diren aurrerapausorik nabarmenenak herritik etorri dira, gizarte zibilak babestu, aurrera eraman eta dinamizatu dituen aldaketak izan dira. Herriaren ahalduntze horretan ikusten dut argia gure bidean. Uste dut bizikidetzan sekulako aurrerapausoak eman direla, nahiz eta ez diren beste batzuk bezain ikusgarriak izan, oso garrantzitsuak eta ausartak izan dira. Gure zauriak bizkarrean eramango dituen herri bat izango gara, baina zauriak zauri, elkarri begiratzeko eta elkar besarkatzeko pauso ikaragarriak eman direla uste dut.
»Klase politikoak preso politikoaz arduratu behar du. Hori da egiteko geratzen den lana. Premiazkoa da. Askotan ahaztu egiten gara herri honetan preso politikoak dauzkagula, eta benetan zama inportante bat dela. Jende asko daukagu etxetik urrun eta bada garaia presoen gaiari heltzeko. Guk jarraitu beharko dugu mobilizatzen, baina entzun behar duenak entzun beharko gaitu».