kirola
ASIER GARITANO
«Realean ez ziguten utzi egiten ari ginen lana burutzen»
Aitor Manterola
Alavesera zoazela zabaldu da egun hauetan.
Irakurri dut albistea. Baina ez dago ezer Alaves eta nire artean; orain arte, behintzat. Abelardok esan zuenetik ez duela jarraituko, izenak azaldu dira, eta bat nirea da. Normala da halakoetan izenak agertzea. Ez daukat ezer gehiago esateko.
Izan duzu, hala ere, hartu-emanik Alavesekin?
Neuk ez, behintzat. Nirekin lanean ari direnak orain dabiltza ikusten zein taldetan behar duten entrenatzailea. Alaves dago egoera horretan, baina hortik aurrera...
Gauzatuko balitz Alavesen aukera, plaza ona, ezta?
Lana edukitzea ez da erraza Lehen Mailan. Oso entrenatzaile onak daude. Nire asmoa Lehen Mailan jarraitzea da.
Bigarren Mailara ez zarela itzuliko garbi daukazu, hortaz.
Hasiera batean, ez. Realetik bota nindutenean, burua bueltaka hasi zitzaidan, datorren denboraldian zer egin, eta aukeren artean bazegoen Bigarren Mailara itzultzearena ere. Baina jende guztiak esan zidan lasai hartzeko, Lehen Mailako aukerak ere izango nituela. Horretan ari gara, eta ea zerbait ateratzen den; bestela, zain egon behar.
Zu zabiltza lan bila ala taldeak zuregana etortzeko zain zaude?
Zain nago. Horretarako jendea daukat lanean, eta ni neu lasai nago, lehen egin ezin nituen gauzak egiten, denbora beste zeregin batzuetan pasatuz, beste gauza batzuk ikasiz, aukera etortzen denean gertu egoteko.
Izan dituzu eskaintzak Realak kaleratu zintuenetik?
Eduki ditut, baina Espainiatik kanpokoak, ligan ezin dudalako lan egin orain. Onena lasai egotea delakoan, ezezkoa esan nien.
Kaleratu eta gero eskaintzak jasotzea da botika onena nahigabea pasatzeko?
Lehen aldiz kaleratu naute, eta azken zazpi-zortzi urtean lanean ibili naiz. Hasieran zalantzak neuzkan nola egongo nintzen, baina gero hasten zara eskaintzak jasotzen, eta bai, poza ematen du. Azkenean, Realean oso denbora gutxi egon ginen, lau hilabete, eta konforme nengoen egindako bidearekin, epe luzerako lana zelako gurea. Baina ez zen atera, eta ikusi dut beste taldeek jarraitzen dutela ni baloratzen, lanerako eskaintzak egin izan dizkidatelako bitarte honetan.
Realetik bidali izanagatik zalantzan jarri dituzu orain arte hartutako bideak eta hor egindako lanak?
Futbolaren parte da entrenatzaileak kalera botatzea. Realean zer egin behar genuen garbi geneukan, gauzak aldatu egin behar genituen, eta horrek denbora eskatzen du. Horregatik egin ziguten hiru denboraldirako kontratua. Bigarren taldeko jokalariak ateratzeko eskatu ziguten, Kopan ilusioa sortzeko, eta gainditu genuen lehen kanporaketa. Ondo gindoazen, baina heldu zen abendua, eta kalera bota gintuzten. Pixka bat horrela geratzen zara, baina beste esperientzia bat da, eta orain ilusioarekin nago berriz.
Lehen Mailako beste talde batean orain berriz ere kale egitea arriskutsua izango zen zuretzat, Liga horretako ateak itxiko litzaizkizukeelako agian?
Ez dut horretan pentsatzen. Badakit nekeza dela Lehen Mailan entrenatzaile izatea. Hiru urte egin ditut nik oraingoz. Denboraldi bakoitzean ia hamar entrenatzaile joaten dira kalera. Presioa dago futbolean, dirua dela, telebista dela. Baina beti izan da horrela. Ni lasai nago, eta lanean jarraituko dut, ahalik eta ondoen prestatzen, gauzak ondo egiteko.
Zergatik ordaintzen du beti entrenatzaileak talde baten emaitza txarrak?
Futbolari buruz edozeinek hitz egin dezake, eta horregatik ere bada ederra. Entrenatzaileak ez gaude ondo ikusita, baina hau negozio bat da, jokoa ere bai, eta gauzak ondo edo gaizki atera daitezke. Ni oso pozik nago entrenatzaile izateagatik, lan ikaragarria delako.
Botere handiegia ez al daukate jokalariek taldeetan?
Ez dakit. Zuzendaritzakoek ikusi behar dute noraino heltzen den hori. Ez daukat esperientzia handirik. Leganesen bost denboraldi egin nituen, eta entrenatzaileak zeukan botere handia. Horretan sinesten dute han, eta ni gabe ere berdin jarraitu dute denboraldi honetan. Beste leku batzuetan zer dagoen ez dakit. Realean azken urteetan entrenatzaile asko egon dira.
Realean entrenatzaileak ez dauka Leganesen izan dezakeen babesa, hortaz.
Ez dakit. Bi talde ezberdin dira horretan, eta zein den ona eta zein txarra ezin dizut esan. Ziurra dena da ezberdinak direla entrenatzailearen gauzak eramateko moduan.
Zer ikasi duzu Realean bizi izandakoaz?
Beste esperientzia bat izan da. Lau hilabeteko lanaren balantzea egitea ez da erraza, normalak ez diren gauza asko gertatu zitzaizkigulako. Gure asmoa zen azpiko jokalarien maila ikustea, fitxaketak egiteko ez dagoelako diru asko, Anoetaren eraberritzean diru asko jarri delako. Ipinitako helburuak betetzen ari ginen, eta ez zait iruditzen lana txarra izaten ari zenik.
Zu joan zinetenetik taldeak atera dituen zenbakiak zu zeudenean bezalakoak dira, gutxi-asko. Arazoa ez zen entrenatzailearena, ezta?
Ez dakit. Ligan gero eta gorago nahi genuen ibili, baina helburua zen gazteak ateratzea eta ikustea, nolako maila duten jakiteko. Kopa geneukan helburu garrantzitsu moduan, baina gauzak amaitu gabe geratu behar izan ziren, ez ginelako iritsi, eta ez dago besterik.
Haserre eta minduta alde egin zenuen, ezta?
Bai. Etorri ginenetik gerora gauzak aldatu egin zirelako.
Zer zentzutan aldatu ziren?
Ideia aldatu zutela ezin da ukatu. Guk gure bidean jarraitzen genuen, eta epe luzeko lana zen. Hori zen hasierako ideia. Ezin dena da lau hilabeterako dena gauzatua ikusi nahi izatea, eta ez ziguten utzi lana burutzen.
Norbaitekin zehazki haserre bukatu zenuen?
Ez. Esan beharreko gauzak barruan esan nituen, eta kanpora begirakoak lasai-lasai botatzen ditut.
Oraintxe bertan Realak deituko bazizun, itzuliko zinateke?
Orain ez da berdina, gauzak aldatu egin dira. Realera etortzeko hizketan jardun genuenean, ikusi nuen gauzak aldatu egin behar zirela, eta ez zela urtebeteko kontua izango, gauza asko zirelako aldatu beharrekoak. Entrenatzaile guztiok ginen berriak, eta dena barneratu eta aldatzeko denbora behar da, eta ez dugu denborarik izan.
Eliteko futbol taldeetan faltsukeria gehiegi dago?
Nahikoa neukan nik nire egoerarekin.
Futbola ikusi eta ikusi ariko zara orain, ezta?
Bai, eta entrenatzaile lanean nenbilenean baino lasaiago. Ikusten ari naiz entrenatzaile batzuek nola egiten duten lan aste osoan, haiengana joanez. Ikusi dugun hori asteburuko partidan nola islatzen duten aztertzen ere ari gara.
Zein talde ikusi dituzu?
Denetarik. Bigarren B Mailako taldeak eta entrenatzaileak ikusi ditut, Bigarren Mailako pare bat, eta beste horrenbeste Lehen Mailakoak. Maila guztietan egiten da lan ona, eta denean dago zer ikasi, edozein lekutan.
Zer jokatzeko modu dago modan orain?
Lehen Mailan, hiru talde daude besteak baino askoz gorago, eta urte txarra eginda ere, bigarren edo hirugarren geratzen dira. Gero, beste taldeen artean lehian ibiltzeko uste dut modu batera jokatu behar dela. Ezberdintasunak jokalari onenek egiten dituzte, eta horrelakoak hiru talde handi horietan daude. Beste talde guztiek lan handia egin behar dute, eta goian daude talde horien artean Getafe, Sevilla, Alaves, eta orain Athletic, eta hori ez da kasualitatea. Atzetik aurrera eraikitako taldeak dira guztiak; bestela, oso nekeza da. Onenen parera heltzeko jokalari oso onak behar dira, edo bestela, beste bide bat hartu, orain goian dauden talde horiek hartu dutena.
Zergatik gustatzen zaizu horrela jokatzea, atzetik aurrera taldeak eraikiz?
Horrelako jokalariak eduki ditudalako. Gero, ikusi egin behar da talde bakoitzaren helburuak zein diren, eta horietara heltzeko nola jokatu behar den.
Bukatzeko, etziko derbiaz azkenekoa: Alaves eta Reala aurrez aurre Mendizorrotzan.
Alaves ez da ari emaitza onik ateratzen azkenaldian, baina Bilbon partida ona jokatu zuen aurreko jardunaldian. Realarentzat oso garrantzitsua izan da Getaferi irabaztea. Partida gogorra izango da, ea polita ateratzen den.