astekaria 2016/01/29
arrowItzuli

politika

Susmo hutsen itzalpean

Hodei Iruretagoiena

Susmo hutsen itzalpean

Aurkakorik frogatu ezean, errugabetasun presuntziorako eskubidea du susmagarriak. Edozein susmagarrik. Oinarrizko printzipioa da hori zuzenbidean. Giza eskubide bat da, azken batean, nazioarteko aldarrikapenetan hala onartua. Joan den astean, Europako Batzordeak proposatutako zuzentaraua onartu zuen Europako Parlamentuak, eskubide hori indartzeko asmoz. Zehazki, «errugabetasun presuntzioari eta epaiketan egoteko eskubideari buruzko gutxieneko arau komunak» ezartzeko xedearekin.

Testuan bertan onartzen denez, Europako Batasuneko estatu askotan ohikoak dira eskubide horren urraketak; bai estatuen beraien aldetik, bai hedabideen aldetik. Euskal Herrian ere hamaika aldiz ahaztu izan da, epai irmorik ez den bitartean, errugabea dela auzipetua. Oso modu agerikoan, kasu batzuetan. Askotan geratu izan dira eskubide horiek «terrorismoaren aurkako borroka» deitutakoaren itzalpean. Barne Ministerioek itzal luzea izan ohi dute gizartearen aurrean, batez ere, hedabideek luzatzen laguntzen badiete.

EH Bilduko europarlamentari Josu Juaristik balorazio baikorra egin zuen zuzentarauaren inguruan, eta gogora ekarri zituen «Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan» izan diren jarrerak: «Espainiako agintari eta ordezkari publikoen kriminalizazio politika oso ohikoa izan da». Europako Abokatuen Kontseilua ere pozik agertu da, eta elkarlana eskatu die erakundeei, halako neurriak indartzeko.

ZUZENTARAUA

«Prozesu justurako eskubidea indartzeko» ekintza plana 2009an onartu zuen Europako Kontseiluak ?aurreko legealdian hiru zuzentarau atera zituzten aurrera?. Batzordeari eskatu zion errugabetasun presuntzioari buruzko atala zehazteko, eta hark egindako txostena onartu du orain parlamentuak.

Bereziki, pertsona fisikoei begirakoa da onartutako araua ?ez pertsona juridikoei buruzkoa?, eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari dagokio hura interpretatzea. Susmagarri bat delitu batekin lotzen denetik, hura epaitu eta azken epaia eman arteko tartea biltzen dute testuan aipatzen diren irizpideek. Orain, bi urteko epea dute estatuek beren legeak arau berrira egokitzeko.

ADIERAZPEN PUBLIKOAK

Zuzentarauak zehazki debekatzen du «agintari publikoen deklarazioek edo ebazpen judizialek (zigor epaiak ez direnean) susmagarri edo akusatu bat errudun aurkeztea». Ministroak, poliziak edo beste kargudun bazuk aipatzen dira. «Ezin dute erakutsi pertsona horren erruduntasunaren inguruko iritzirik».

Horrek hainbat kasu ekar ditzake gogora, denboran oso atzera joan beharrik gabe. PSOEren gobernuko Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak esandakoa, 2009ko azaroan, Segiko kide izatea egotzita 34 gazte atxilotu ondoren: «ETAren harrobiari burua moztu diogu». 2010ean, Askapenaren aurkako operazioaren ondoren, atxilotuak «ETAren GKEaren» parte zirela zabaldu zuten.

Jorge Fernandez Diaz (PP) ministroa ere ez da atzean geratu halakoetan. 2013ko irailean, Herrira-ren aurkako operazioaren ostean, atxilotuak «ETAren garroa» zirela ziurtatu zuen, «kide eta zuzendari» zirela. Auzitara jo zuten ondoren atxilotuek, epaitu aurretik delitu larriak egotzi zizkielako ministroak.

Ez dira halako asko iritsi auzitara. Eta, bidea eginda ere, oso gutxi izan dira kaltetuen aldeko erabakiak. 2011ko ekainean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia da horietako bat: Espainia zigortu zuen, Jose Inazio Lizaso Azkonobietaren salaketa aintzat hartuta. Lizaso Azkonobieta 1994an atxilotu zuten, eta bost egunez inkomunikatuta eduki. Gipuzkoako gobernadore zibila zen garai hartan Jose Maria Gurrutxaga, eta prentsaren aurrean ETAko komando bateko kidetzat jo zuen atxilotua, hiru atentatutan parte hartu zuela esanda. Espainiako Estatuak 12.000 euro eman behar izan zizkion «kalte moralengatik».

HERTSATZE FISIKOA

Adierazpenak ez ezik, irudiak ere zaindu beharrekoak dira, zuzentarauan zehaztu dutenez. «Susmagarri edo akusatuak ezin dira erakutsi hertsatze fisikorako neurriekin». Eskuburdinak eta kristalezko «kaiolak» aipatu dituzte, besteak beste, neurri horien artean. Onartutako testuaren arabera, «kartzelako arropa» jantzita ere ezingo dira egon auzipetuak publikoaren aurrean.

ISILIK EGOTEKO ESKUBIDEA

Isilik egoteko eskubidea da zuzentarauan aipatzen duten beste puntu garrantzitsuetako bat. «Isilik egoteko eskubidea eta norbere buruaren aurka ez deklaratzekoa ezin dira erabili susmagarriaren edo akusatuaren aurka». Hori ere zalantzan egon izan da askotan Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2014ko urrian, esaterako, ETAko ustezko kide bat zigortu zuten ahozko epaiketan «isiltasun adierazgarria» erakutsi zuela argudiatuta. Hala idatzi zuten epaileek: «Deklaraziorik ez egiteak esan nahi du ez dagoela azalpen posiblerik auzipetuaren aurkako frogei balioa kentzeko».

Eskubide horren harira, torturaren eta tratu txarren debekua argi jaso dute joan den astean onartutako testuan, eta gogora ekarri dute behartuta egindako deklarazioek ez dutela baliorik. Euskal herritarrek sarri salatu izan dute torturapeko deklarazioetan oinarrituta zigortu izan dituztela Madrilen.

FROGEN KARGA

Auzitegi Nazionalean aritu ohi diren abokatuek askotan aipatu izan dute «erruduntasun printzipioa» ezarri izan dela han, eta ez dela errespetatu «oinarri-oinarrizkoa» dena ere: akusazioek frogatu behar dute delitua. Hori ere bakadar gogora Europako Parlamentuak onartutako zuzentarauak: akusazioei dagokie karguak frogatzeko karga.

BERRIAn argitaratua (2016/01/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA