astekaria 2019/05/03
arrowItzuli

politika

Desegite fasearen berrosaketa

Enekoitz Esnaola

Desegite fasearen berrosaketa

Gaur urtebete, Henri Dunant zentroak Genevan (Suitza) ETAren desegite adierazpenaren berri eman eta minutu gutxira, Judyta Wasowska zentroko goi arduradunetakoa Jesus Egigureni buruz galdezka zen, ea zer moduz zegoen. 2005-2007ko prozesutik ezagutzen zuten Egiguren PSE-EEko orduko presidentea. Zentrotik 300-400 metrora egin zen, hain zuzen, Espainiako Gobernuaren eta ETAren ordezkaritzen arteko lehen bilera, 2005eko ekainaren 21ean: President Wilson hotel luxuzkoan, Egigurenen eta Josu Urrutikoetxearen artean. Euskal gatazkaren konponbiderako lanean ziren ordurako Henri Dunantekoak, eta, gaur urtebeteko solasaldi hartan, PSEkoaren kontaktua eskatu zuen zentroko kideak. Gerora, elkarrekin harremanetan jarri, eta Egiguren uztailaren 2an Genevara joan zen, familiarekin, eta bost egun pasatu zituzten. Uztailaren 3an, Henri Dunanten izan ziren, eta ikusi zuten egoitzako toki preferentziazkoan ETAren desegite agiria jarria dutela, lau hizkuntzatan, koadro banatan -euskaraz, espainolez, frantsesez eta ingelesez-. Argazkiak atera zituzten, eta Henri Dunantekoek Egigureni aitortu zioten euskal auzikoa izan dela euren ibilbideko lanik garrantzitsuena. Emaitza argia zen: ETAren desegitea. ETAk berak bazeukan, ordea, azalpen bat bukaeraz: ezkerreko independentismoa indartzeko eta «nazio askapena» aitzinatzeko hartu zuen erabakia, zortzi urte lehenago ezker abertzaleak egindako estrategia aldaketaren azkeneko pauso modura. ETAren desegite fasea berrosatu du BERRIAk, garai hartako hainbat informazio iturri eta dokumentu erabilita, besteak beste.

ETAk iazko apirilean datatu zuen Zutabe aldizkariaren azkeneko zenbakia -114.a, 1958/2018 izenekoa-, eta Euskadi Ta Askasunaren eztabaida 2017-2018. Ondorio txostena atalean esan zuen borroka armatua alde batera uzteko «egoeren bila» aritu izan zela «beti». 2005-2007ko prozesuko negoziazio mahaian egin zuen jardun armatua uzteko proposamena, haren arabera, eta uste zuen Madrilek ez zuela «aprobetxatu» aukera. Halaber, erakundeak dokumentu batzuetan aitortu zuen halako prozesuetan ez zela behar beste prestatuta sartu, zenbait eztabaida egiteke zituelako.

2007an prozesua hautsi ondotik, ezker abertzaleak formalki 2009ko udazkenean hasi zuen estrategiari buruzko eztabaida. Orduan jarri zen mahai gainean, argi, estrategia politiko-militarra behin betiko uzteko planteamendua. ETAk gero onartu zuen eztabaidaren hasiera «ordua aldatu» gabe heldu zitzaiola berari, lehen aldaketek «jokoz kanpo» harrapatu zutela, beretzat «une kritikoa» izan zela, eta egoera «zatiketarik gabe» bideratzeko «ahalegin betea» egin behar izan zuela. Ezker abertzalean fronte politikoak hartu zuen gidaritza. 1995ean ETAren Alternatiba Demokratikoan horren lehen gakoak agertu baziren ere, Batasunak 2004an Anoetako proposamenean modu zehatzagoan marraztu zuten eskema, errei teknikoa (ETA-estatuak) eta errei politikoa (euskal eragileak) bereiztuz -azken Zutabe-n ere ETAk zioen «zuzendaritza fronte politikorantz lerratu behar zela» suposatzen zuela-, baina 2005-2007ko prozesuan ezker abertzale osoan bereizketa hori ez zen garbia izan. «Trantsizio hori egitea kostatu da», zioen ETAren zuzendaritzak iaz Txalapartari eta Gara-ri emandako elkarrizketa liburuan, «baina 2009-2010eko eztabaidan trantsizio hori konfirmatu zen».

2007ko hausturaren ostean, ETAk ere agortutzat jo zuen estatuekiko aldebikotasunaren eskema klasikoa, eta hori baztertzeak «on egin» ziola idatzi zuen bere azken aldizkarian. Euskal Herrira begira aritu nahi zuen, eta gatazkaren ondorioen arloa ere «negoziazio mahaitik kalera» eraman. 2011ko urriaren 20an iragarri zuen jardun armatuaren bukaera, Aieteko Konferentziaren ondoren, eta ordutik 2013 hasiera arte haren ordezkaritza Oslon egon zen, nazioarteko komunitatearen anparoan, Madrilekin eta amaiera aldera Parisekin atal teknikoez hitz egiteko asmoz, aldebikotasunaren eskemaren azken-azkeneko saio modura. Bi estatuek, ezezkoa. Hor hasi zen ETAren bukaeraren atzeneko fasea, hausnarketa berrituta. Proiektu politikoaren garapenerako, «ahalik eta azkarren» nahi zuen zikloa eta funtzioa amaitzea. Desarmatze prozesuko hasierako trabak traba -Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituen Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak, 2014ko bideoagatik-, ezker abertzaleak Abian prozesua 2016an maiatzean bukatu, eta handik aurrerako prozesua azkarra eta intentsoa izan zen: 2017an, ETAren armagabetzea; eta, gaur urtebete, desegitea.

Atzo David Pla konponbiderako ETAren ordezkaritzako kide ohiak kazeta honetan adierazi zuen bukaerako diseinua ez zela «bat-batean biribildu zen zerbait» izan, testuinguruaren arabera «moldatzen» joan zirela. 2016ko otsailean Zuzendaritza Batzordeak bereizi egin zituen desarmatzea eta desegitea, eta Plak berak duela bi urteko otsailean Gara-n iragarri zuen ETAk bere geroari buruzko gogoeta prozesua abiatzeko asmoa zuela udaberritik aurrera. Artean desarmatu gabe zegoen, baina bideratua zeukan gaia. Iragarpen harekin, «aurrea hartu» eta saihestu nahi izan zuten armagabetzearen ondoren jendeak presio egitea desegiteaz. Pla: «ETA joan zen erritmoa eta gestioa markatzen». ETAk 2017ko apirilaren 7an jo zuen bere burua erakunde desarmatutzat, agiri batean, eta biharamunean izan zen armagabetze eguna.


Kanbo. Kanboko (Lapurdi) nazioarteko topaketa, iazko maiatzaren 4an, ETAren desegitearen hurrengo egunean. Nazioarteko eta Euskal Herriko eragileak bildu ziren. Argazkian, adierazpenaren berri eman zutenak. JUAN HERRERO / EFE

2017an proposamena kideei

Ordurako zuzendaritzak prest zeukan ETAren zikloaz eta funtzioa. Proposamen politikoa dokumentua, hamabi orrialdekoa. 2017ko apirilean datatu zuen. Guztia ez zuen idatzi bukaeran, hainbat kontu lehendik gogoetatuak eta paper gainean jarriak zituelako. Dena dela, toxikazioak-eta saihesteko, erakundearen bukaerari buruzko idatzizko aipamen zehatzak amaierarako utzi zituen. Eta proposamena banatzen hasi ziren, maiatzetik aitzina. Harekin batera, erakundearen ibilbidearen eta 2009-2017ko aldiaren dokumentu bana ere bai. Eskutik eskura betiere, informazioa Poliziarengana irits ez zedin, kontrol neurri gisa. ETAk 2017ko irailaren erdialdeko agiri batean jakinarazi zuen hasia zuela barne eztabaida.

Parte hartze prozesu zabala planteatu nahi izan zuen: erakundeko kideek eta izandakoek jaso zituzten dokumentuak -ez denek, iristeko ezintasun batzuengatik-, eta haiek eman zezaketen botoa. ETAn egon ez ziren hainbatek ere jaso zituzten, nahi izatera ekarpenak egiteko. Guztiei aurrez galdetu zieten ea parte hartu nahi zuten. ETAk gero azaldu zuenez, 2.500-3.000 lagunengana iritsi zen.

Zuzendaritza Batzordeak iazko otsailerako osatua zuen Kideen ekarpenen bilduma eta azalpena txostena -data hori du, bederen-, eta martxoko Barne Komunikazio Orokorrean jakinarazi zuen bozketaren emaitza -maiatzean egin zen publiko hori-. Ekarpenen idatzian, aurkako iritzien artean esaten zen ETAk jarraitu egin behar zuela euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxean aske izan arte; ETAk segitu behar zuela ezker abertzalearen zuzendaritza funtzioa betetzen; edota erakunderik gabe helburuak ez zirela erdietsiko. Zikloaren bukaeraren planteamenduak, dena dela, aldekotasun handia bildu zuen, nahiz eta azaldu ziren zalantza batzuk ezker abertzalearen egoeraz eta gizartearen aktibazioaz, eta EAJren politika deitoratzen zen.

Botoa emateko hiru aukera zituzten kideek: bai, ez ala zuri. Erakundeak iazko otsailaren hirugarren astean jendaurrean adierazi zuen bozkatzen ari zirela, eta erabat desegingo zela bere militanteek alde bozkatuz gero. Argiak izan ziren emaitzak: botoa eman zutenen %93 proposamenaren alde agertu ziren, aurka %4, eta abstentzioa %3koa izan zen. Barne Komunikazio Orokorraren arabera, 1.335 kidek izan zuten boza emateko eskubidea. Prozesuan zehar zuzeneko hartu-emanak ere egin zituzten kideek. Besteak beste, kontuan hartu behar da 2013an Osloko gunea desegin zenetik aurrera, harremanak izateko eta beste, ETAk erabaki zuela zuzendaritza Euskal Herrian kokatzea eta jarduera ekartzea, horrek polizia operazioen arriskua areagotzea sortu arren. Dokumentu berak zekarren baztertu egin zutela ekinbide armatuaren ondorioak kudeatzeko behin-behineko batzorde teknikoa; batetik, desegiteko erabakia ezbaian ez jartzeko inork, eta, bestetik, ondorioen ataleko zenbait alor bideratuta ikusten zituelako. Armagabetzearen ostean berak atzemandako armategi bat entregatu egin zuen ETAk iazko apirilaren bukaeran, Baionan, Frantziako Poliziari kutxen kokapenaren berri emanda.


Bertiz. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iazko maiatzaren 4an, Bertizen (Nafarroa), ETAren desegitearen ondorengo ekitaldi instituzionalean. JESUS DIGES / EFE

Hiru adierazpeneko eskema

2018 hasierarako ETAren zuzendaritzak bazuenez bere proposamen politikoaren aldekotasunaren berri, desegite fasearen azken urratsa diseinatzeari ekin zion. Hiru adierazpeneko eskema osatu zuen: 1. Aberri Egunean «eusko gudariei» omenaldia. 2. Eragindako kaltearen aitortza. 3. Desegitearen jakinarazpena. Apirilaren 1ean argitaratu zuen lehen adierazpena, eta han iragarri zuen bukatzear zeukala eztabaida prozesua.

Apirilaren 20an argitaratu zen ETAk bere ibilbide armatuan eragindako kaltearen adierazpena. Apirilaren 8an zegoen datatua, armagabetzearen lehen urteurrenean. Otsaileko Kideen ekarpenen bilduma eta azalpena txostenean bazetozen eragindako kalteaz hainbat aipamen eta hausnarketa, eta zuzendaritzak dokumentu bat osatu zuen, beste kide batzuekin partekatzeko. ETAk Gara-ri eskainitako elkarrizketa liburuan zioen erabaki estrategikoen egokitasunaren kontrasterako azken boladan beretzat funtsezkoa izan zela Zuzendaritza Zabala. Kalteari buruzko dokumentua idazteko, ez zen parte hartze zabal-zabalaren bila joan, eta oinarrizko dokumentuak ez zuen funtsezko aldaketarik izan. ETAk Euskal Herriari: eragindako kalteari buruzko adierazpena izeneko idatzian, aitortu zuen «zinez sentitzen» zuela eragindako «samin handia», «enpatia» agertu nahi izan zuen, eta «barkamena» eskatu zien «gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten» biktimei. «Egia osoaren» alde eginda, «berradiskidetzea» aldarrikatu zuen, eta «gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko» eskatu. Zuzendaritzak desegite adierazpenaren aurretik plazaratzea erabaki zuen hura, gauzak bereiztearren.

ETAk 2018ko apirileko Zutabe aldizkarian jaso zituen Aberri Eguneko eta kalteari buruzko adierazpenak, baita eztabaidako ondorioen txostena, lurraldetasunaren inguruko idatzi bat eta ekinbide armatuaren zifrak-eta ere. Kasurako, 774 hildako eta 2.606 ekintza armatu hartu zituen bere gain. Biktimen artean, ordura arte aitortu gabeko bi gertakari: 1981ean Tolosan (Gipuzkoa) hildako hiru lagunen kasua -poliziekin nahastu zituztela zioen-, eta Madrilen 1974an jarritako lehergailu batena -hamahiru lagun hil ziren-.

Bukaerako hirugarren pausoa baino ez zitzaion falta ETAri: desegitearena. 2017ko Gudari Eguneko -irailak 27- agirian aurreratu zuen ziklo politiko berrian bera ez zela «eragile nagusietako bat izango». Foro Sozial Iraunkorrak iazko urtarrilaren 4an Bilbon emandako prentsaurreko batean zioen ETAren «desmobilizazioa urte politikoa amaitu aurretik» espero zuela; hots, beranduenez uztail erdirako. «Nazioarteko bitartekariek emandako datuetan» eta ETAk «jendaurrean adierazitako informazioetan» oinarritu zen hori esateko Foro Soziala.

Daten espekulazioa hasi zen orduan, batik bat Espainiako hedabideetan. Adibidez, argitaratu zen 2018ko uztailaren 31n desagertuko zela ETA, haren sorrera orduan izan zela jota -1958ko abenduan eratu zen ETA, baina Julen Madariaga sortzaileetakoak esana da 1959ko uztailaren 31n agertu zela erakundearen izena publikoki lehen aldiz dokumentu batean; erbestean zen Jaurlaritzari bidali zion idatzia orduan-. Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa hasi baino lehenxeago desegingo zela ere argitaratu zuten -ekainaren 14an hasi zen mundiala-, horrela oihartzun handiagoa lortuko zuelakoan. Informazio hobea izanik, Alberto Spektorowski HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak martxoaren 19an Donostian adierazi zuen maiatzaren lehen egunetarako espero zuela desegitea, «azken orduko ezustekorik ezean». Bukaera «oso argia» izango zela ere esan zuen.


Donostia. Sortuko zuzendaritzakoak eta ezker abertzaleko kide historiko ugari, maiatzaren 5ean, Donostian, ETAren desegiteari buruzko agerraldian. Hizketan, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia. JON URBE / FOKU

Azken eguneko formatua

Bazetorren amaiera. Formatua prest izan behar, eta horrek denbora bat eskatzen zuen: adierazpena egin, nork irakurri, nola, herrialdea, tokia... Xehetasunak lotzeko, gutxienez aste batzuk behar izan zituzten horretan ibili ziren eragileek. ETAk balorazio ona egiten zuen azkeneko urteetan Suitzak eta Norvegiak erakutsitako jarreraz, profesionaltasunez eta errespetuz aritu zirela iritzita: Osloko esperientzia hor zegoen, eta, Suitzari dagokionez, 1999ko maiatzean Veveyn Madrilek eta ETAk izandako bilera eta Henri Dunant zentroak 2005etik aurrera izandako engaiamendua ere bai. Genevan emango zen ETAren desegitearen adierazpenaren berri, Henri Dunanten; gainera, segurtasun juridikoa duen zentro pribatu bat da.

Formatuaz aukera batzuk izan ziren mahai gainean, eta azkenean ebatzi zuten zentroko zuzendari David Harlandek irakurtzea adierazpena, nazioarteko komunitateko berrogeiren bat kideren aurrean. ETAren ordezkari gisa, berriz, Marixol Iparragirre euskal presoak eta Josu Urrutikoetxea iheslariak leituko zuten, bakoitzak bere aldetik, aurretik egindako ahots grabazio batean. Kide historikoak biak ere. Urrutikoetxearen bideo bat ere egon zen, publiko egin ez zena. Idatzia ETAren beste ordezkari batek ere leitzeko asmoa egon zen, baina ezinezkoa izan zen. Desegitearen adierazpena laburra eta zehatza izango zen, eta lanketak ez zuen zailtasunik izan, eztabaida bukaerako testuetan bai baitzeuden termino nagusiak. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak apirilaren 20an zalantzan jarri zuen testuaren egiletza ETArena izango zela: «ETAk edo haren komunikatua idazten dutenek...».


Geneva. Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohia, iazko uztailearen 3an, Genevan, Henri Dunant zentroan, ETAren desegitearen adierazpenaren ondoan -lau hizkuntzatan atera zuten-. 2005-2007 prozesuan ezagutu zituen Henri Dunantekoak Egigurenek. BERRIA

Desegite data, maiatzaren 3an. Baina horretan zebiltzanek gordean zeukaten eguna. HNTk, Foro Sozialak eta Bake Bideak apirilaren 23an Baionan iragarri zuten maiatzaren 4an Kanbon (Lapurdi) Gatazkaren Konponbidea Aitzinatzeko Nazioarteko Topaketa egingo zela. 2011n lehendabizi Donostian Aieteko nazioarteko topaketa izan bazen eta hiru egunera ETAren jarduera armatuaren bukaeraren adierazpena, iazkoan, diskrezioagatik eta ezuste modura, aurrenik ETAren desegitea izango zen eta biharamunean Kanboko topaketa. Apirilaren 27an apurtu zen sekretua: El Mundo-k argitaratu zuen maiatzaren 3an ETAren desegiteaz «bilera» izango zela Genevan, Henri Dunant zentroan, 14:00etan. Zuzen zebilen El Mundo. Apirilaren 23an Suitzako eta Espainiako Atzerri ministroek batzar bat egin zuten, Bernan, nazioarteko gaiez aritzeko, orduan esan zutenez behintzat. Logikoki, Suitzako Gobernuak ordurako bazuen maiatzaren 3koaren berri.

Hasiera batean desegitearen albistea 19:00etan zabaltzekoa zen hedabideetan, nahiz eta ekitaldia 14:00etarako jarria zegoen. Halaber, lauzpabost hedabide baino ez ziren izango Henri Dunanteko hitzorduan -tartean, BERRIA-, baina El Mundo-ren filtrazioaren ondoren gaia asko zabaldu zen, eta komunikabide ugari agertu zen eguerdirako. Eta, gainera, maiatzaren 2an, ETAk euskal eragile askori bere bukaerako mamiaz apirilaren 16an datatu eta helarazitako gutun bat filtratu zen hedabideetara. ETArentzat garrantzitsua zen eskutitza aurrez helaraztea eragileei, baina dudak ere izan zituen, Genevakoaren aurretik publiko egingo zelakoan. Egin zen: eldiario.es-ek atera zuen, maiatzaren 2an, arratsaldeko lehen orduan.

Henri Dunanteko arduradunek gaur urtebete zioten beldur zirela ETAren biktimen elkarteren bat azalduko ote zen. Hilabete lehenago Covitek deitoratu egin zuen ETA «zuritzeko» bukaera fasea, Aiete II gertatuko zela iritzita, eta PPren gobernuari eskatu zion eragotzi zezala tankerako amaiera bat. Bukaerako ekitaldia, ordea, Suitzan zen, ez Espainian. Hala ere, PPren gobernuak egin zuen saiorik: maiatzaren 3an bertan, eguerdi aldera, Suitzako goi arduradunei deitu zien, Henri Dunantekoa eragozteko eskatuz. Kasurik ez; urtebete lehenago armagabetze prozesuaren azkenetan Frantziak egin ez zion bezala.

Eta egin zen desegite ekitaldia, 14:00etatik aurrera. Henri Dunantekoek aretoan zeudenei eskatu zieten 14:30 arte ez zabaltzeko berria. Ondoren, Iparragirreren eta Urrutikoetxearen grabazioak zabaldu ziren sarean. Bukatu zuen, beraz, ETAk, «erabat». Idatzian, dei egin zuen gatazkaren ondorioei aurre egitera, baita gatazkaren «muin politikoari eta historikoari» heltzera ere, eta erronkatzat jo zuen indar metaketa, herri aktibazioa eta «ezberdinen arteko» akordioak ardatz lituzkeen herri prozesu bat eraikitzea. «Erdietsi nahi dugun fase historiko berri horren mesedetan hartu dugu azken erabakia. ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da», zioen adierazpeneko azkeneko pasarteak.

Maiatzaren 4an, Kanboko topaketan, Arnaga etxean, nazioarteko eragileek ongietorria eman zioten haren erabakiari. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Urkullu ez ziren izan han; Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria bai, euskal gizarteko hamaika ordezkarirekin batera. Egunean bertan 120ren bat boluntario ibili ziren antolakuntza lanetan. Urkulluk gero esan zuenez, «duintasunagatik» geratu zen joateke, «ETAk beti gutxietsi izan duelako Jaurlaritza». Barkosek eta biek Bertizen (Nafarroa) egin zuten ekitaldi instituzionala.

Kanboko topaketa Frantziako Estatuko lurraldean izanik, Barne Ministerioa jakinaren gainean zegoen ezaugarriez, segurtasun kontuak-eta bermatzeko. Eric Morvan Frantziako Poliziaren zuzendari nagusiak euskal eragile bati aste batzuk lehenago, zehaztasunik emateke, esan zion gertutik jarraitzen ari zela ETAren bukaera aldia. Justuki, haren armagabetzean paper aktibo eta baikorra ukan zuen Morvanek, orduan Pirinio Atlantikoetako prefeta karguan zela.

Azkenetako neurri modura, ETAk ezkerreko militante independentisten, «bidean eroritako gudarien» senideen eta, oro har, erakundearen «ondokoen» artean desegitea iragartzeko eta azaltzeko orrialde bateko idatzia zabaldu zuen, eta, iazko maiatzaren 3ko datarekin, desegite adierazpenaz gain, bere kideei gutun bat helarazi zien -ikus 5. orrialdea-.

Bukatu zuen ETAk, erabat.

ETAren «azken idazkia»

Foro Sozialaren iritziz, gizarte zibilari dagokio «korapiloen konponbidea»

David Pla: «ETA desegiteko erabakia estrategikoa izan zen, irabazteko anbizioz hartua»

 

BERRIAn argitaratua (2019/05/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA