politika
Abertzaleek eta sozialistek gora
Enekoitz Esnaola
Hego Euskal Herriak Espainiako Estatukoaren aldean argazki desberdina agertu du Kongresurako hauteskundeetan. Espainiar sozialistek Hegoaldean ere gora egin dute, 2016ko bozetatik bi aulki eta 124.000 boto irabazita, baina, PSOE estatuan ez bezala, PSE/PSN ez da indar bozkatuena izan. Boto gehien jaso duena alderdi abertzale bat izan da: EAJ; 394.000 boto EAEn, aurrekoan baino 107.000 gehiago. Diputatu gehien ere, hark: sei, lehen baino bat gehiago. PSE/PSNk ere, sei. EH Bildu indar subiranistak lau aulki erdietsi ditu, lehen baino bi gehiago. Elkarrekin Podemosek, bost -aurreko arrakastatik, hiru aulki galdu ditu-. Antzekotasunik handiena, espainiar eskuinak Euskal Herrian ere jasotako porrota izan da; gainera, are handiagoa izan da, bi aulki besterik ez dituztelako lortu; 23tik, bi.
PSOEk 123 diputatu lortu ditu estatuan, eta Pedro Sanchez presidentegaiak beharko du babesik inbestidurarako eta legealdirako. Unidas Podemos izan liteke haren aliatua: 42 aulki erdietsi ditu. Bien artean, 165. Gehiengo osoa 176an dago. PP, Ciudadanos eta Voxen batura, 147koa da. Ikusgai da Sanchezek zenbateraino bilatuko duen EAJren sostengua. ERC-EH Bildu aliantzak, 19 aulki lortu ditu.
Ikusgarri EAJ
Emaitza ikusgarriak izan ditu EAJk. 2016an ez bezala, irabazi egin du EAEn, bigarren indar PSEri 141.000 botoko eta bi aulkiko aldea aterata. Hiru herrialdeetan nagusitu da, eta Bilbon eta Donostian ere bai.
Hauteskunde mota guztietan ederki moldatzen den alderdia da EAJ, berriro frogatu duenez.
PP-Cs-Voxek ezer ez EAEn
Estatuan porrot handia jaso du eskuinaren hirukoak, urruti geratu baita Kongresuan gehiengoa osatzetik. PP, Ciudadanos eta Voxen artean %42ko babesa jaso dute. Espainiar eskuinak Euskal Herrian lortutako bi diputatuak, Nafarroan lortu ditu, Navarra Sumaren bidez (UPN, PP, Ciudadanos), %29rekin. EAEn ez dute diputaturik eskuratu. Araban dago indartsuen PP, baina, oraindik kanpoko botoak zenbatzeke direla, Javier Maroto batere gabe geratu da. EH Bildurentzat izan da han jokoan zegoen azkeneko diputatua, Iñaki Ruiz de Pinedorentzat.
Espainiako eskuinak oso politika oldarkorra du euskal gaiekiko, eta zartadakoa eman diote herritarrek; nagusiki, EAEn.
EH Bilduren gorakada
Duela lau eta hiru urteko hauteskundeetan EH Bildu izan zen abertzaleen artean beherakada handiena jaso zuena, Amaiurren zazpi diputatuetatik bira jaitsi zelako; 333.000 botoetatik 2016ko 184.000ra. Orain lau diputatu erdietsi ditu: Gipuzkoan bi, eta bana Bizkaian eta Araban -Nafarroan hortxe-hortxe geratu da-. Halaber, bototan izandako gorakada nabarmena da, 258.000ra iritsi baita. Horietatik EAEn, 212.000 (%16); duela hiru urte Eusko Legebiltzarrekoetan, 225.000 (%21). Maiatzeko udal eta foru bozetarako moralki-eta baliagarri izango zaizkio, kontuan hartuta duela lau urte izan zuela hitzordu horietan jaitsiera esanguratsu bat, batik bat Gipuzkoan. Eta, azkenean diputatua lortuko duen jakiteko kanpoko botoak zenbatzea falta dela, aipagarriak dira Nafarroako 46.000 botoak ere, orain lau urteko foru hauteskundeetan 48.000 erdietsi baitzituen.
Aldaketak, senataririk ez
Nafarroan Senaturako bozetan izandako emaitzek zalantzarik sor dezakete maiatzaren 26an izango diren foru bozei buruz: Geroa Bai, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak Senaturako berriro indarrak batu eta Aldaketa koalizioa osatu arren, ez dira gai izan senataririk eskuratzeko. Navarra Suma koalizioak eraman ditu lehen hirurak, eta PSNk laugarrena, Aldaketako bozkatuenari hamar mila botoko aldea aterata.
EAEko bozak aurreratu?
Eusko Jaurlaritzan daude bi alderdiek emaitza onak izan dituzte EAEn: hemezortzi diputatuetatik hamar lortu dituzte EAJk eta PSE-EEk. Eusko Legebiltzarrean gutxiengoan dira, aulki bategatik, eta horrek duela hilabete batzuk buruhauste handi bat eragin zien: aurtengo aurrekontuak ez onartzea. 2013an «erakundeen egonkortasunerako» ituna sinatu zuten, eta, aliantza luzerako izango dela aurreikusten denez, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta EBBk mahai gainean izan dezakete EAEko hauteskundeak aurreratzeko burutazioa -berez, 2020ko irailean izango dira-.
1980an EAEko bozak egiten hasi zirenetik, denbora aldetik dezente aurreratu dituzten hiru kasuetatik bitan EAJkoa zen Jaurlaritzako lehendakaria: 1986ko aurrerapena alderdiaren zatiketak eragin zuen eta 2001ekoan Lizarra-Garazi akordioaren haustura garaia zen. Orain aurreratu-ez aurreratu erabakitzeko azterketan maiatzaren 26ko udal eta foru bozek ere balukete pisurik -Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzio nagusietan EAJ eta PSE elkarrekin gobernatzen ari dira-, baita Espainiako Gobernuaren osaerak ere; hau da, PSOEk nola edo zeinekin osatuko duen. Garrantzitsuak izango dira