astekaria 2019/05/03
arrowItzuli

ekonomia

Bizitza lehenik, eta ezkerretik

Lander Muñagorri Garmendia. Ekhi Erremundegi Beloki. Iker Tubia. Iker Aranburu

Bizitza lehenik, eta ezkerretik

Espainiako hauteskundeen itzala ikusi da aurten Maiatzaren Leheneko manifestazioetan. Ezkerreko gobernua osatzeko eskatu diote CCOOk eta UGTk Pedro Sanchezi, eta alderdien ideologia ofiziala gorabehera, «ezkerreko politikak» aldarrikatu ditu ELAk, «jendearen arazoei» aurre egiteko.

Iaz morez tindatu ziren Maiatzaren Leheneko manifestazioak, martxoaren 8ko greba arrakastatsuari jarraipena emanez. Aurten ere utzi du bere arrastoa mugimendu feministak, haren lelo nagusietako bat -bizitza erdigunean jartzea, eta ez sistema produktiboa- baliatu dutelako ELAk, LABek eta beste sindikatu txikiago batzuek beren mezuetan.

Ipar Euskal Herrian berezia izan da Maiatzaren Lehena, han indarra duen sindikatu abertzaleak, LABek, lortu baitu hainbat urtez jasandako bazterketa gainditzea. Lehen aldiz, CGTrekin joan da eskuz esku, hainbat gizarte mugimendurekin batera.

Hona hemen sindikatu bakoitzaren mezu nagusia:

ELA
EAJri kritika zorrotza

Estreinako Maiatzaren Lehena izan zuen Mitxel Lakuntzak ELAko idazkari nagusi gisa, eta, hauteskunde ziklo baten hasieran egonda, alderdi politikoei ezkerreko politikak eskatzeko baliatu zuen: «Klase politiko guztiari eskatzen diogu balio jakin batzuen aldeko konpromisoa: berdintasun, solidaritate eta askatasunaren aldeko konpromisoa. Ezkerreko politikara itzuli behar da, jendearen arazoak aintzat hartu. Ezkerra behar dugu, kalean, lantokietan eta instituzioetan».

Bilboko ekitaldia EAJri kritika zorrotza egiteko ere erabili zuen Lakuntzak, Andoni Ortuzar jeltzaleen buruak Aberri Egunean ELAren aurka egin zituen adierazpenei erantzunez: «Leporatu zigun grebak Euskadiren aurka egitea; argi gera dadila: guk ez dugu inoren kontrako grebarik egiten, jendearen lan baldintzak hobetzeko baizik. Bere alderdiak grebarik ez egotea nahi badu, erraza dauka: bermatu dezala agintzen duen administrazioen esku dauden lan baldintzak duinak izango direla». Bien bitartean grebak egiten jarraituko dutela ohartarazi zuen, «lan hitzarmen on bat lortzeko bide bakarra» delako. ELAk erresistentzia kutxa ezinbesteko tresnatzat dauka grebek arrakasta izan dezaten, eta horregatik %22 gehituko du, eta hilean 1.100 euroko ordaina bermatu. «Badakigu hau dela inbertsiorik onena: borroka egiten dutenetan inbertitzea».


LABek Gazteluko plazan batu zituen Iruñeko zenbait lekutatik abiatutako zutabeak. JAGOBA MANTEROLA, FOKU

LAB
Borrokak, grebak eta batasuna helburu

Sektorekako borroken batasuna irudikatu zuen atzo LABek. Iruñeko zenbait tokitatik abiatu ziren gazteen, emakumeen, migranteen eta pentsiodunen blokeak, eta gero bat egin zuten manifestazio nagusian. Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak bi erronka nagusi aipatu zituen prekaritateari aurre egiteko: «Batetik, lan zentroetan borrokak eta grebak aktibatzen jarraitzea, eta, bestetik, langileei orokorragoak izango diren erantzun markoak ahalbidetzea».

Aldarrikapen komunen inguruan «klase subjektua berrosatzeko» oztoporik ez dela azpimarratu zuen. «Momentu honetan zergatik ez, adibidez, 1.200 euroko oinarrizko soldataren aldeko mobilizazio orokor bat edo greba bat?». LABek borrokak batzeko apustua egin zuen, borroka sektorialak indartuko dituelakoan.

Horrekin batera, «kapitalarekin hausteko borrokan» urratsak egin direla azaldu zuen Aranburuk: «Kalean eta lantokietan, baita hautetsontzietan ere»..

Klase borroka eta nazio askapena ere lotu zituen LABek: «Sindikalismo abertzaleak ezin du erlatibizatu borroka nazionalaren garrantzia. Hemen erabaki nahi dugu, eta dena erabaki nahi dugu». Bide horretan ere, aliantzen alde egin zuen Aranburuk. Bestelakoak gogoan izan zituen: Alde batetik, lanean hildakoak: gogoratu zuenez, iaz 68 langile hil ziren lan istripuetan, eta aurten hamasei.


CCOOko eta UGTko kideen manifestazioa, Bilbon. MARISOL RAMIREZ, FOKU

CCOO, UGT
Espainiari begira, Nafarroako Gobernua miran

Batukadaren erritmoari jarraikiz atera ziren kalera CCOO eta UGT Iruñean, bi mezu nagusirekin. Alde batetik, Espainian sortuko den gobernu berria ezkerrekoa izan dadila, eta langileen eskubideak agenda politikoan egon daitezela. Bestetik, Nafarroako Gobernuari kritika egin zioten: «Elkarrizketa soziala eta enplegu plana zor digu Nafarroako Gobernuak». CEN patronalaren egoitzaren aurrean bukatu zuten manifestazioa.

Bi sindikatuek Espainiari begiratu zioten batik bat. Jesus Santos UGTko idazkari nagusiak Pedro Sanchez zoriondu zuen, baina ohartarazi zuen harekin «oso zorrotzak» izanen direla. «Zezenari adarretatik heltzeko garaia da, ez dago aitzakia eta luzamenduetarako tarterik». Lan erreforma alboratzeko eta «patronalaren eta sindikatuen arteko oreka bermatuko duen» negoziazio kolektiboa eskatu zituen.

Santosek Nafarroako Gobernuari egotzi zion lan istripuen gorakada. «UGT eta CCOO lan arriskuen prebentziorako kudeaketatik bota gintuen, istripuen kontrako borrokarako programak kendu zituen, eta haien ildoko sindikatu arduradun bat jarri zuen Lan Osasuneko sekzioaren buru. Horrekin dena okerrera joan da».

Antzeko bidea hartu zuen Chechu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak, eta agenda soziala erdigunean kokatzeko beharra azpimarratu zuen. Borroka feminista goraipatu zuen Rodriguezek, eta Espainian ezkerreko hitzarmena «inoiz baino beharrezkoagoa» dela azaldu zuen.


ESKren, Steilasen eta CGTren manifestazioa. ARITZ LOIOLA, FOKU

STEILAS, ESK, CGT, CNT
Prekaritatearen aurkako aldarrikapena

Manifestazio koloretsua egin zuten Steilas, ESK eta CGT sindikatuek Bilbon, haien ekitaldira batu zirelako Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko kideak, Navaleko langileak eta beste talde batzuk ere. Arriaga antzokiaren parean egindako ekitaldian «prekaritatea amaitzeko ordua» dela eskatu zuten. «Lana ez duten eta lana duten pertsonen prekaritatea bukatu behar da: lan eta gizarte prekaritatea. Bizitza erdigunean jartzeko garaia heldu da». Sistema heteropatriarkalaren aurka ere egin zuten, emakumeek lan eremuan baldintza kaskarragoak dituztelako. «Emakumeen garaia da, eta azken bi greba feministak hasiera baino ez dira; behar dugun eraldaketa sakona feminista izanen da, edo ez da izango».

CNT sindikatuak bakarrik egin zuen manifestazioa Bilbon, eta bertan «duela 200 urteko aldarrikapenak» egin zituzten Luis Fuentes sindikatuko ipar eskualdeko idazkari nagusiaren arabera. «Zortzi orduko lan ordutegia dago legez, baina denok dakigu hori ez dela betetzen, eta hamar ordu edo gehiagoko lan egunak dituztela askok; horregatik oinarrizko aldarrikapenak egiten jarraitu behar dugu».


CGT, LAB eta hainbat gizarte mugimenduk deitutako manifestazio bateratua, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU

CGT-LAB-GIZARTE TALDEAK
Batasuna, eta borroka aniztasuna

Batasunaren argazkia eman zuten sindikatuek eta herri mugimenduak atzo, Baionan. Elkarrekin esplotazioaren kontra, aitzinamendu sozialaren eta ekologi- koaren alde lelopean, lehen aldiz elkarrekin egin zuten manifestazioa LABek eta CGTek; deialdira batu ziren Bizi taldea, gazte mugimendua, Etorkinekin kolektiboa, eta talde feministak batzen dituen EBA Egiazko Berdintasunaren Alde plataforma. Ehunka jende elkartu ziren, Maiatzaren Lehenean Baionan aspaldi ikusi gabeko irudia eskainita. 6.500 izan ziren, antolatzaileen arabera.

Gazte blokea izan zen abiatzen lehena, eta Baionako presondegitik tren geltokirako ibilbidea egin zuen, G7koen gailurraren eta kapitalismoaren kontrako oihu artean. Higiezin agentzietako leihoetan eta kutxa automatikoetan margoketak ere egin zituzten. Manifestazio bateratura elkartu ziren ondotik.

Sindikatuen eta gizarte eragileen elkarlanaren aldeko mezuak izan ziren nagusi mobilizazioan. «Urrats handia da, eta espero dugu aurrera begira horretan segitzen ahalko dugula», adierazi zuen Enaut Aramendi LABeko ordezkariak. Haren iritziz, elkarlanaren bidean egindako urratsak ez du atzera-bueltarik eta etorkizunean «beste urrats txiki batzuk» emateko balioko du. LABeko kideak nabarmendu zuen manifestazioan «kapitalari ez eta biziari bai» esateko mobilizatu direla. Azken urteetan, LABeko kideek beste sindikatuen gibeletik egin izan dute manifestazioa.

Aurten departamenduko intersindikalik osatu ez denez, Baionan LABekin elkartzea erabaki zutela azaldu zuen Sam Hourquescos CGTko ordezkariak, ondoko ekitaldietarako aldian-aldian erabakiko dutela argi utzita: «Lan bilkura batera deitu gintuen LABek, eta bat egin genuen aldarrikapen multzo baten inguruan , ez da zaila izan ados jartzea». Pozik agertu zen bildu den jende multzoarekin; «olde berri baten hasiera» izanen dela espero du.

Biziki «kontent eta baikor» agertu zen Txetx Etxeberri Biziko arduraduna. «Biziki inportantea da, aurten mobilizazio ziklo garrantzitsu bat izan delako, Jaka Horiak, manifestazio sozialak, klimaren aldeko martxak eta gazteen greba... Bide onean gara».

Maiatzaren Lehena munduan: gorri, hori eta beltz

BERRIAn argitaratua (2019/05/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA