astekaria 2019/05/03
arrowItzuli

gizartea

Laugarren hildakoa aurten

Jon Rejado

Laugarren hildakoa aurten

Lau preso hil dira Zaballako espetxean (Araba) urtea hasi zenetik. Azkena herenegun, ostegunean. Hala Bedi irratiak jakinarazi zuen heriotzaren berri, eta Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak gerora baieztatu zuen. Goizeko zenbaketan hilik aurkitu zuten, Arabako espetxeko 5. moduluko ziega baten barruan: 28 urteko gizonezko bat zen. Espetxe Erakundeetako iturrien arabera, gorpuak ez zuen indarkeria zantzurik. Hori ikusirik, heriotzaren nondik norakoak zehazteke daudela gaineratu dute iturri horiek.

Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak jakinarazi du harremanetan jarri dela zendutako gizonezkoaren familiarekin, heriotzaren berri izan duenean. Horrez gain, gaineratu du autoritate judizialari ere jakinarazi ziola gertakaria, horren berri izan zuenean. Horrez gain, gaztearen gorpua auzitegi medikuntzako erakundera eraman zuten, autopsia egiteko, zergatik hil zen argitzeko.

Apirilaren 25ean hildako gaztearekin, lau dira Zaballako espetxean ezagutarazi diren heriotzak. Urtarrilaren 17an gertatu zen lehena, otsailean bigarrena, eta apirilaren 1ean hirugarrena. Salhaketa taldeak ohar bidez salatu du heriotza, eta gogora ekarri du Espainiako Estatuko kartzeletan 77 pertsona hil direla 2018ko abendutik atzo arte. Oharrean, nabarmendu du egoera «onartezina» dela, espetxean gertatzen diren heriotza «gehienak» eragotz daitezkeelako, «indarrean dagoen araudia ezarrita».

Gizonezko gazteak

Urte hasieratik zendutako preso gehienak ez ziren 30 urtera heltzen. Urtarrilean hil zenak 28 urte zituen, eta Bizkaian bizi zen. Funtzionarioek familiari jakinarazi ziotenez, droga gaindosi baten ondorioz zendu zen. Salhaketak gogor kritikatu zuen hori, eta nabarmendu zuen espetxeko arduradunek aukera izan zutela heriotza hori eragozteko. Hain zuzen ere, hil zen gaztearen ziegan beste preso bat zegoen, eta kartzelan susmoa zegoen kideak droga jaso zuela. Gau horretan bi presoek gaindosia izan zuten, eta 28 urteko gaztea zendu zen.

Otsailean hil zen presoari buruzko informaziorik ez dago. Are, nahasketa baten ondorioz eman zuten Espainiako Espetxe Erakundeek heriotza horren berri: elkarte batek apirilaren 1eko heriotzari buruz galdetu zuen, eta otsaileko ezbeharraren datuak eman zizkioten. Salhaketak urte hasieratik kritikatu du espetxe barruko heriotzak isilarazteko «politika sistematiko bat» abiarazi izana. Elkarteak azaldu du orain zenbait urte Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak ematen zuela kartzelako heriotzen berri, hildako presoaren «oinarrizko datuekin», baina orain urte batzuk utzi zion informazioa emateari. Salhaketak adierazi du espetxean gertatzen diren hamar heriotzatik bakar baten berri soilik ematen duela administrazioak.

Otsaileko kasuan, presoak bere buruaz beste egin zuela ezagutarazi zuten Araba espetxeko iturriek. Argudio bera baliatu zuten apirilaren 1ean zendu zen gaztearekin: Jonathan Costillas Rituerto, 24 urtekoa, Gasteizko bizilaguna. Senideek administrazioaren partetik jasotako tratua salatu zuten. Besteak beste, bost egun pasatu ziren Costilla hil eta gorpua ikusi zuten arte. Halaber, azaldu zuten «arrotzak» gertatu zitzaizkiela heriotzaren nondik norakoak. «Arrarotzat» jo zuten aurretik alarma abisurik egon ez izana. Hori zela-eta, auzitara jo zuten, erantzukizunak argitzeko.

BERRIAn argitaratua (2019/04/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA