iritzia
Lerratzea
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Botoa emanen dut, herri zapalduon ahotsa Madrilera eramatea garrantzitsua iruditzen zaidalako. Gure hitza parlamentuan erabakigarria ez izan arren, hangoa kritikatu, traba egin, zirikatu eta egiak ozen errateko balio duelako. Adierazteko, adibidez, gure aluei buruz emakumeok erabaki nahi dugula, eta ez bertze inork; exijitzeko atera ditzatela haien esku zikinak Euskal Herritik; eta ozen oihukatzeko erregerik ez dugula nahi, ikurrina bat paparretik ateratzen dugun bitartean.
Bizitzea etengabe erabakitzea delako: zer gosaldu nahi dugun, norekin egin nahi dugun larrutan, eta zeini emanen diogun babes; nori begiratuko diogun eta zeri eginen diogun entzungor. Bizitzea bataren ala bertzearen alde edo kontra lerratzea delako, eta sofan eserita geldituta gauza gutxi alda daitekeelako. Baina, batez ere, bozkatu eginen dut, ez dudalako egin ahal izandakoengatik eta egin gabekoengatik damutzeko asmorik.