iritzia
Happykrazia (eta II)
Garazi Arrula Ruiz
«Zergatik izan zoriontsu, normala izan bazaitezke?», galdetu zion, ulergaitz, Jeanette Wintersoni amak, eta hala ekarri alabak autobiografiaren goiburura. Normala izateak esan nahi baitu fokupetik libre ibiltzea, zalantza edo susmorik ez sorraraztea, ez nabarmentzea onespena jasotzeko ez bada. Oposizio faltsua da galderakoa, bereziki zorionaren betebeharrak helburu zurrun eta denentzat berdinetara garamatzalako.
Hitzaren erabilera mugatzailea jarri dugu ezbaian, ez zoriona bere horretan, nola ezin ondorioztatuko dugun zoritxarrak edo ezbeharrak, bere kasa, inoizko emari kultural oparoena ekarriko duela. Nolanahi den, gehienok bat egin dugu inoiz hauekin: sufritzeak irudimena pizten du, gatazkak pentsamendua aberasten, nahigabeak balio handiko gauzak egitera bultzatzen. Bide horretatik ziharduen Irribarria pilotariak orain gutxi: «Kolpeak hartu behar izaten dira. Hobea egiten zaituzte». Zer esan nahi duen ulertu arren, nago sufrituz lortutakoei balio handiagoa ematen diegula, aise eginikoak mespretxatzen ditugun gisan (lorpen materiala bera izanik ere). A posteriori eginiko gogoeta ez ote den, sufrimenduari onura bilatzeko tema. Akigarria ere izan behar baitu, denik eta ekoizpen oparo eta aberatsenaren iturburu izanagatik ere, beti tentsioan bizitzeak.
Gerrak ez du emakume aurpegirik kronikan adierazten zaizkigu zorionaren aurpegiak: Bigarren Mundu Gerran ibilitako sobietar emakumeentzat zoriona izan zen azkenik galtzontzilloak kendu ahal izatea, eta, askorentzat, egiazko gerra etorri zen garaile atera eta nor bere etxera itzuli zenean.