kultura
MUSIKAGILEAK, ERTZETAN SENDO
Ane Eslava
Teresa Catalanenak (Iruñea, 1951) dira hitz horiek. Ibilbide oparoa du Catalanek sorkuntzan eta akademian; besteak beste, Iruñeko Musikagileak taldearen sortzaile izan zen, Madrilgo Musika Kontserbatorio Nagusiko Konposizio eta Instrumentazioko katedraduna da, eta Espainiako Musika Saria jaso zuen 2017an. Harresiak gaindituz hasi zen musikagintzan, halere. Kontatu duenez, gaztetan, konpositore izan nahi zuela esaten zuenean, «zoratuta» balego bezala begiratzen zioten. Baina lortu zuen, eta barrutik bizi izan du mundu horren bilakaera. Egun, ongi ikusten du egoera, arlo askotan. «Orain posible da konpositore gisa ibilbide bat egitea; ez du zer ikusirik garai batekoarekin».
Zuriñe F. Gerenabarrena konpositorea (Gasteiz, 1965) urte batzuk geroago hasi zen sorkuntzan, baina Catalanen antzera mintzo da esparruan izandako bilakaeraz. Fernando Bernaolarekin ikasi zuen, eta haren bultzadaz ekin zion konposizioari; askotariko obrak ondu ditu, eta eskolak ere ematen ditu. Hasi zenean arte garaikideko adierazpenak «oso urriak» zirela kontatu du: «Ez zegoen oinarri eta egitura sendo bat zeinean sartu». Baina, urteekin, musika garaikidea «berritu» egin da, haren irudiko: «Agenteak eta adierazpenak biderkatu egin dira, bai eta orkestrak, kontzertu zikloak eta jaialdiak ere». Gerenabarrenak eta Catalanek egungo trebakuntzaren kalitatea nabarmendu dute bereziki. «Eredugarria da; harro egoteko moduko altxorra», Catalanen hitzetan.
Oinarri sendo horri esker, gainera, bermatu egin dute belaunaldi berrietarako transmisioa. Catalanek argi ikusten du hori: «Ez dugu pitzadurarik transmisioan; orain, lau belaunaldi batera gaude aktibo». Hain zuzen ere, 1951ko belaunaldiko musikari batzuek jarraitzen dute; kasurako, Agustin Gonzalez Aciluk. Haren ondoren, Catalanen adinkide dira Koldo Pastor eta Francisco Ibañez, besteak beste. Haien ondotik daude, Gerenabarrenarekin batera, Ramon Lazkano eta Beatriz Arzamendi, eta gaur egun lehenbiziko urratsak egiten ari dira Mikel Urkiza eta Daniel Apodaka, beste askoren artean.
Musikarien ugaritzeak saretzeko beharra ere ekarri die, eta hor ere izan da aurrerapenik. Konpositoreek beraiek hainbat erakunde sortu dituzte, biltzeko eta ikusgaitasuna lortzeko. 1997an, Musikagileak elkartea sortu zuten, eta ehun konpositore baino gehiagoren bilgune bihurtu da. Askotariko ekintzak antolatzen dituzte, hala nola kontzertuak, lehiaketak eta mahai inguruak, eta hitzarmenak ituntzen dituzte erakunde eta eragileekin. Bestalde, tokian-tokian ere badira zenbait talde, inguruan sortzen diren proiektuekin lotuago daudenak, eta 2015ean sorturiko Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak biltzen ditu guztiak. Musikagileen iritziz, halako elkarteak eta haien ekimenez sortzen diren egitasmoak «ezinbestekoak» dira musika garaikidea bezalako arte «minoritario» bati bultzada emateko.
Jende heldua aretoetan
Edonola ere, emakumeen sarbideak izan du musikagintzan aldaketarik handiena azken urteetan. Izan ere, historian oso andre konpositore gutxi egon dira, Catalanek azaldu duen moduan: «Lehen, oso zaila zen emakumeak hemen sartzea, eta ezinezkoa sinesgarritasuna lortzea; pentsaezina zen emakume batek zerbait sortzea». Areago, emakume batzuek piezak sortzen zituzten, baina haien inguruko gizonek sinatu ohi zituzten. Nafarroan, Catalanen aurretik, emakume konpositore bakarra egon zen: Emiliana Zubeldia; baina Catalani inork ez zion haren inguruan hitz egin. «Eta, beraz, ez nuen erreferenterik izan», azpimarratu du. Erreferenterik eta babesik gabe aurrera egin bazuen, argi du zergatik izan zen: «Nire errebeldiari eta erresistentziari esker».
Catalanen antzeko esperientzia kontatu du Gerenabarrenak. Hark ere oztopo asko gainditu behar izan ditu heldu den lekura heltzeko: «Traba ekonomikoak, inguruko agenteekin erlazionatzeko zailtasuna, zabalkunderako eragozpenak...». Baina bere ahotsa entzunaraztea izan da erronka nagusia. Hala azaldu du: «Sentitu izan ditut generoaren rol inposatuak, sentitu dut ikusezintasuna, presentziarik eza...».
Baina Catalanen, Gerenabarrenaren eta beste askoren ahaleginari esker, egun, gizarteak, oro har, ez du zalantzan jartzen emakume musikagileen sinesgarritasuna. Catalanek garrantzizkotzat jo du hori lortzeko lan egin duten emakume guztien balioa aitortzea: «Denok egin dugu ahalegina, bakoitzak bere garaian eta ahal zuen moduan». Nolanahi ere, bidea ez da amaitu, oraindik ez baita parekidetasuna lortu. Catalanek datu adierazgarri bat eman du: «Espainian, orotara, 55 konpositoreri eman digute Musika Saria, eta horietako hiru baino ez gara emakumeak: lehena Elena Mendoza izan zen, 2010ean; bigarrena Maria de Alvear, 2014an, eta azkenekoa, ni». Erantsi du urratsak egiten jarraitu beharra dagoela hori aldatzeko.
Gaur egun, konpositoreek egoera konplexua dute: euskarri eta baliabide oparotasunak ez die zentraltasunik eman. Aintzatespena lortu dute, baina ertzean jarraitzen dute. Hori uste dute Catalanek eta Gerenabarrenak. Haien irudiko, oztopo nagusia da musika akademikotik aldentzen ari den gizarte konplexu batengana heltzeko zailtasuna. Gaiaz galdetuta, etsipenez mintzo da Catalan: «Konpositoreak jada ez du funtzio bat betetzen gizartearentzat; ez da beharrezkoa. Gizartea konformatzen da kontsumitzen duen musikarekin, eta ez du eskatzen egile musika edo musika garaikidea. Kontsumo gizartearen eskaritik urrun gaude». Entzunaretoetako irudiak argi erakusten du egoera, haren ustez: «Jende helduz beteta daude».
Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari Oriol Rochek ere kezka bera du. Egun Euskal Herrian dauden konpositoreen kalitatea «bikaina» dela adierazi du, eta orkestraren «betebehar kulturaltzat» jo du haiei tokia egitea errepertorioan: «Horretan ahalegintzen gara». Baina, bestalde, onartu du ez dela erraza musika hori hartzaile ororengana heltzea. «Batzuetan, entzulearen aldez aurreko jarrera ez da egokiena, eta horrek obra ez ulertzera eramaten du». Hortaz, egoki ikusten du sortzaileek, soinuarekin esploratzeko «askatasun osoa» izan arren, entzulearentzat ulergarriak izan daitezkeen piezak sortzen saiatzea, bai eta entzulea heztea ere, bere buruari utz diezaion musikaz gozatzen. «Musika gozamena delako, baina baita esploratzea eta aurkitzea ere», esan du. Bestalde, musika garaikideko jaialdi gehiago antolatzea proposatu du, hainbat autore garaikideren obrak batera entzuteak hartzaileari iradokitzen diona «koherenteagoa» izan daitekeelako, haren ustez.
Hezkuntzaren garrantzia
Mikel Urkiza (Bilbo, 1988) konpositoreak baikorrago begiratzen dio panoramari. Musikenen ikasi zuen, eta egun Parisen bizi da, eta lortu du konposizioa bizibide izatea. Argi du euskal musikagileen baldintzak ez direla beste herrialde batzuetakoek edota beste arte «minoritarioetan» dihardutenek dituztenak baino okerragoak. «Musikari garaikideak inoiz ez dira Madonna izan. Beste musika popularrago batzuek beti izan dute jendearekin konektatzeko erraztasun handiagoa», gogorarazi du. Onartu du zaila dela merkatu handien dinamiken aurka aritzea, baina, halere, aurrera egiten jarraitzeko hainbat bide daudela dio. Komunikazioa, pedagogia eta entzule eta musikari berriak erakartzea proposatu du, besteak beste. «Baina lehenengo gauza da musika garaikidea existitu behar dela, eta, horretarako, kontzertuak antolatu eta sustatu behar dira», gaineratu du.
Catalanek eta Gerenabarrenak, berriz, hezkuntzan jarri dute fokua bereziki, kezkatzen baititu arteek eskoletan duten hutsuneak. «Arteak desagertu egin dira ikastetxe guztietatik, eta horrek itsu eta gor uzten ditu belaunaldi berriak», salatu du Gerenabarrenak. Antzera mintzatu da Catalan, eta kritikatu du gobernuek kultur formakuntzarako inbertsioak murriztu eta «kulturarik gabeko aisialdia» bultzatu izana: «Hala, ordena sozial berri bat eratzen ari dira», haren hitzetan. Eta ordena sozial horretan, musikagileen tokia bazterrean dago. Horren aurrean, epe luzerako hezkuntza eta sentsibilizazio planak eskatu ditu, «berandu baino lehen».