gizartea
ANGEL HERNANDEZ
«Maiz esan zidan: 'Oraino ez'. Ekar ziezazkidakeen ondorioen kezka zuen»
Arantxa Iraola
Andrearekin batera hitzartutako ekintza bat izan zen. Solasaldi askoren emaitza, ezta?
Une jakin bat ikusi da, baina aspalditik zetorren hau: asko hitz egin genuen biok gaiaz, eta askotan jarri genuen mahai gainean aukera hori. Berak, batez ere, pairamendurik handieneko uneetan eskatzen zuen, eta azken hilabeteotan oso ugariak ziren halakoak. Nik sarri galdetzen nion zer egin behar nuen, eta maiz esan zidan: «Oraino ez». Nik uste dut horren atzean zegoela niri horrek ekar ziezazkidakeen ondorioen inguruan hark zuen kezka. Baina une ikaragarriak izan zituen, eta horietako batean esan zidan: «Honek bukatu egin behar du».
Ekintzak izango zituen ondorioez usu hitz egingo zenuten, noski. Gidoia betetzen ari da?
Aurreikusi genuen, bai. Zuzenbidearen arloko emakume bat zen bera: idazkari judiziala zen. Abisu ematen zidan gerta zitekeenaren inguruan, eta dena grabatu egin behar genuela esan zidan. Horrela erakutsiko genuen nik ez nuela suizidiora bulkatu. Hedabideetan-eta gaiak izango zuen oihartzunaren inguruan ere solastatu izan ginen, eta iragarri genuen handia izan zitekeela. Baina hori ere bazen helburua: armairutik ateratzea. Errealitate hauek hor direla erakustea.
Eskabide bat egon da auzia genero-indarkeria kasutzat tratatzeko. Instrukzio epaileak, hain justu, horixe eskatu zuen. Burutik pasatu al zitzaizuen?
Abokatuak horren berri eman zidanean, ez sinestekoa iruditu zitzaidan. Gero haserrea eragin zidan. Epaileak horretarako eskabidea egin zuen guztiz lerraturiko interpretazio bat eginda Auzitegi Gorenaren sententzia baten inguruan: baina guztiz lerraturikoa.
Arrisku hori bazterrean geratuko dela jakin da asteon. Baina zure aurkako auzibidea martxan da. Zer diote abokatuek? Zer estrategia erabiliko duzue?
Orain, aurrena, itxaron egin behar dela esan didate: auzia genero indarkeriaren arlora eraman nahi zuen magistratu horrek berak bideratuko duen ikusi behar da, edo goragoko epaitegi batera daraman. Aringarriei erreparatzea da asmoa; nik neuk onartu dut neure eskuak eman nizkiola emazteari heriotza ekarri zion likidoa hartzen laguntzeko. Onartzen zaizkidan aringarriek ekar dezakete kartzelara ez joatea.
Emazteak eta biek gaiaz asko hitz egin zenutela diozu. Noiztik? Gaitzaren diagnostikotik?
Haren partetik, hasieratik. Kontrara, nik jarduten nuen adierazten gaixotasuna eta haren ondorioak hor baziren ere irteteko aukera izango zuela, hainbat gauzaz gozatzekoa... Horren inguruan konbentzitzen jarduten nuen, eta, bide horretan, zainduko nuela esan nion: promesa horixe egin nion. Etxea egokitu nuen, autoa egokitu nuen, eta berak nahiko bizimodu ona zuen. Orain dela bost urte, ordea, gain behera hasi zen, eta azken lau hilabeteetan ezin zuen gehiago: ezin zuen. Baina hiru hamarraldi egin zituen gaixo; makuluekin hasi eta gurpil aulkira arteko bidea egin zuen.
Hainbat medikuk artatuko zuten gaixoaldi luze horretan. Haiekin solastatu ahal izan zarete gaiaz?
Hitz egiten da gaiaz sendagileekin; baina ez dizute lagunduko. Aski arazo izan zituen Luis Montes medikuak: sedazioa erabiltzen zuen hark pazienteek sufri ez zezaten, eta auzipetu egin zuten. Gainditu egin zuen auzibidea, baina ondorio aski larriak izan zituen harengan horrek guztiak.
Zaintza aringarrien gaia ateratzen dute usu eutanasia legeztatzearen aurka daudenek auziaz mintzatzerakoan. Horiekin sufrimendua arindu eta harago egin beharrik ez dagoela argudiatzen dute. Zer gogoeta eragiten dizkizu ikuspegi horrek?
Emazteak bazituen zaintza aringarriak. Hainbat sendagairen bidez bilatzen dute ez sufritzea, oinazerik ez izatea. Haren sintomak, ordea, kontrolagaitzak ziren horien bidez; pairamendua etenik gabea zen. Eta, nire ustez, biak dira beharrezkoak: zaintza aringarriak eta eutanasia. Zaintza aringarriak hobetu eta zabaldu egin behar dira, baina eutanasia arautzeko lege bat ere behar da.
Hain justu,eutanasia arautzeko lege batek tramitea abian duela amaituko da legealdia. Zer moduzkoa deritzozu?
Oro har, egokia iruditzen zait. Egiten dizkioten zuzenketen ondorioz zer jazo daitekeen ikusi beharko da, ordea; zenbat kamusten duten. Eztabaida hastea litzateke ona. Baina, oro har, aintzat hartzeko erakoa da.
Zuek egindako eran, beste hainbat sendik ere egin dute berriki gaia armairutik ateratzeko eskea. Isiltasuna urratzen ari da...
Ni argi esaten ari natzaie ingurukoei nik egin dudana ez egiteko: nirekin aski da. Baina halako egoeretan dagoen jendeak, ahal badu, bere buruaz beste egiten jarraituko du, eta ataka horietan dauden sendiei eskatzen diet grabatzeko, eta pertsona horien ondoan egoteko, oso une zailak izaten baitira. Hiltzera doaz; besarka ditzatela, musuka ditzatela, egon daitezela hor... Izan ere, bai, beren buruaz beste egiten dutenen ehuneko batek hartzen du erabakia gaitz sendaezinen baten ondorioz. Nahigabe handia ematen dit. Beren buruaz beste egin duten pertsonen hainbat bideo ikusi ditut zeintzuetan bakarrik hil diren erabaki dutelako familiak arazo horretan ez nahastea... Eta ez dituzte nahastuko; erabakia argi haiek hartutakoa bada, ez dituzte nahastuko. Baina grabatu egin behar dira halako bideoak; hori da jarraitu beharreko bidea.