iritzia
M-1: matxinada horia
Joseba Alvarez
Azken sei hilabeteotan, gure arteko batzuk atentzio bereziarekin jarraitu dugu Jaka Horiek Estatu frantsesean sortu duten zurrunbilo politikoa eta eragin duten egoera berria. Haien inguruan idatzitakoak ere irakurtzen saiatu gara, batez ere, sare sozialetan. Izan ere, Estatu frantseseko ikus-entzunezko zein idatzizko prentsa nagusiaren jokabidea tamalgarria izan da. Dinamika instituzionalean murgilduta dagoen ezker politiko nahiz sindikalaren jokabidea ere ez da orain arte txalogarria izan, kontrolatzen ez duten matxinada sozial erraldoiaren aurrean.
Europako zein munduko botere ekonomiko nahiz finantzario handienek, planeta astintzen zuen krisialdi ekonomikoaren erdian, publikoki eta indarrez txalotu zuten Frantses Estatuko Macron presidente hautatu berriak inondik inora espero ez zuen matxinada sozialarekin egin du topo Frantses Estatuan. Bere burua politika egiteko modu berriaren (macronismoa) sortzaile gisa historiara eta entziklopedietara pasatuko zela pentsatzen zuen politikari egolatra amildegiaren aurrean jarri du azken hamarkadetan Estatu frantsesean ezagutu den mugimendu sozial indartsuenak, Jaka Horien mugimenduak. Eta Macronek, bereari eutsiz, amore ematen ez badu, Jaka Horiek amildegitik behera botako dute, inolako zalantzarik gabe. Hori ere jokoan baitago datorren abuztuan Miarritzen egingo den G7koen gailurraren atarian: nor izango da garaile Jaka Horiak ala Macron? Ez da txantxetakoa, beraz, Miarritzeko gailurrean jokoan dagoena eta jokoan duguna.
Ikuspegi politiko zein sozialetik oso aberatsa eta interesgarria da Jaka Horien mugimendua, eta ez soilik beraien borrokaren ereduarengatik -autonomia osoa, autogestioa, espazio publikoaren okupazioa, desobedientzia, ekintza zuzena, kolaboraziorik eza- edota partaideen aniztasunarengatik -sektore prekarizatuak, langileak zein klase ertainekoak- baizik eta baita denboran zehar beraien dinamika mantentzeko izan duten gaitasunarengatik ere. Eta hori guztia ezkerrean ohikoak izan diren aldarrikapen asko bereganatuz: prekaritatearen aurkakoak, poliziaren bortxakeriaren kontrakoak, demokraziaren aldekoak, aberatsen zergen aldekoak, migrazioaren aldekoak, herri kontsultaren aldekoak, aldaketa klimatikoaren aurkakoak, Macronen aurkakoak... Denborak erakutsi du eskuin muturrarekin zer ikusirik ez duen mugimendu soziala dela, eskuin muturrak manipulatzeko saio bat baino gehiago egin duen arren.
Nola azal daiteke horrelako mugimendu sozial zabala, indartsua, bat-batekoa eta antolakuntza aldetik hain sakabanatua, ezkerraren ohiko antolamenduetatik at sortu eta bideratu izana Frantses Estatuan? Ukaezina da jendartearen atal oso zabalaren egonezin politikoa eta ekonomikoaren aurrean ezkerra ez dela gai izan amorru hori ikusteko eta bideratzeko. Errealitate larria. Izan ere, gauzak aldatzeko ordua iritsi denean, ezker konbentzional instituzionalak ez du inolako sinesgarritasunik izan jendarte zabal horrentzat, eta Jaka Horiek nahiago izan dute beren bidea egin. Oso gertakari larria da ezker konbentzional eta instituzional frantsesarentzat, ez baikara manifestaldi batez ari, baizik eta Frantses Estatuko Macronen gobernua hankaz gora bota dezakeen dinamika oso batez. Frantses Estatuko ohiko ezkerra matxinada horretatik at geratu da.
Eta guri dagokigunez ere ez gara oso fin ibili. Euskal Herria ez dutela aitortzen, Marseillaise abesten dutela, bandera frantsesa daramatela eta horrelakoak esan ditugu mugimendu sozial erraldoi horrekin bat ez egiteko. Ez dugu dozena bat hildako, 2.200 zauritu (5 esku zartatu eta 23 begi lehertu, dozenaka birika zulatu, ehunka barne hemorragiak eta itolarri larriak eragin, milaka erredurak...) eta Eskubide Zibil eta Politikoen murrizketak (milaka atxilotu, ehunka espetxeratu, mobilizazioak debekatu...) ekarri dituen errepresioa indarrez salatu eta mugimenduarekiko elkartasuna behar den moduan adierazi.
Sareko azterketek adierazitakoarekin bat eginik, Parisko manifestaldian ikusi genuen Jaka Horien manifestaldian bildutako jendarte sektorea orain arte Frantses Estatuaren aldetik babes soziala, lana, oinarrizko bizi baldintzak, hezkuntza-osasun-garraio zerbitzu publikoak jaso izan dituen langile zein herritar klasea izan da, hau da, gaur arte soldata kobratuz ere beren egoera prekarizatzen ari dela ikusi duten milioika lagunena. Aldiz, aspaldiko hamarkadotan bazterketa sozialik gogorrenean bizi den sektore sozial baztertuena, banlieu direlakoetan bizi dena, ez zegoen benetan ordezkatua Parisko mobilizazioan. Horiek guztiek aspaldi galdu zituzten Frantses Estatuak eskaintzen omen zizkien eskubide, zerbitzu eta babes sozial guztiak. Agian horrek azal lezake orain arteko hiri handietako auzo beroetan Jaka Horien mugimenduaren presentzia oso mugatua izatea. Eta, bestalde, ezin ahaztu Jaka Horien mugimendua bera sorreraz nekazaritza munduan izan zela.
Bi hitzetan esanda, azken urteotan asko aberastu den elite ekonomikoaren aurrean, prekarizatzen eta pobretzen joan den langileriaren zein herritar sektoreen esparru zabala da Jaka Horien oinarrian dagoena, egoera bera pairatzen hasi diren klase ertainaren atal batzuekin batera. Horretan datza Macronen beldurrik handiena, Jaka Horien mugimendua langile eta klase ertainetan ez ezik, auzo beroetan ere erreferente bihurtzea. Eta horixe gertatuko da 2019ko Maiatzaren 1 honetatik aurrera, Macronek berak antolatutako Eztabaida Nazionaleko emaitzek ez baitute inor ase. Ondorioz, Maiatzaren 1ean bide luzea izango duen Jaka Horien eta sindikatuen bateratze estrategikoaren hasieran aurrean gaudela esango genuke.
Matxinada horia badator eta Miarritzeraino ere iritsiko da abuztuan. Frantses Estatuan gertatzen ari denaz zer hausnartu badugu bai Ezker Abertzalean, bai Euskal Herrian ere. Kapitalaren aurreko erantzuna eta erresistentzia prestatzen eta gogortzen hasi behar dugu Euskal Herri osoan.