astekaria 2019/04/26
arrowItzuli

mundua

MARTA ROVIRA

«Ezin da bide beretik jarraitu aldatu den testuinguru honetara egokitu gabe»

Igor Susaeta

«Ezin da bide beretik jarraitu aldatu den testuinguru honetara egokitu gabe»

Bizimodu «normala» egiten ahalegintzen da Marta Rovira (Vic, Katalunia, 1977). Haatik, kalean dabilela, noizbait entzun behar izan du: «'Begira! Ihes egindakoa!'». ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusia iazko martxoan erbesteratu zen Genevan (Suitza). Prozesu subiranistaren aurkako auziaren ondorioz behin-behinean kartzelatua izateko arriskuan zegoen. Anna Gabriel CUPeko diputatua zena ere Genevara erbesteratu zen. «Egoten gara elkarrekin». Bere egoera prozesalaz galdetuta, Rovirak dio «zehaztugabea» dela. «Momentuz», ez du Suitzatik mugitzeko asmorik. «Aspektu pertsonala lehenetsi beharra daukat».

2011tik da alderdiaren idazkari nagusia, eta aste batzuk barru bukatuko da haren bigarren agintaldia. Jarraitzeko intentzioa du. Carles Puigdemontez galdetuta, erantzun du «maiz» hitz egiten duela harekin. «Beti eduki izan ditugu ikuspegi diferenteak errepublikaranzko bideaz, baina modu naturalean bizi dugu».

Hamahiru hilabete daramatzazu erbestean. Zer moduz daramazu?

[Barre txikia] Ondo daramadala esango nuke. Beti esaten dugu ondo gaudela. Erbeste asko daude, eta horietako askok, imajinatzen dut, gureak baino sufrikario handiagoa eragiten dute. Anna Gabrielekin hitz egiten dut honi buruz, eta esaten dugu guri ez zaigula falta ezinbesteko ezer. Baina gure testuinguruaren barruan, behartutako erbeste bat da gurea.

Zer asmorekin erbesteratu zinen Genevara?

Helburu nagusia zen nire bikotekidearekin eta alabarekin egotea.

Zu ere ikerketapean zeunden U-1aren kontrako auziaren harira. Zalantza egin zenuen kartzelara edo erbestera joatearen artean?

Gorenean deklaratu nuenean [iazko otsailean], asumitua nuen behin-behineko kartzelaldiaren agertokia; hori adierazten zuten aldagai guztiek. Gidoia idatzita zegoen, eta une batean gertatzen da altxatu egiten zarela aurreikusita dagoenaren kontra, eta esaten duzu: «Bada, ez. Hauek gure bizitzekin egin behar dute nahi dutena, eta ezin dugu onartu». Erabaki pertsonala da.

Beste batzuk kartzelan daude.

Errepresio politikoaren bi aldeak dira erbestealdia eta kartzelaldia, eta elkar elikatzen dute. Biak dira ezinbestekoak salatzeko Espainiako Estatuak erabaki duela errepresioa erabiltzea politika egiteko tresna gisa. Erbestealdiak izan beharra dauka bozgorailu bat gertatzen ari dena une oro salatzeko, eta kartzelaldiak balio du salatzeko errepresio horren alderdirik gogorrena.

Kolektiboki, elkarren erabakiak errespetatzen ditugu. Gure artean, arrakalak ireki nahi dituzte erbesteratuen eta kartzelatuen artean, eta, hain zuzen, hori da errepresio honekin nahi duten gauzetako bat. Oso kontziente izan behar dugu.

Erbesteak bozgorailu bat ematen duela diozu, baina apenas egiten duzun adierazpenik, ematen elkarrizketarik...

Genevatik idazkari nagusi izatea zaila da. Ez duzu egunerokoaren pertzepzioa; askotan ez duzu politika zuzenean bizitzen. Beraz, zuhurtasun apur bat aplikatzea ondo dagoela uste dut. Ahotsaren ordez, belarriak jartzen ditut. Erbesteak distantzia ematen dizu. Ez dizu ematen egunerokoaren ikuspegi oparoa, baina, aldi berean, distantzia horrek behartzen zaitu perspektiba asko hartzera. Oso positiboa dela uste dut.

Eta erbestetik nola bizitzen ari zara hauteskunde kanpaina?

Lehengoan debate bat ikusi nuen TV3n, eta erbestetik jarraitu behar izateak badu puntu etsigarri baina umorezko bat [barrez]. Bakarrik nengoen etxean, eta, oihu ere egin nuenez, bizilagunek pentsatuko zuten futbol partida bat ikusten ari nintzela [barrez].

Inkestek diote ERCk hamahiru aulki lortuko dituela Espainiako Kongresuan: azken legegintzaldian baino lau gehiago. Zer deritzozu?

Interpretazio asko egin daitezke. Batetik, Espainiako hauteskunde batzuk alderdi independentista batek aurrenekoz irabazten baditu [Katalunian], bada, aizu, horrek berme izugarria ematen dio proiektu independentistari. Gainera, aintzat hartuta PSOEk eta Pedro Sanchezek ariketa oso elektoralista bat egin dutela Kataluniaren, ERCren kontra. Sanchezek planteatutako elkarrizketa ez zen existitu; operazio mediatikoa zen. Saiatu zen independentistak seinalatzen, esanez intrantsigente hutsak direla. Bestetik, aurrekontuekin egindako jokaldia hartu behar da kontuan. Ez zen sinesgarria izan. ERCk txeke zuri bat eman zion PPko ustelak gobernutik ateratzeko, eta bederatzi hilabetean ez zuen txeke hori ezertarako erabili.

Zundaketa horien arabera, JxC Junts Per Catalunyak hiru aulki galduko ditu, eta bost diputatu izango ditu Kongresuan. ERCk baino diskurtso nolabait gogorragoa darabil orain JxCk.

Irrigarri utzi nahi izan dute errepublikaranzko bidean jarraitzeko behar denaz ERCk esaten duena, bide seguru baten ordez nahiago baitute nolabaiteko sinbolismoa. Baina uste dut jendeak bermatuko duela errepublika helburu duen estrategia.

Zein da estrategia?

Estrategia oso argi dago: urriaren 1ak ez du atzera-bueltarik. Kontua da U-1etik dugun aginduak ez duela inoren aitortzarik jaso. Eragin handiko jendeari kontatu diot hemen. Izan nahi duguna modu demokratikoan erabakitzeko eskubidea dugula ulertzen dute, baina esaten didate ezin dutela U-1eko agindua aitortu: biolentzia egon zelako, ez zelako aldagai demokratiko nahikorik egon aitortzeko... Beraz, hor gaude, eta ERC saiatu da ahalik eta errealismo gehien jartzen.

Eta JxC?

Tira, JxC ere... Puigdemontekin asko hitz egiten dut, eta nazioarteko komunitatean plazaratzen duen diskurtsoa ez da desberdina ERCrenarekin alderatuta. Nazioarteko komunitatean ez du esaten errepublika bat dugunik eta hori ezarri behar dugunik.

U-1aren atarian esaten zen errepublika ezarriko zela.

Errepublika aldarrikatu [2017ko urriaren 27an] eta bost egunera, preso politikoak genituen, presidentea erbestean, 155a ezarrita zegoen... Ez zegoen aurreikusita erreferendumaren emaitza zirkunstantzia horietan aplikatzea.

Espainiako bozak etzi egingo dira. ERC zergatik dago Sanchez inbestitzeko prest, nahiz eta hark esaten duen ez dela erreferendumik egongo?

Gu esaten ari gara ERCren botoek balioko dutela eskuin muturra eta faxismoa gelditzeko. Hori batetik. Eta bestetik, ikusiko dugu ea PSOE indar askorekin baldintza dezakegun, hori baldin bada alternatiba. Gure botoekin ahalegindu behar dugu egina dagoela iruditzen zaigun gobernu bat gelditzen: hori da PSOEren eta Ciudadanosen arteko gobernua.

Eta zenbakiek ez badute ematen PSOE-Ciudadanos itunerako, baina bai Sanchez presidente izateko zuen, EH Bilduren eta EAJren botoekin?

Ikusiko dugu, ikusiko dugu. Inportanteagoa da, egiten duena egiten duela, ERCk ez diela bere helburu politikoei uko egingo. PSOEk aurpegi asko ditu. Zer PSOEk irabazi behar ditu bozak, baldin eta irabazten baditu? Zer PSOE edukiko dugu negoziazioak zuzentzen, baldin eta... Baroiena? Zer PSOE? Ez dakigu; beraz, lasaitasuna behar da. Guk mundu guztiarekin hitz egiten dugu: ez dugu ez txeke zuririk emango, ez eta marra gorririk jarriko ere. Sanchezek badaki Katalunian autodeterminazio erreferendum bat egitea ezin saihestuzkoa dela. Badaki, mundu guztiak dituen inkesta berak dituelako.

Inkesten emaitzak betetzen badira, ERCren mezua, epe luzeagorakoa, nagusituko da aurrerantzean Katalunian?

Hauteskundeen emaitzen interpretazioarekin eskuzabalak izan behar dugu, baina iruditzen zaigu berme bat litzatekeela ERCren estrategiarentzat. Higatze kanpaina bat dago gure kontra: ERCk uko egin diola bere helburuari, jada ez dela independentista...

JxCrentzako mezu bat litzateke Katalunian ERCk irabaztea?

Bai, izan liteke mezu bat...

Zergatik ez dira elkarrekin aurkezten ERC eta JxC?

Ez dugulako batasun estrategikorik. Oraindik ez gara ados jarri errepublikaranzko bidea erabakitzeko orduan.

Zer bide proposatzen du JxCk?

Bada, ez dakit. Haiek azaldu beharko dute. Ni saiatu naiz kontsentsu estrategiko hori bilatzen, errepublikaranzko pausoak emateko modu bakarra baita. Halere, ulertzen dut oraindik kontsentsurik ez egotea, eta ez dut dramatizatu nahi. Errepresio politiko izugarria pairatzen ari gara. Horren kontzientzia hartu behar dugu; zer den hori tresna politiko gisa, zer ondorio eragiten ari den, zer kalte... Eta ondorio horietako bat da guk elkar ez ulertzeko ahalegina egitea. Baina egia da gu geu ere ari garela errepresioaren ondorioak elikatzen. Kontuz. Nire zeregin nagusietako bat da zubiak eraikitzen saiatzea, eta horretan ari gara.

Zer aldatu da ERCn azken urte eta erdian?

ERCn ez da ezer aldatu; testuinguru politikoan aldatu dira gauzak. Guretzat arduragabekeria litzateke diskurtso politiko hau edukitzea: U-1eko emaitza, agindua, errepublika ezartzen dugu, kontuan hartu gabe testuinguru politikoan aldatu diren aldagaiak. Orain badakigu estatua zertarako gai den apustu demokratiko baten aurrean. Aldagai hori kontuan hartu behar duzu erabakiak hartzeko. Zergatik? Zuk ezin duzu bide beretik jarraitu aldatu den testuingurura egokitu gabe.

U-1eko emaitza independentziaren aldekoa da, baina behar dugu norbait gehiagok aitortzea agindu hori, indarra ematea ezar dezagun. Guk agindu hori sakrifikatu genuen, ezartzeko orduan, urri hartan.

«Behar dugu norbait gehiagok aitortzea agindu demokratiko hori»...

Nazioarteko aldagaia ezinbestekoa da. Jauzi bat egin genuen urriaren 1ean, baina errepublikaranzko hurrengo pausoan barne teilatua hautsi behar dugu, nazioarteko auzi bat bihur dadin; bestela errepresioan, estatuan harrapatuta geratuko gara.

Independentista kopuru handiagoa behar da nazioarteko auzi bihurtu dadin?

Nik irabazteko gogoa dut. Nire helburua ez da Europaren atentzioa ematea.

Adostutako erreferendum bat da helburua?

Helburua errepublika da. Modua? Ziurrenik, independentzia edo autodeterminazio erreferendum bat.

Baina zer gehiago behar da «norbait gehiagok» aitortzeko agindu demokratiko hori?

Kontsentsu estrategikoa beharrezkoa da aurrera egiteko, modu bakarra baita geure bloketik kanpora atera eta geure proiektua jende berri bati kontatu ahal izateko. Bestetik, gehiago bagara, argiago geratzen da gatazka mahai gainean dagoela.

Hitz beste eginez. Zer rol jokatu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak 2017ko urrian?

ERCk ez zekien zer rol jokatzen ari zen Urkullu. Ez genekien. Eta ERC koalizio [Kataluniako] gobernu batean zegoen. Inork ez zigun ezer esan. Gobernuaren bileretan zer paper jokatzen ari zen ere ez genekin. Oriol [Junqueras] presidenteordea zen, eta ez zekien. Ikertzen ahalegindu nintzen, eta badakit Urkulluk rol bat jokatu zuela, baina ez zituen independentista guztiak ordezkatu. Pentsatzen dut bere interesen arabera jokatzen ari zela, eta ez dakit interes horiek estatuarenak ziren.

Urkullu aurrekontu batzuk negoziatzen ari zen PPrekin, eta, nire ustez, bitartekari batek ezin du interesik eduki mahaiaren gainean. Ez da zintzoa bitartekaritza lana egitea zuk helburu propioak dituzunean. 2017ko abenduko bozen ondoren, Urkullu bilatzen saiatu nintzen, bere bertsioa konta ziezadan. Eta eman zidan.

Urkulluri helarazi nahi izan nion mezua zera izan zen: bitartekaritza egin nahi duen hurrengoan mundu guztiarekin hitz egin beharra daukala.

ERCk eta EH Bilduk «akordio estrategiko bat» egin dute, Kongresuan eta Senatuan modu koordinatuan aritzeko. Elkarrekin talde parlamentario propioa osatzeaz hitz egin al duzue?

Mahai gainean dago. Elkarrekin lan egin nahi dugu, interes komunak ditugulako. Talde parlamentarioarena tresna bat izan liteke horretarako. Bozen ondoren, berriro bilduko gara, testuingurua aztertzeko. Lankidetza iraunkor bat sustatu nahi dugu.

BERRIAn argitaratua (2019/04/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA