kultura
Ez dio hasteari utzi
Andoni Imaz
Donostiako Udal Liburutegi Sarearen lanetako bat «bertako bilduma zaintzea» da, Arantza Urkia zuzendariaren hitzetan, eta «ezinezkoa» egin zaie nobelaren urteurrenean programazio berezi bat ez egitea. «Obra aitzindaria da», Beñat Sarasola idazlearen hitzetan: «Modernitatea ekarri zuen nobelara». Udal Liburutegiak harengana jo zuen egitarau berezia antolatzeko, eta «obratik harago» joango diren ekitaldiak prestatu dituzte datozen hilabeteetarako.
Irailean izaten da Poesia Orduak zikloa Donostian, eta errezital musikatua egingo dute Egunero hasten delako liburuaren bueltan. «Literaturarekin lotuta Donostia Kulturak antolatzen duen ekitaldi nagusian», azaroko Literaktum jaialdian, Saizarbitoriaren obran oinarritutako ibilaldi literarioa egingo dute, baita nobelaren beraren inguruko mahai inguru bat ere.
«Ahalik eta programaziorik diziplinartekoena» osatzen saiatu dira, eta, horregatik, jardunaldi irekia egingo dute uztailean, EHUren Udako Ikastaroetan, Egunero hasten delako-ren inguruan. Ekitaldi gehiago egiteko asmoa dute datozen hilabeteetan. Ospakizunaren barruan, garrantzi handikotzat jo dute Erein argitaletxearen berrargitalpena.
Jatorrizko azala darama nobela berrargitaratuak, Alberto Corazon diseinatzaileak egina, «garai hartako kolorearekin», Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak azaldu zuenez. Azala aldatu izan da edizio batetik bestera, eta testua ere moldatu izan da denborarekin, «eguneratu, euskara batuaren bilakaerarekin batera».
Aldekoak nabarmendu zuen nola «zupatu zuen inguruko modernotasuna» Saizarbitoriak nobela idaztean. 1968ko maiatzeko «azken iraultza edo iraultza modukoa» gertatu zen garaian, idazleak inguruan gertatzen ari zena jaso zuen. Euskal Herrian «euskara batuarekin eta sekularizazioarekin» bueltaka zebiltzala, «beste mundu batetik zetorren Saizarbitoria».
Mundu zaharrarekin hautsi, eta Europako modernotasuna ekarri zuen Egunero hasten delako nobelak, Aldekoaren ustean. «Existentzialismoa jasotzen da, alienazioa, eta batez ere desinhibitze gazte hori». Gainera, landutako gaiak bat egiten zuen Europako garai hartako aldarrikapen zabal batekin: abortua, pilulak eta sexua, ugalketatik haragoko dimentsio batean ulertuta. «Teknikak eta kontamoldeak laguntzen du; nobelagile petoa da Saizarbitoria, baina edukia da benetan interesgarria», Aldekoarentzat.
Garai arteko garapena
Nobela idatzi zuen garaiko egoeraz hizketan, orduan asko erabiltzen zen azpigarapena hitza aipatu zuen Saizarbitoriak: «Erdipurdiko egoeran gaude gu; galdu ditugu gure garaiko gauza on batzuk, eta oraindik ere ez gara iritsi erabateko normaltasun garapen absolutu batera; beharbada bietako kalteak dauzkagu oraindik ere».
Nobela argitaratu zuen urte berean sortu zuten Donostian Lur argitaletxea, eta hura izan zen liburua ateratzeko bide bakarra, idazlearen ustean: «Lur sortu ez balitz, nobela hau ez zen argitaratuko». Aurkezpenean gogoan izan zuen «Ibon Sarasolak beste inork edukiko ez zuen sena literarioa». Harpidedun asko lortu zituen Lurrek, baina ez horrenbeste irakurle: «Guk nahi genituen militantziarik gabe, literatura gustatzen zitzaielako irakurriko zutenak».
Saizarbitoriak argi du: «Nobela ez zegoen gaztelaniaz argitaratzerik». Gerraosteko literaturan abortuaz «era naturalean» hitz egiten duen lehen liburua da Egunero hasten delako, baina igaro behar izan zuen zentsuraren galbahea ere. Antonio Arrue idazle eta politikariarengana jo zuen baimen eske, Gabriel Arestik hala esanda, eta, eskuizkribuak irakurrita, zera esan zion Arruek: «Beste hizkuntzetan egiten bada, euskaraz zergatik ez». Saizarbitoria: «Ez dut uste irakurriko zuenik».
Idazleak aitortu zuen «ardurarik eta erantzukizunik gabe» sortu zuela liburua, baina haren gaia ez zen edonolakoa: abortuaz ari zen. Lehenagoko literaturan, «tragedia» nagusitzen zen, Saizarbitoriaren ustean; «sukaldeko mahai gainean egiten ziren abortuen deskribapen izugarriak» etortzen zitzaizkion gogora. Dena den, uste du oraindik ere ez dela nahikoa hitz egiten abortuaz, ez dela nahikoa «desdramatizatu» eta, beraz, liburuarekin hasitakoa ez dela bukatu.