bizigiro
Umoreak baditu bere itzalak
Ainize Madariaga
Baigorri (Nafarroa Beherea) zuri-beltzean lokartuko da Charles Chaplinen besoetan, Jackie Cooganek hain ongi lokartuarena egin zuen bezala The Kid pertsonaian. Larunbatean, urrezko Hollywooden murgilduko da Baigorri, aspaldiko laguna bisitan jinen baitzaio, aurten 130 urte beteko lituzkeen Charlot.
Izan ere, Basaizea elkarteak, Nafarroaren Egunaren bezperan antolatzen duen musikaldiaren karietara, The Kid film mutua proiektatuko du Xare laborategiaren zuzeneko musikarekin. Hain zuzen ere, Charles Chaplin eta Baigorriko Etxauzia jauregiko Harry Abadia Ürrüstoi hamar urtez izugarri lagunak izan bide ziren. Horregatik, Chaplinek hiru egonaldi egin zituen Etxauzian. Film hori proiektatzea hautatu dute, filma estreinatu zen urtean, 1921ean, biek elkar ezagutu baitzuten.
Gain hartatik, Baigorriri begia atxikitzen dio Etxauzia jauregiak, momentuko, pausan bada ere. Zortzi mendez Nafarroako Erresumari fidel egon ziren belaunaldiz belaunaldi bertako bizkondeak, bertzeak bertze, Grazian Etxauzek 1512. eta 1527. urteen artean Nafarroako independentziaren alde borrokatu baitzuen; bere seme Bertrand Etxauz Baionako gotzainak Lancre inkisidoreari buru eginez bortz euskal apez sutik libratu zituen 1609an.
Familia zenbaiten eskuetatik iragan zen gaztelua, harik eta Xarles Abadia Ürrüstoiren -Antton Abadia Ürrüstoi famatuaren anaia gazteenaren- esku gelditu zen arte, 1848an, zeina hil arte bertan bizi izan baitzen, «Etxauzeko andere» Marie Coulombekin batean, bere emazte paristar protestante feministarekin. Geroztik, familiaren ondasuna bazen ere, sustut Harry Abadia Ürrüstoi zen bertara usu joaten.
Harri honi goroldiorik ez
Arño Abadia Ürrüstoi zuen aita, zeina Buenos Airesen aritu baitzen lanean ingeniari gisa; ama, Katherine Taylor ingelesa. Hantxe sortu zitzaien Harry Abadia Ürrüstoi. «Bere bizi-ibilbideak baititu epopeia dramatiko intentso bat eraikitzeko beharrezko osagaiak; ezerezetik abiatutako arrakasta, ondoko porrota, bukaerako ahanztura absolutua... Eta hori guzia testuinguru errepikaezinean: 1920ko urteetako urrezko Hollywood horretan...», laburbildu du Carlos Roldan Larreta zinema historialari iruindarrak.
Chaplin 'The Gold Rush' grabatzen, gibelean Abadia duela. @RoyExports.A.S
Lehen Mundu Gerran parte hartu eta arkitektura ikasi ondotik, Parisen zinemagile amerikar bat ezagutu zuen: George Fitzmaurice, zeinak Hollywoodeko zinemaren negozioen paraden berri eman baitzion. Dena errateko, Abadiak «sorgindu» egin zuen hura: «Ingelesa, frantsesa eta espainola jakiteaz gain, argia, ironikoa eta kultua baitzen» jakiterat eman du Larretak.
Hala, AEBetaraturik, aktore eta zinema aholkulari lanetan hasi zen orduko izarrez inguraturik: bertzeak bertze, Marion Davies, William Randolph Hearst, Sam Wood, Douglas Fairbanks, Mary Pickford eta Gloria Swanson. Hain zuzen ere, Jose Luis Borauren El caballero d'Arrast liburuak ekartzen du 1926ko argazki bat zeinean Harry Abadia Ürrüstoi agertzen baita, Santa Monica hondartzan, garaiko aktore entzutetsuenez inguraturik.
Elkarrekin lanean
Hala izkiriatu du G. Weinbergek, Filcomment aldizkarian In memoriam H. D'Abbadie d'Arrast 1897-1968 artikuluan: «Hollywoodeko film industria hartan, Abadiak denei aurkezten zien beti sakelan zeraman zuhaitz genealogikoa bere deitura guziekin. Bere burua beti euskaldun agertzen zuen, ez argentinar, ez frantses, ez eta espainola ere», azpimarratu du Jose Julian Bakedano dokumentalgile ospetsuak.
Chaplinek goi mailako Parisez egin nahi izan zuen film bat: horretarako «preseski» Abadia behar zuen filmatze gomendioetarako, Larretak esan duenez. 1921an Charlie Chaplin ezagutzea mugarri izan zitzaion: A Woman of Paris filma izan zen bien arteko bilgunearen lehen ondorioa, 1922an; eta The Gold Rush obra, bigarrena, 1924an, Chaplin zuzendariaren laguntzaile gisa aritu baitzen Abadia. Ordutik aitzina bere baitatik aritu zen filmak egiten; tartean gidoi onenaren Oscar sarirako izendatu zuten, Laughter filma dela eta.
Behinola Chaplini galdetu ziotelarik zinemako historian txertatzeko zer film berreskuratu beharko zatekeen, izenburu enigmatiko bakarra utzi zuen: Le Tricorne. Zinegilearen erantzunak zalaparta «itzela» eragin zuen, kontatzen du Franco-Torre zinema historialariak Celuloide sin revelar blogean. Sustut deskubritu zelarik film ezezagun hori La traviesa molinera filma espainolaren frantsesezko bertsioa zela. Errepublika garaiko zinematografiaren «altxor galdua», oraingo egunean desagertua den hori, Abadiak zuen zuzendu. Are gehiago, Bakedanorentzat 1931ko Errepublikako filmik «garrantzitsuena» izan zen hura, Ricardo Soriano adiskide milioidunak produzitu eta Chaplinek United Artisten bidez banatu ziona. Dio urte horretan egon zela Chaplin Miarritzen (Lapurdi), Hotel du Palais famatuan. Oraindik ere, hoteleko gela «garestienak» bere izena darama: Charles Chaplin appartment.
Baigorriko bakantzak
Baigorri Etxauzian hiru aldiz egon zen Chaplin: 1925ean, 1926an, eta azken aldiz 1931n. Irudimena zalu martxan jartzen hasi da Josu Martinez Basaizea elkarteko kide eta dokumentalgilea. Izan ere, garai hartan Abadia eta Chaplin Baigorrin auto amerikar zuri batean sartzen ikusten baititu: «Herriko jende guzia 'Charlot hor da!' ariko zen oihuka, autoa inguratuz. Baina, Charlot hura ibilgailutik ateratzean, mustatxarik gabeko pertsona normal bat ikusi zuten. Sekulako dezepzioa hartu omen zuten!», kontatu du Martinezek, baigorriarrei entzunik. Gisa berean, Baigorriko bizarginak moztu omen zion bizarra behin: «Urrezkoa izan balu bezala kontatu bide zuen, bere bizitzako gailurra izan zen! Horrelakoak gertatzen dira ilustre bat datorrelarik».
Elkar ezagutu eta hamar urtez adiskidantza estua ukan zuten, harik eta errotik etsaitu ziren arte. «Uste dut Chaplini, aro modernoko pertsonaiarik ezagunenari, itzala egiten hasi zitzaiola Abadia, eta ez zitzaion gustatu», xehatzen du Martinezek. Borauren liburuak ekartzen du bien arteko arrailduraren ustezko zergatia: lehenik, Edgar Neville zinema-zuzendari eta antzerkigile adiskideak kendu zion ideia, eta gero Chaplinek. «Sekulan ukan zuen ideia hoberenetarik bat» idatzirik utzi zuen Abadiak gutun batean: gizagaixo baten eta zezen baten arteko adiskidetasun tragikoa; Madrilera joan baitziren biak jendea agusaraztera, baina gizagaixoak bertan hiltzen du kabala. Ideia Chaplinek maitatu zuen, Abadiari erran ere egin baitzion filma diruztatuko ziola.
Haatik, 1931ko uda hartan Donostiara abiatu zen adiskide parea, hain zuzen ere, korrida baten ikustera. Hartan, Chaplinek, lagunez ontsa inguraturik, bota omen zuen «sekulako ideia» bururatu zitzaiola, eta gizagaixoarena kontatu zuen berea bailitzan. Abadiak, ordea, ideia ebatsi ziola aurpegiratu ziolarik, Chaplinek erantzun zion: «Ororen buru ideia arrunt aisita da». Horretan akitu bide zen bien artekoa. «Hainbertzeraino ziren muturtu, non Chaplinek Abadiaren izena ezabatu egin baitzuen The Gold Rush filmaren 1942ko bertsio berriko kredituetatik», ohartarazi du Roldan Larretak. Abadiak «beti» leporatu zion bere ideiak erabili izana jatorria aitortu eta baimenik eskatu gabe.
Biografian, txintik ere ez
Dena den, ezin jakin daiteke hau izan ote zenez kexatzearen arrazoi bakarra, edo gertakarien metatze bat izan zenez. Baliteke ere Chaplin Abadiaren «izaera zail eta fierraz» nazkatu izana, Larretak dioenez. Horrela, My Autobiography liburuan Chaplinek ez zuen Abadia aipatu ere egin.
Paradoxa badirudi ere, biek ala biek Hollywood kitatu behar izan zuten, Chaplini «komunista eta immorala» izatea leporatu baitzion Amerikar Aktibitateen Komiteak. Izan ere, II. Mundu Gerlan atera zuen The Big Dictator. Abadia, berriz, bertako jende ororekin aharratu zen: demagun, Joe Shencki leporatu zion karrera peko errekara igorri ziola, edo, Samuel Goldwynekin eztabaida latzak ukan zituen Raffles filmaregatik. «Dakidana da Harry Hollywood osoarekin etsaitu zela bere izaera intransigente eta harroarengatik», dio Larretak. Abadia arruinaturik zendu zen Montecarlon, ahantzirik eta bakarturik, iturri guzien arabera. «Makinekiko adikzio larriak eraman zuen», dio Bakedanok. «hondar urteetan Hollywoodeko etsaigoa bere aurkarko juduen arteko konplotean ari zela zioen», deitoratu du Larretak. Baigorrin ehortzia da, eta Larretak beti aldarrikatzen du herriak eman diezaiola «inskripzio bat haren omenez, ezabatua baita».