astekaria 2019/05/03
arrowItzuli

bizigiro

Hazia hazkurriaren iturri

Ainize Madariaga

Hazia hazkurriaren iturri

Munduko hazi eta agrokimiko enpresarik handienetakoa makurrarazi du Paul François laborari frantsesak. Ez, ordea, debalde, larrutik ordaindu baitu. Munduko lehen zigorra jaso du Monsantok, Lasso herbizidari dagokionez. Izan ere, duela 15 urte aldatu zitzaion bizitza Françoisi, Lassoren lurrun toxikoak arnastu zituenean, lainoztagailuaren tapa irekitzean, herbizida ezartzen ari zela.

«Uros nago, lurretan traktore gainean», esan du nekazariak, hor baita hobekien sentitzen. Are gehiago, Lyongo (Frantzia) kasazio gorteek arrazoia eman berri baitiote: Monsantok saltzen duen Lasso herbizida «akastuna» dela ebatzi du, eta Françoisen pozoitzearen arduradun egin dute konpainia.

«Nola irudikatu horrelakoak pairatuko nituenik segundo batzuetan gasa arnasteagatik», adierazi du. Hain zuzen ere, orenak aitzinatu ahala, trenpu sartzen hasi zen, eta bikotekideak larrialdietara eraman zuen. Hasieran, medikuek ukatu egin zioten gaia arnastu izanaren ondorioak pairatzen ari zela; hala, psikiatrikora igorri zuten, eta epilepsia ere aipatu zuten. Urte baten buruko, inguruak estuturik lortu zuten demostratzea intoxikazioa izan zela: mintzatzeko arazoak, mehetzea, akidura handia... Bortz hilabetez egon zen ospitalean, bihotzak 200 taupada minutuko izaten zuen, konortea galtzen zuen eta koman murgiltzen zen. Hortik aitzina, araberako tratamendua eman zioten eta sendatu zen. Haatik, hiru mezu garbi eman zizkioten: ezingo zuen produktu kimikoekin lan egin, eta ondorioak ukanen zituen sendatuta ere.

Laneko istripu gisa hartu bazuten ere, segurantza sozialak ez zizkion galdutako lanorduak ordaindu nahi.


Paul François laborari kaltetua. Pestizidak utzi eta biologikoan hasi da. L. FRANÇCOIS

Epaiketen epopeia

Horretan abiatu zen nekazariaren epaitegietako epopeia: 2010ean eritasun profesional gisa onartzea lortu bazuen ere, Monsantoren kontrako salaketa jartzea deliberatu zuen 2007an, ohartu baitzen herbizida hori Kanadan debekatua zutela, AEBetan eta Alemanian. Europak ere erabaki bera hartu zuen 2007an, «erabiltzaileentzat produktu lanjerosegia» zelakoan. Hamabortz urteko auzitegietako borroka malkartsuak hirugarren garaipena ekarri dio: kasazio gorteek behin betiko erabakia hartu berri baitute: «Etiketatze akastuna» edukitzeagatik, eta «produktu arriskutsua» izateagatik kondenatu baitute, oraingoz, Monsanto 50.000 euro ordaintzera abokatu gastuetarako. Françoisek tiroideko tumorea kentzeko ebakuntzatik bortz septizemia eta biriketako enbolia pairatu ditu. Ondoko hilabeteetan prozedurak segituko du kalte-ordainei dagokienez: «Borroka %99an irabazia dugu», esan du. Hots, Monsantok helegitea aurkez dezake, eta baliteke ere forman arrazoia ematea. «Haatik, funtsari dagokionez, erabakia gibela-ezinezkoa da». Edozein erabaki etorrita ere bera ez dela baretuko azpimarratu du, «ene emazte zenaren omenez». Orain, ustiapen osoan ekologikoan ari da nekazaria, eta Phyto-victimes elkartea sortu du, pestizidek kalte eginiko profesionalei begira. Iparraldeko eta Biarnoko hiru lagun dauzkate bertan.



Ikusten ez den mamua

Ezagunena Monsanto bada ere, gaia zabalagoa da. Mundu mailako hazi eta agrokimiken merkatua aztertu behar da. XIX. mendeaz geroztik hasi ziren haziak pribatizatzen eta saltzen; ordura arte trukean oinarritzen zen hazien mugimendua. Dena den, azkeneko 30 urteotan alorrak «erabateko aldaketa» jasan duela esan du Marc Badal Kristina Enea fundazioko teknikari-adituak, haziena ekoizpen agrokimikoekin uztartu baitute. Emeki-emeki, enpresa handiek txikiak irentsi dituztela gaineratu du Badalek: 2016ko datuen arabera, hiru konglomeratu handik (Syngenta-ChemChina; DuPont-Dow eta Monsanto-Bayer (Bayerrek Monsanto erosi baitzuen) kontrolatzen zuten munduko hazien merkatuaren %44,5 -GEO genetikoki eraldatutako organismoak barne-, eta agrokimikoen merkatuaren %60,4.

Horiek horrela, jokaldi borobila lortu dute hazien merkatuaren monopolioek: beraiek sortu dituzten pestizidak jasan ditzaketen haziak genetikoki moldatu dituzte. Ika-mika handia piztu du horrek mundu osoan, luzaroan gizakiarengan eta ingurugiroan eragin ditzaketen ondorioek kezkaturik. Adibidez, Bizi mugimenduak Peirahoradako (Landak) Monsantoren egoitza blokeatu zuen iragan urtarrilean. Ekainean hamar urte beteko ditu mugimenduak.

Europak GEO hazi bakarra ereiten baimentzen du: Mon 810 artoa. Elikagaien etiketan GEO den agertu behar da, baldin eta %0,9 baino gehiago bada. Espainia da Europako GEO ekoizlerik handiena: 115.246 hektarea iaz.

Frantziak, berriz, lege bidez debekatzen du GEO haziak ereitea. Haatik, kabalak bazkatzeko urtero inportatzen ditu lau milioi tona genetikoki eraldatutako soja -Roundup Ready, hau da Monsantok glifosatoz eginiko Roundup herbizida jasateko gai dena-, koltza eta artoa AEBetatik.

Lur emankorretan

Euskal Herriak baditu bere GEO hektareak: Nafarroa Garaian, Erriberan batez ere, iaz 8.100 hektarea arto landatu zituzten, horietarik 852 Alesbesen. Iragan irailean, Ekologistak Martxan elkarteak bultzaturik, Nafarroa Garaiko 50 herrik GEOrik gabeko gune deklaratu zuten euren burua Nafarroako Gobernuaren aurrean, hots, «biztanleen erdiek baino gehiagok», azaldu du Ester Montero Gonzalez kideak. «Itoizko urak monolaborantza ekarri du, Erriberako baratze historikoen ordez», esan du Badalek.

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, erkidegoaren legediaren babesari esker ez da GEOrik ekoizten, nahiz eta 2016an 0,88 hektarea ekoiztu ziren. «Non? Inork ez daki, ikerketa bat bultzatu genuen, baina segidarik gabe», adierazi du Roberto Ruiz de Arkaute Neiker erakundeko laborantza ekologikoaren teknikariak. «Ez dute jakinarazi nahi laborariek; Frantzian bezala, suntsi ez ditzaten».

«Euskal Herriko haragi guzia transgenikoz elikatua izan da, ekologikoa ez bada», azaldu du Badalek. Horren kontrako borrokan aurrean izan zen Jon Harluxet laborari duzunariztarra, lagunekin berpiztu baitzuen bertako arto gorria, izen bereko elkartea sortuz: «Biologikoan ari ginen, eta gure haziak erosten genizkion transgenikoak egiten zituenari!». Gaur, Iparraldean borroka politikoki «irabazia» dela uste du: «Hemen biologikoan ari garenak zainduak gara, legeari esker». Ez du sozialki posible ikusten transgeniko hitza daraman ezer berriz ere zabaltzea.

Aragoiko (Espainia) laborari-kide baten borroka eredu gisa hartu zuten: Antonio Ruiz. Comite Aragones de Agricultura Ecologicako lehendakari zelarik, sekulako borroka egin zuen, ekologikoan ari zen nekazari baten arto ekoizpenaren %32 kutsatu baitzuten auzoko pentze transgenikoek. Nazioarteraino iritsi ziren, demostratu zutelako GEO eta GEO ez denaren arteko bizikidetza ezinezkoa dela. Hainbertzerainokoa izan zen haien eragina, non AEBetako enbaxadako kideak hurbildu baitzitzaion «mehatxatzera», merkatua kolokan jar zezakeelakoan. «Borroka utzi nuen osasun arazoengatik», esan du Ruizek. «Amore eman behar ez bada ere, bizitzaren prozesuetan konfiantza ukan behar da». Alde batetik, GEOren irudi «txarrari» esker «gero eta gehiago» dira uzten ari direnak, eta, bertzetik, ikerketa berrien arabera, «29 belar txarrek erakutsi diete erresistentzia pestizidei».

Biharko Lurraren Elkartea ari da hazien etxe bat antolatzen, Gipuzkoan Aleka sortu duten bezala: «Euskal Herriko lehena izango da, hemengo haziak biltzen, biologikoak eta artisau moduan ekoiztuak», esan du Badalek.

BERRIAn argitaratua (2019/05/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA