astekaria 2019/05/03
arrowItzuli

mundua

Eskuinari erantzun dio ezkerrak

Kristina Berasain Tristan

Eskuinari erantzun dio ezkerrak

Eskuinaren zatiketak ziklo politiko baten abiapuntua ezarri badu ere, hemizikloaren mapa esku artean, eskuinaren zatiketaren batuketak ez du jokalaku berririk marraztu. Eserlekuetan eskuinak behera egin du, eta, ezker-eskuin dikotomian, alderdi aurrerakoien indar korrelazioak irabazi du. Erantzuna sendoa izan da. Orain gakoa koalizioak eratzea izango da. Pedro Sanchezena izango da hitza. PSOE nagusitu da: orotara 123 ordezkari izango dituzte sozialistek Madrilen. Inoizko emaitza kaskarrenak lortu zituzten duela hiru urte, 85 eserlekurekin, baina, zentsura mozioaren ostean, hautetsontzietan lehen garaipena lortu du Sanchezek.

Eskuinaren zatiketak mesede egin dio, besteak beste, moderazioaren mezua bereganatu duelako. Sanchezek, baina, argi azaldu zuen kanpainaren amaiera ekitaldian irabazteak ez duela esan nahi gobernatzea, eta orain ikusteko dago norengana joko duen, bai edo bai, akordioak egin beharko dituelako. Unidas Podemosen 42 ordezkarirekin aski du gehiengo sinplea lortzeko, osorako indeERCren (15) babesa ere beharko luke -EAJrenak (6) eta EH Bildurenak (4) batu daitezke-. Ciudadanosekin (57) negoziatzea da beste aukera.



Eskuinaren botoen batuketak (147) ez du ematen gehiengo absoluturako behar diren 176 ordezkarientzako. Bipartidismoa higatuta, diktaduraren amaieratik boterean txandakatu diren bi alderdiek hegemonia galdu dute, baina alderdi bozkatuenak izaten jarraitzen dute. PP Alderdi Popularrak, hala ere, kolpe latza jaso du: inoizko emaitza kaskarrena. Mariano Rajoyrekin 137 ordezkari lortu zituen duela hiru urte, eta orain 71 galdu ditu eskuinaren monopolioa galduz.

Polarizazioaren emaitza

Ciudadanosera eta Voxera joan da PPkoen botoa. Identitate nazionalen eta lurraldetasunaren ardatzean artikulatu dute biek kanpaina politikoa eta polarizazio horrek emaitza onak eman dizkie.

Cuidadanos 32 eserlekutik 57ra pasa da, eta hirugarren alderdi bozkatuena izatera pasa da, Unidas Podemosen aurretik. Vox indarrez sartu da politika nazionalean, eta eskuin muturrak lehen aldiz izango du ordezkaritza estatuko instituzioetan. Bosgarren alderdi bozkatuena izan da: 24 ordezkari izango ditu Madrilen.

Unidas Podemosena izan da, popularren ostean, bigarren boto galera handiena. Politikan sartu zen indarraren parekoa izan da porrota. Litekeena da, batetik, haren botoa sozialistengana joan izana, eta, era berean, duela hiru urte alderdi abertzaleetatik bereganatu zituzten botoak galdu izana. UP 71 ordekari izatetik 42 izatera pasa da.

Parte hartzea igotzen denean ezkerraren mesedetan dela dioen tesia berretsi da hauteskundeetan. Aurreko bozetan baino bederatzi puntu handiagoa izan da: %75,80koa, frankismoaz geroztik handienetakoa. 1982ko bozetan izan zen handiena; %79,9koa.

Behin irabazita, Pedro Sanchezek bi bideren artean aukeratu beharko du

Pedro Sanchez: "Etorkizunak irabazi du, eta iraganak galdu"

BERRIAn argitaratua (2019/04/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA