astekaria 2019/05/03
arrowItzuli

iritzia

Herri hezitzailea

Onintza Enbeita

Herri hezitzailea Onintza Enbeita

Gure gurasoek lan lotuak zituzten eta ordua baino lehen uzten gintuzten eskolako atean. Maribik ez zigun bakarrik egoten uzten, eta bere sukaldean hartzen gintuen. AndereƱo Laura gaztea zen orduan, baina ideiak argi zituen. Udaberriko lehen eguzkiak berotu orduko, inguruko baserrietara joaten ginen. Onomatopeiaz betetako hizkuntza pausatu haren bidez deskubritu genuen mundua. Gero etorri zen Maisu Jabi, eta koru txatxar bat osatu zuen eskolan: herriko jai guztietan kantatzen genuen txarto edo ondo. Gurean ohitura ziren etxez etxeko bertsoak berreskuratu genituen berari esker, eta kirol taldeak osatu zituen neska zein mutilentzat. Eskolan umerik ez zeukaten lagunak ere etorri egiten ziren hamabostero mendira, edo futbolean ari zirenak partidetara eramatera, edo eskolako egunean sukaldera. Semaforoak eskatzeko eskola osoa jaisten ginen errepidera, baina irakasle falta salatzeko herri guztia etortzen zen eskolara. Euskara eta umeak geunden erdian, eta herri osoa zebilen ardatz horien bueltan. Duela gutxi jakin dut horrelako zerbait dela herri hezitzailea. Gustatzen zait filosofia hori: ez bakarrik gu zoriontsuak izan ginelako, etorkizuna lantzeko ardura herri guztiak hartzen duelako baizik. Umerik ez dugunok ere herria gara, hezi gaituzte eta hezi dezakegu.

BERRIAn argitaratua (2019/05/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA