bizigiro
HANNAH FRANCES WHELAN
«Irudimena aldatu egiten da haurrek landu dutenaren arabera»
Jon Rejado
Nolakoa irudikatzen dute ikasleek etorkizuna?
Ez dago ikuspuntu bakarra. Hedabideetan entzun daitezkeen gaiak errepikatzen dira maiz: klima aldaketa... Ordea, guk eskatzen diegu irudimena askatzeko, edozer gerta daitekeelako 50 urtean. Are, eskatzen diegu azaltzeko nolakoa nahiko luketen etorkizuna.
Eta nolakoa nahi dute?
Irudimena aldatu egiten da, haurrek landu dutenaren arabera. Batzuek irudikatzen dute uraren eta sumendien errege-erreginak direla. Beste batzuek lanean ikusten dute beren burua. Ikastetxe bateko gela bateko ikasle askok irakasle irudikatzen zuten haien burua, gela barruan zuten ereduak eraginda. Are, irakasle horrek zehaztapen interesgarria egin zigun: gelan neska musulmanak zeuden, eta bakar batek ere ez zuen irudikatzen bere burua etorkizunean zapia jantzita.
Harritu zaituzten irudikapenik ba al dago?
Hegan egitearen ideia errepikatzen da: zapatila bereziekin, autoekin... Dena den, neskato batek grabitate gutxiago egongo zela aipatu zuen. Bideo jokoak ere maiz agertzen dira: Fortnite, Minecraft... Bada, haur batek idatzi zuen istorio bat bideo jokoekin aspertuta zegoen ume bati buruz: depresioan erortzea zer den deskribatu zuen.
Nola egituratzen dituzue tailerrak umeen ekarpenak jasotzeko?
Lau tailer dira. Nolabaiteko prestaketa bat egiten dugu, azkenengoan ipuin bat konta dezaten: norberaren erretratua marraztu, gailuak asmatu eta azaldu... Guk euskaraz eta ingelesez egiten diegu umeei, baina beste hizkuntza asko erabili ditugu ikasle guztiek beren burua adieraz dezaten: hitza, idazketa, gorputza, adierazpen plastikoa...
Proiektua Europako beste sei herrialdetan gertatzen ari da: Erresuma Batua, Norvegia, Danimarka, Austria, Polonia eta Alemania. Ba al dakizu alde handirik dagoen beste herrialdeetan jasotzen ari diren emaitzekin?
Leku guztietan helburu bera dugu, baina ezberdin egiten dugu lan. Askotariko errealitateak dituzten umeen gogoetak bilduko ditu; oraindik ez dugu materiala alderatzerik izan. Uztailean egingo dugu hori, Alemanian; kultur eragile bakoitzak jasotako informazioa eramango du, eta antzezlana sortzen hasiko gara, gero parte hartu duten hirietan erakusteko.
Lehen aldia da halako proiektu bat egiten dela?
New International Encounter Theater erakundeak honen moduko proiektuak garatu izan ditu: sorkuntza partekatuan espezializatuta daude. Horiek dira Dena izango naiz proiektuaren liderrak. Dena den, inoiz ez da halako lankidetza egon herrialdeen artean. Interesgarria izango da gogoeta bateratu horiek ikustea.
Nola itzuliko diezue ikasleei haiek emandakoa?
Ume bakoitzaren ikuspuntua ale bat da, eta bilduko ditugun milaka ale horiek izango dira lehengaia antzezlan bat sortzeko. Azaroan helduko da Gasteizera, BeƱat Etxepare antzokira. Erakusketa bat ere egin nahi dugu ikasleek egindako marrazkiekin. Prozesuak ahalduntzeko balio dezake: sortzen lagundu duten lan baten ikusle izango dira.