astekaria 2016/01/29
arrowItzuli

gizartea

Isildu egin dira Euskal Herriko uluak

Pello A. Zuazo

Isildu egin dira Euskal Herriko uluak

Iragan den asteburuan, Euskal Herriko azken lau otsoak hil zituzten Karrantzan (Bizkaia). Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenarekin, ehizaldiak egin zituzten larunbatean eta igandean. Lehenean, hiru otso hil zituzten; eta, bigarrenean, bizirik gelditzen zen azken ulua isilarazi zuten. Aurreko asteetan inguruko abereek jasandako erasoen ondoren hartu du diputazioak neurria. «Abereen babesaren eta ehizatzen ez den espezie baten kudeaketaren arteko orekari eustea izan da irizpidea», adierazi dute bertako iturriek.

Guztiz kontrajarria da Euskadiko Otso Taldearen ikuspuntua: gogor salatu dituzte ehizaldiak. Aldundiaren jarrera «hipokrita eta lotsagarria» dela azpimarratu dute. «Karrantzako eta Bizkaiko otso guztiak hiltzea nahi izan dute, ehiztariei ehizaldia egiteko inolako kuporik jarri gabe. Hori ez da orekari eustea», nabarmendu du Jorge Etxegarai taldeko kideak. Azaldu duenez, diputazioak argi eta garbi zekien Euskal Herrian otso talde ugalkor eta egonkor bakarra zegoela. «Haiek egindako dokumentu ofizialetan halaxe agertzen da, eta, hala eta guztiz ere, taldea akabatzea erabaki dute. Ustez abeltzainei kalteak eragin dizkietelako». Etxegarairen hitzetan, aldundiak «arduragabekeria itzela eta kudeaketa gaitasun eskasa» erakutsi du.

Gainera, salatu du Bizkaiko Foru Aldundia gune babestuetan ari dela animaliak hiltzen: «Natura 2000 Europako sare ekologikoaren barruan sartuta dauden guneetan otsoak hiltzen ari dira. Eta harrigarriena da Europako sare horrek aldundiari diru laguntzak ematen dizkiola gune horiek kontserbatzeko eta babesteko».

Bestalde, Euskadiko Otso Taldearen arabera, ez dago batere argi hilda agertu diren abere guztiak otsoen erasoen ondorioz hil direnik. Erasoak ikertzen dituzten adituen lana ere zalantzan jarri dute. «2010ean zortzi eraso gertatu ziren. Soilik herenak izan ziren otsoek egindakoak. Beste guztiak txakurrek egin zituzten», argitu du Etxegaraik. Horrela bada, abeltzain batzuek euren abereak zaintzeko gaitasunik ez daukatela iradoki du: «Abeltzainek otsoen erasoak egotea eragotzi behar dute: ganadua zaindu, gauetan itxituran bildu, txakurrak kontrolatu... Inork ez daki zein prebentzio neurri hartzen dituzten». Abeltzaintza tradizionala berreskuratu beharko litzatekeela aldarrikatu du, egungo baserritar askok «jokabide erosoegia» dutelakoan. Hori horrela, lehen sektorea diru laguntzek mantentzen dutela azpimarratu du, eta, hortaz, abeltzainek jokabide «arduratsuago bat» izan beharko luketela.

Beste ahots kritiko batzuk ere agertu dira. Atzo, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Elena Unzueta Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuaren dimisioa eskatu zuen; Eusko Jaurlaritzari ere legebiltzarrean berehala azalpenak emateko eskatu zion.

Otsoa, «amesgaiztoa»

Karrantzako abeltzainentzat, ordea, otsoa «amesgaizto» bihurtu da. Azken hilabetean erasoak areagotu egin direla azaldu du Joni Sainz abeltzainak: «Lau behi, bost ardi eta lau ahuntz hil dizkidate niri». Dioenez, Karrantza aldean 150-160 abere hil dituzte otsoek urtebetean. Sainzek bere ardura plazaratu du: «Inguru honetan ez daukagu industriarik, eta asko gara abeltzaintzatik bizi garenak. Ez dugu otsoa desagertzerik nahi, baina irtenbideren bat bilatu beharko da».

BERRIAn argitaratua (2016/01/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA