astekaria 2016/01/29
arrowItzuli

kultura

HANSEL CEREZA

«Beharbada, Donostian ezin da arriskatu: betikoa egiten jarraitu behar da»

Ane Urrutikoetxea

«Beharbada, Donostian ezin da arriskatu: betikoa egiten jarraitu behar da»

«Nahasia, minduta eta haserre» dago Hansel Cereza. La Fura dels Baus antzerki taldeko zuzendari ohiak diseinatu zuen Donostia 2016 kultur hiriburutzaren larunbateko hasiera ekitaldiko ikuskizuna, eta herritarrek gogor kritikatu dute ekoizle katalanak Maria Kristina zubian sortutako Elkarbizitzaren zubia argi eta itzal emanaldia. Ikuskizunak 660.000 euroko kostua izan du, eta bi hilabetean diseinatu dute. Cerezak dagoeneko utzi du Donostia, eta ez du ulertu ikuskizunaren aurka egin dutenen jarrera.

Zer esan franko eman du D2016ren hasiera ekitaldirako diseinatu duzun ikuskizunak; pozik al zaude emaitzarekin?

Bai, pozik nago emaitzarekin, helburuak bete ditudalako; baina minduta eta haserre nago jasotako mezu askorekin. Proiektua D2016ko arduradunekin batera diseinatu genuen elkarlanean, eta ez da Bartzelonan edo beste lekuren batean pentsatu: hasieratik Donostian eraikitako proiektua izan da. Hasieratik, D2016ko ordezkari, langile, arduradun eta teknikariekin landu dut ikuskizuna; hasieratik izan da guztiok batera eraikitako lana. Beraz, bai, pozik nago elkarlan horren emaitzarekin.

Askok esan dute emanaldia ez zela ulertu eta ez zela ondo ikusi.

Erabateko zuzenekoan eskainitako produktu baten emaitza ez da beti nahi bezain ona: halako dimentsioak dituen zuzeneko proiektu batek beti ematen ditu gauza onak eta ez horren onak, eta erraza da zerbait gaizki ateratzea. Zuzenekoaren ajeak dira. Larunbateko ikuskizunaren emaitza ez zen ulertu; diseinatutako amaiera ez zen iritsi herritarrengana: hori hala da. Baina jaso ditudan mezu asko tokiz kanpo daudela iruditzen zait. Ez dakit zer esan nahi duten kritika horiek guztiek; uste dut ez direla soilik ikuskizunaren aurkako kritikak, nire aurkako eraso zuzena baizik.

Udal ordezkarien eta D2016ko arduradunen onespenarekin landu zenuen ikuskizuna, ezta?

Bai noski, hasieratik. Larunbateko ikuskizuna nire eta D2016ren arteko koprodukzioa da. Duela bi hilabete jarri ziren nirekin kontaktuan, proiektu arriskatua eta garaikidea nahi zutela esanez; Donostiara etortzera gonbidatu ninduten, eta ekitaldiak izan behar zuenaren briefing bat erakutsi zidaten. Bertan, halakoetan egiten den moduan, ekitaldia sortzeko zituzten ideia eta betebeharrak azaldu zizkidaten. Dagoeneko zehaztuta zeuden ikuskizunaren oinarri kontzeptual eta filosofikoak, baita bete beharreko helburuak ere. Oinarri horiek ezagututa, nik nire ikuskizunaren diseinua erakutsi nien antolatzaileei. Proiektuaren oinarri nagusia herritarren parte hartzea zen. Nire diseinuarekin gustura gelditu ziren antolatzaileak, eta aurrera egin genuen.

Soilik bi hilabete izan dituzu ikuskizuna antolatzeko; nola aterako zen denbora gehiago izanda?

Errekorreko denbora batean eraiki genuen ikuskizuna. Halako emanaldiek, gutxienez, sei hilabete behar dituzte ondo planifikatzeko. Dena den, hori ez da aitzakia, zeremonia egitera iritsi baikinen: ez zen ezer airean gelditu. Ikuskizunak ez du harrera onik izan gure apustua arriskatua izan delako, ez denboraz larri ibili garelako. Ibaian egitea arrisku bat zen zen, eta, ziur aski, Kontxan egiteak ez zekarren halako arriskurik. Baina beti Kontxara begira egon behar al dugu?

Nire ustez, D2016 daramaten arduradunek bestelako ikuskizun bat eskaini nahi zutelako aukeratu genuen ibaia; gauza berriak eta ezberdinak proposatu nahi dituzte, baina, beharbada, ez dute asmatu, herritarrek ez dutelako ondo hartu berritasun hori. Dena den, nik ez dut inor konbentzitu ikuskizuna ibaian egiteko; denon artean eraikitako proiektua izan da, eta beti D2016ren onespenarekin egin dira gauzak.

Ibaiaren ertzetan jendea pilatu zen, baina ez zuten ikuskizuna ondo ikusterik izan; ez al zenuten hori aurreikusi?

Donostiara iritsi nintzenean, bi espazio proposatu zizkidaten ikuskizuna eraikitzeko: batetik, Kontxa; bestetik, Maria Kristina eta ibaia. Bigarren aukera merkeagoa zen, eta herritarrei espazio berri bat eskaintzen zien; betikoa ez errepikatzeko alternatiba ona zirudien. Lanean hasi ginen, herritarren parte hartzea izango zuen ikuskizuna sortzeko: musika eta ikus-entzunezkoak oso garrantzitsuak ziren nire proiekturako. Alde horretatik, onartu beharra dago ikus-entzunezko ekipoak ez zuela lan txukunik egin. Telebistak eskainitako irudi sortak eta pantaila erraldoietan ikusi zenak ez zuten modu zuzenean jaso zuzenean gertatutakoa. Zeremonia telebistarako diseinatuta zegoen, baina jarritako azpiegiturak ez ziren nahikoak; ia irrigarriak izan ziren. Gainera, hainbat kamerak huts egin zuten; ez da haien errua, baina horrek ere oraindik gehiago zaildu zuen jarraipen on bat emateko aukera. Telebistak ez zituen bete zeremoniaren helburuak. Ondorioz, jendeak ezin izan zuen behar bezala ikusi espektakulua.

Kontxa aukeratuta hobeto aterako zen ikuskizuna?

Nahi izanda ere, Kontxan ikuskizuna egiteko diru nahikorik ez zegoen; hori izan zen ibaia aukeratzeko arrazoi nagusietako bat. Hondartza oso espazio irekia da, eta eraikuntza handi bat behar zen bertan ikuskizun bat sortzeko. Kontuan hartu Europak jarritako baldintza nagusia zela ikuskizuna kalean egin behar zela. Beraz, Kontxan 80.000 pertsona bildu nahi bagenituen, sortu beharreko azpiegiturak handiegiak eta garestiegiak ziren. Nik diseinatu nuen Kontxarako ikuskizun bat, irla protagonista zuena, baina ibaiko ikuskizuna baino askoz garestiagoa zen. Eta, hala ere, 660.000 euro asko direla esan du jendeak, baina diru hori primeran banatu genuen.

Nolako harrera izan du ikuskizunak Donostiatik kanpo?

Euskal Herritik kanpo iritsitako mezu eta komentario guztiak positiboak izan dira, oso positiboak, eta Donostiatik jasotakoak, aldiz, negatiboak. Europa, Katalunia, Madril... jende profesional askok zoriondu nau; oso komentario onak jaso ditut. Hortaz, nire galdera da: zer nahi dute donostiarrek? Zein izan da hutsa, proposamen arriskatu bat aukeratzea? Uste genuen Donostiak bere burua aurkezten ziola Europari, munduaren aurrean ezagutarazten zuela ikuskizun horrekin. Baina, jasotako erantzuna ikusita, Donostia soilik bere buruari begira zegoela dirudi.

Azken finean, arriskatzen ez duenak betikoarekin sortu behar ditu ekitaldiak, topikoekin lan egiten jarraitu, ez du besterik. Beharbada, Donostian ezin da arriskatu: betikoa egiten jarraitu behar da.

Beharbada, Donostian ez daude prest zure ikuskizuna ulertzeko.

Ez, ez da hori. Mundu guztia dago halako gauzetarako prest, horretarako prestatzen badituzte eta prozesuan laguntzen bazaie. Ez dakit zer esan; nahasita nago, eta baita minduta eta oso haserre ere. Zuzenekoan, nik onartzen dut amaiera ez zela ulertu, onartzen dut lekuak ikusteko arazo asko eman zituela, baina, hain zuzen, horregatik eman nahi izan genuen telebistaz, mundu guztiak ikus zezan. Benetan haserretzen naute entzundako komentario askok, ez nautelako ni bakarrik mindu: ikuskizunean parte hartu zuten 1.200 boluntarioak ere mindu dituzte. Larunbateko emanaldiaren atzean lan handia egin da, ordu asko sartu dira eta jende askok parte hartu du, ilusio handia jarrita. Eta denak atera ziren pozik emaitzarekin; «Lortu dugu!», hori sentitu genuen. Horregatik, kritikek ez dute nire aurka egiten bakarrik: parte hartu zuten horien guztien aurka ere egiten dute.

BERRIAn argitaratua (2016/01/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA