astekaria 2019/04/26
arrowItzuli

kultura

ARPILATZEA IKUSGAI

Ainhoa Sarasola

ARPILATZEA IKUSGAI

Herri baten kultur ondarea jatorrizko lekutik milaka kilometrora bisitatu daiteke egun. Edo, beste era batera esanda, ezin daiteke jatorrizko lurraldean bertan bisitatu. Menpean hartutako lurraldeetatik arpilatutako piezekin aberastu zituzten urteetan beren bildumak Mendebaldeko museo nagusiek, eta milaka eta milaka daude oraindik haietan ikusgai. Hainbat herrialde beren ondarea itzultzeko eskaera ofizialak egiten hasi zirenetik hamarkadak igaro dira; ezezkoa jaso dute gehienetan, edo isiltasuna. Bestelako jarrera hartu izan dute zenbait museok, eta zirrikituak ere ireki izan dira horrela. Baina arrakala are handiagoa zabaldu du orain Frantziako Gobernuak Afrikako hainbat herrialderi beren ondarea itzultzeko berriki agertutako asmoak. Iragarpena zertan gauzatuko den ez dago argi, baina eztabaida mahai gainean dago berriro ere. Adituen ustez, halere, urteak beharko dira emaitzak ikusten hasteko.

Historiako aro guztietan arpilatu da kultur ondarea. Dokumentatuta daude, esaterako, Mesopotamian K.a. 2000 urteetan gudari lotuta eginiko lapurretak, eta ohikoak ziren Erromatar Inperioan eta Erdi Aroan ere. Gaur egun ere, ondarearen lapurretak ugari dira mundu zabalean, nahiz eta haiek eragotzi eta kontrolatzeko mekanismoak sortzen hasi ziren iragan mendearen erdialdean, nazioarteko hainbat erakunderen sorrerarekin. Edonola ere, antzinako zibilizazioetako eta egungo hainbat herrialdetako kultur ondareko piezaz gainezka daude Londresko British Museum, Parisko Louvre eta Berlingo Neues Museumeko areto eta biltegiak, beste askoren artean.

Europako eta AEBetako museo nagusiak pixkanaka joan ziren pieza horiez hornitzen. XVIII. mendearen amaieratik II. Mundu Gerraren amaiera bitarte —bereziki XIX. mendearen erdialdetik XX.eko erdialdera arte— hasi ziren iristen museoetara orain auzitan dauden piezak. Izan ere, kolonizazioarekin lotura estua du haien iritsierak. «Orduan hasi ziren lurralde kolonialista nagusiak —Ingalaterra, Frantzia, Alemania eta, pixka bat aurrerago, AEBak— kontrolatzen zituzten lurraldeetan artelanak hartzen eta ekartzen», Haizea Barcenilla arte historialari eta EHUko irakasleak gogora ekarri duenez. Espedizio zientifiko eta militarretan edo kolonia ziren lurraldeetan eginiko sarraski eta arpilatzeetan bidegabe eramandakoak izan ziren horietatik milaka eta milaka. Bestelako bideetatik lortutakoak beste asko, berdinen artekoak ez ziren baldintzetan lortuak sarritan. «Orain, Egipton, esaterako, indusketa bat egiten baduzu eta hango ondarea aurkitzen baduzu, ezin duzu zeure herrialdera eraman; inoiz ez da zeure jabetzakoa izango. Baina garai hartan oraindik bai, eta indusketetan topatzen zutena eraman egiten zuten», azaldu du Barcenillak.

Hala, Niniveko palazioko erliebeak Londresen bisitatu daitezke, Partenoiko marmolak dauden museo berean. Eta Berlinen dute Nefertitiren busto famatua; handik hurbil, beste museo batean ikus daitezke Babiloniako ateak eta Pergamoko aldarea, besteak beste. Kontaezinak dira adibideak.

Lapurretak eten ez baziren ere, II. Mundu Gerra amaitu, koloniak independentzia lortzen hasi, eta nazioarteko hainbat erakunde sortzearekin batera, auziaren inguruko kontzientzia zabalduz joan zen pixkanaka. Horren erakusle dira Unescoren 1954ko eta 1970eko konbentzioak, Jessica Dominguez Unesco Etxeko kultur teknikariak gogora ekarri duenez. «1970. urtean, Unescok konbentzio bat egin zuen zehazteko zer neurri hartu behar diren kultur ondasunen legez kanpoko inportazio, esportazio eta jabetza-transferentziak debekatu eta eragozteko». 1954ko testuak, berriz, gatazka armatu baten testuinguruan lurralde okupatuetan arpilatzeak egitea debekatzen zuen.

Urteak egin ditu Unescon lanean Maider Marañak, eta EHUko Paisaia Kulturalak eta Ondarea Unesco Katedraren koordinatzailea da egun. 1970eko akordioaren harira —eta beste batzuetan ez bezala—, gobernuen arteko batzorde bat sortu zela nabarmendu du, lapurtutako ondarea jatorrizko herrialdeei itzultzea sustatzeko. Batzorde horrek, estatu batek eskatuz gero, bitartekari lanak egiten ditu. Eta Dominguezek gogorarazi duenez, hainbatetan lortu ditu adostasunak piezak itzultzeko.

Dena den, Unescoren mugak onartzen dituzte bai Marañak, bai Dominguezek; estatuen elkarte bat dela gogorarazi dute biek, eta, beraz, estatuek dutela azken hitza erabakiguneetan. Estatuen arteko harremanak eta norbere interesak sartzen dira jokoan. «Eta interes horiek», Dominguezek gehitu duenez, «ekonomikoak, turismoari lotuak, kultur arlokoak... handiak izaten dira».

Nor da ondarearen jabea?

2017ko azaroan, Uagadugun eginiko hitzaldi batean, Emmanuel Macron gobernuburuak konpromisoa agertu zien Frantziako kolonia izaniko Saharaz hegoaldeko herrialde afrikarrei beren ondarea itzultzeko. Asmo hori gauzatzeko bideak aztertzeko ere eskatu zien bi adituri, eta beren proposamenekin txosten bat egin zuten Benedicte Savoy arte historialari frantsesak eta Felwine Sarr ekonomialari senegaldarrak. Iazko azaroan helarazi zioten Frantziako Gobernuari, eta argia da haien iritzia, testuan jaso zutenez: jatorrizko herrialdeek hala eskatzen badute, arpilatutako ondarea horietara itzuli behar da. Eta aldi baterako mailegatzearen aldean, betirako itzultzea hobesten dute.

Barcenilla, Dominguez eta Maraña bat datoz horrekin; nork bere ñabardurekin, hirurek diote herrialde eskatzaileek eskubidea dutela beren ondarea berreskuratzeko, egun gerra egoeran daudenekin salbuespena eginda, eta kasuan kasuko azterketak osatuta. Marañarena da lehen zehaztapena: «Bat nator itzultzearekin, betiere laguntza proiektu bati lotuta badoa. Ez da bakarrik objektuak hara bidaltzea, baizik eta, behar izanez gero, laguntza ematea, ekonomikoa edo dena delakoa».

Piezak ez itzultzeko eman izan diren argudioen artean dago herrialde hartzaileak sarri ez lukeela izango baliabiderik ondarea behar bezala zaintzeko. Gerra egoeretako salbuespenarekin, ez dator guztiz bat Maraña. «Nire argudioa litzateke ondare hori beren museoetan duten Europako herrialdeek lankidetza proiektuak egin beharko lituzketela, errazteko jatorrizko herrialdeek objektu horiek berriz ere kalitatez eduki ahal izatea». Dominguezek azpimarratu du Mendebaldeko ikuspegitik esaten direla halakoak. «Kasu bakoitza zehazki aztertu beharko litzateke, eta ikusi hori benetan hala den edo noraino dagoen atzean ekonomiari edo turismoari lotutako arrazoi bat».

Gerra egoeran arpilatutako ondareaz eztabaida gutxi dago; adostasun zabala dago ondare hori itzuli egin behar dela: naziek lapurtutakoa, kasurako. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, auziaren beste ertz batzuekin. Eta zailtasunak ekar ditzaketen korapiloak ez dira gutxi. Definizioetan egon liteke lehena. Unescoren testuetan, «lapurtutako» edo «legez kanpo hartutako» ondareari egiten zaio erreferentzia. Baina Savoyk eta Sarrek beren txostenean diote indarrez hartutakoa ez ezik berdintasunezkoak ez diren baldintzetan lortutakoa ere itzuli beharko litzatekeela. Eta hori zehazteak «izugarrizko arazoak» ekarriko dituela uste du Barcenillak.

Partenoiko marmolen bildumarena da adibide esanguratsuenetako bat harentzat. Elgin marmolak esaten diete, Lord Elginek eraman baitzituen Atenasetik, eta egun British Museumen daude, Greziak urteak daramatzan arren itzultzeko eskatzen. «Ingalaterrak baimena zuen artelanok eramateko, baina Otomandar Inperioak emana —garai hartan Grezia inbaditua zeukan—; botere kolonial bat zen nolabait, eta ez zen beren ondarea, greziarrena zen. Legez ez zen arpilatzea izan, ez zuten lapurtu, baina egun eramate hori etikoki oso zalantzagarritzat jotzen da. Eta beste hainbatekin gertatu da gauza bera».

Ugari dira adibideak. Eta korapilatsuak maiz. «Mizenasko gauza ugari daude Alemanian, induskatu zuena alemaniarra zelako eta alemaniar diruarekin aritu zelako. Baina egun gauza asko Errusian daude, II. Mundu Gerran Alemaniari arpilatu zizkiolako», azaldu du Barcenillak. Kasu horretan ere, arkeologo alemaniarrek legez ez zituzten ondasun horiek lapurtu; zeuden lurra erosita lortu zituzten. Eta Afrikan «gauza bera mila aldiz» jazoko zela ziurtzat dauka, etnien ondasunekin, adibidez, jabetza pribatua ez zegoelako Europako herrialdeetan bezala arautua. «Legez agian ez da arpilatzea, baina etikoki bai».

Kontzeptuen definizioek zuzenean eragiten diote jabea nor den eta, hortaz, ondarea nori itzuli behar zaion zehazteari. Marañaren ustez, une bakoitzeko legediaren arabera definitu da arpilatzea, botere harremanei asko erreparatu gabe. «Hala, definizio askok ez dituzte kontuan hartzen naziorik gabeko herriak edo kolonizazio prozesuen osteko menpekotasun egoerak». Komunitate indigenen kasua nabarmendu du. «Nire ustez, haien artea arpilatua izan da, nahiz eta ez den hala jotzen, lurralde baten mugen barruan geratu baita; estatuak hartu du, eta bere museoetan erakutsi, askotan komunitateez ikuspegi negatiboa emanez, eta hori ez da per se arpilatzetzat hartzen». Halako pieza ugari atzerrira ere eraman ziren, eta, Marañaren iritziz, herri indigena batzuek ez lukete ontzat joko komunitateei itzuli beharrean estatuari itzultzea. Bide beretik mintzo da Barcenilla ere; kolonizazioen osteko Afrikan etniak eta lurraldeak ez datozela bat aipatu du adibide gisa. «Parisko Quai Branlyko lanak, adibidez, etniei lotuta daude, eta etnia horiek, lurraldearen gobernuaren arabera, gutxiengoan egon litezke. Haien ondarea gobernuari itzuliko zaio, jakinda gutxietsiak eta menpean dituela? Hor nazioarteko beste erakunde batzuek ere tartean sartu beharko lukete». Marañaren ustez, «ondarea nazio-herri baten elementu gisa hartu izan da askotan, hau da, agintariena dela, eta ez komunitatearena, jendearena».

Aldebiko prozesuak

Savoy-Sarr txostenaren arabera, Afrikako kultur ondarearen %90 inguru dago kontinentetik kanpoko bildumetan; Frantzian, kasurako. Parisko Quai Branly zentroan bakarrik, Saharaz hegoaldeko herrialdeetako 70.000 objektutik gora daude. Txostenak argi uzten du inork ez duela proposatzen objektu horietatik denak, batera eta berehala itzultzea, ezta herrialde eskatzaileek ere. Prozesu mailakatu bat proposatzen dute bi adituek, bi herrialdeen arteko elkarlana oinarri duena.

Dominguez, Maraña eta Barcenilla bat datoz kasuz kasu aztertu behar direla eskaerak, eta elkarlan prozesuak garatu behar direla. Prozesu parte hartzaile eta hezitzaileak landu behar dira, Dominguezen ustez. «Unescok beti proposatu du tresnak eman behar zaizkiela profesionalei, kultur eskubideez informazio gehiago izateko; etika hori landu behar da, eta lankidetzan landu behar da».

Kultur eskubideez mintzo da Maraña ere, gogora ekarriz Nazio Batuen Erakundeak onartua duela pertsona orok duela eskubidea kultur bizitzan parte hartzeko. «Gaiari buelta bat eman, eta pentsatu behar genuke ondare hori Europan izatea primeran dagoela guretzat munduko historia ulertzeko, baina askoz ere balio handiagoa izango lukeela jatorrizko herrialdeetan egonda, komunitateen garapenerako, beren identitatea landu, nortasuna defenditu eta barne kohesioa sustatzeko».

Erreparazio prozesuez hitz egin du Barcenillak. «Azken finean, eta Frantziaren kasu jakin honetan, lapurreta kolonial batzuei buruz ari gara, eta kolonialismo horren ondorioak oraindik ere pairatzen dituzte Afrikako lurralde horiek. Alde horretatik, prozesu sinboliko inportantea iruditzen zait lurralde bati lapurtutakoa itzultzea, erreparazio prozesu gisa. Eta uste dut bi herrialdeen arteko elkarrizketaren bidez egin beharko litzatekeela hori».

Frantzian irekitako arrakalak kolonialismoaren gaineko eztabaida sakonagoa utzi du agerian. Herrialde askori eragiten die, eta, hortaz, pentsatzekoa da egin daitezkeen urratsei adi egongo direla. Barcenillaren iritziz, «Pandoraren kaxa hori irekiko balute, potolo samarra litzateke, Europako lurralde nagusiek baitituzte halako piezak». Geroari begira, baina, ez dago baikor; «egungo erregresio unea kontuan izanda», ez du uste Mendebaldeko herrialdeak prest daudenik iragan kolonialaz autokritika egiteko, ez eta eztabaidari heltzeko aski irekiak daudenik ere. «Uste dut eztabaida irekita dagoela, baina oraindik urte asko itxaron beharko ditugula aldaketak ikusteko».

Zaila ikusten du Dominguezek ere orain beste herrialde batzuk eztabaidara batzea, «inork ez baitu nahi halako gai polemiko bat berera iristea». Baikorrago dago Maraña. «Baikor nago, ikusi baitut aldaketak nazioartean beti pixkanaka gertatzen direla, eta ezinezkoak ziruditen gauza asko lortu direla. Hain mantso doa nazioarteko komunitatea, ulertzen baitut jendea desesperatzea. Baina ziur naiz pieza hauek jatorrizko herrietara itzuliko direla; pixkanaka, bai, baina uste dut atzera-bueltarik gabeko pausoa dela».

BERRIAn argitaratua (2019/04/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA