astekaria 2019/04/26
arrowItzuli

ekonomia

KARGALEKUEN ORDUA IRITSI DA

Irune Lasa

KARGALEKUEN ORDUA IRITSI DA

Kargatzeko toki publikoen eskasia da oztoporik handienetakoa auto elektrikoek merkatuaren zati handiagoa hartzeko. Ibilgailu elektrikoek oraindik beste ibilgailuek baino autonomia murritzagoa dutenez -200 bat kilometro-, bidaia luzeetarako ahalmena erabat baldintzatzen du bateriak betetzeko tokiak gutxi izatea. Baina, eta horretan dago paradoxa, kargaleku publikoak ugaltzeko muga nagusia gaur egungo eskari urria da, auto elektrikoen kopuru txikiak zalantzazko egiten duelako kargalekuen errentagarritasuna.

Hala ere, egoera hori bizkor aldatuko da. Beharko du aldatu, gobernuek eta Europako Batasunak klima aldaketari aurre egiteko euren buruei ezarritako helburuak beteko badira. CO2 isurketak murrizteko garraioak eragiten dituenei heltzea funtsezkoa izango da.

Izan ere, Europako berotegi efektuko gas isurien laurdena garraioak eragiten du. Azken gorakada kenduta, beste sektoreetan, pixkanaka, isuriak murrizten 1990ean hasi baziren, garraioan murrizketa hori 2007ra arte ez zen hasi, eta oraindik ere garraioaren berotegi efektuko gas isurketak handiagoak dira 1990ekoak baino -Parisko akordioak urte hartako isuriak ditu erreferentziatzat-. Eta garraio sektorearen barnean, alde handiz, errepideko garraioa da kutsatzailerik handiena: isurien %80 ditu.

Gogoratu behar da klima aldaketa mugatzeko Europako Batasunak bere buruari ezarritako helburua zein den: berotegi efektuko gasen isurketa 1990ekoa baino %40 txikiagoa izatea 2030. urtean. Garraioarentzat ere badu helburu bat ezarria: isurketak 1990koak baino %25 txikiagoak izatea 2025erako, eta %60 txikiagoak 2050. urterako.

Garraio garbiagoaren bila, ibilgailu elektrikoen aldeko apustua gero eta argiagoa da herrialdeen asmoetan. Baina, oraindik ere, ibilgailu horien zabalkundea mugatua izan da Europan. Esaterako, 2017. urtean, Batasuneko autoen %0,3 soilik ziren elektrikoak. Egia da, ordea, haien salmenta handitzen ari dela: elektriko bateriadunak 2017an saldutako %1,5 izan ziren, eta 2018an %2ra iritsi zen kopuru hori.

Elkar elikatzea

Zenbateraino bultzatuko lukete kargaleku publiko gehiagok ibilgailu elektrikoen hedapena? Europako Parlamentuak agindutako ikerketa baten arabera, kargaleku sare zabalak ez dakar automatikoki gorakadarik auto elektrikoen salmentetan, baina hori bai, nahiko argi dago kargaleku sare eskasak autoen erosleak kikildu egiten dituela. Ibilgailu elektrikoen salmentan gorakada espero den moduan, kargalekuekin berdin gertatuko dela uste da.

Europan, Herbehereak, Erresuma Batasuna, Alemania, Frantzian eta Norvegia dira aitzindariak, guztiak 10.000 kargaleku publiko baino gehiagorekin. Lautik hiru daude herrialde horietan. Egia da ere EBko autobide nagusietan kargaleku bizkor bat dagoela 60 kilometroko. Baina auto elektrikoen kopuru txikia eta kargaleku eskasia da Europako Batasuneko beste herrialde gehienetako errealitatea. Herrialde batzuk, Europako Parlamentuaren ikerketa baten arabera, mantsoago doaz besteak baino. Ipar mendebaldeko herrialdeak doaz aurrena; haien auto eta kargaleku kopurura bost-hamar bat urte geroago iritsiko dira Espainia, Italia eta Portugal, eta are geroago Europako hego eta ekialdeko herriak.

Zonaldekako bilakaerak bilakaera, Europako Batzordeak uste du gauzak bizkor aldatuko direla, eta iritsi dela kargalekuen garaia. 2020. urterako, Europan publikoki eskura egongo diren 440.000 kargaleku beharko direla aurreikusi du Bruselak, eta kontua ez dela motelduko; 2025. urterako beharra bi milioi kargalekukoa izango da. Autoak ahalik eta bizkorren kargatzeko eskaintza gero eta handiagoak ere erraztuko du bide hori.

Kargaleku publikoen azpiegituraren gabezia handienetako bat hari buruzko ezagutza falta da. Kargaleku sarea erabiltzaile posibleek uste baino handiagoa da hainbat tokitan, Batasuneko ikerketen arabera. Eta pertzepzio hori autonomiaren antsietateari lotuta, baldintzatzailea da erosle posibleentzat. Europako Parlamentuaren ikerketak salatu du erabiltzaileek oraindik ez dutela eskuragarri kargaleku guztien berri jasoko duen Europa mailako informazio iturririk. Euskal Herrian ere kargaleku publikoen sareari buruzko informazio bateraturik ez dago. Eta hori, Espainiarekin alderatuta, kargalekuen kopurua handia dela -oso txikia izan arren Europa iparraldearekin alderatuta-.

Kargaleku publiko kopuru handiago horren arrazoia Ibil da. EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Repsolek 2009an eratutakoa, Ibil auto elektrikoentzako kargalekuak egiteko sortu zen. Kargalekuak ezartzen ditu etxebizitza partikularretan, enpresetan eta merkataritza guneetan. Baita kargaleku publikoak ere.

Lopidako kargalekua

Ibilen azken apustu handienetakoa, hain zuzen, karga bizkorreko kargaleku publikoak dira. Hortik, adibidez, Repsolek hilabete honetan Lopidan (Araban) ezarritako karga ultralasterreko kargalekua, penintsula osoko lehena dena. Lau zutoinetan, 700 kWeko gehieneko potentziarekin, betiere ibilgailuaren bateriaren arabera, lau auto kargatu ditzake 175 kWeko potentziarekin edo bi 350 kWeko potentziarekin. 350 kWekin, horretara egokituta dagoen autoa sei minutuan kargatu daiteke.

Lopidakoaren ostean, Ibilek karga ultralasterreko beste lau ezarriko ditu datozen hilabeteetan Bilbon, Repsolen beste gasolindegi batean.

Iberdrola da Euskal Herrian auto elektrikoentzako kargalekuak ezartzen dituen beste konpainia. Etxebizitzetako eta negozioetako kargalekuen alorra da Iberdrolaren negozio estrategia nagusia, baina karga bizkorreko kargaleku publikoak ezartzen ere hasia da, eta bidea urratzen asko lagunduko dio Eserguiren Avia gasolindegiekin egin duen hitzarmenak.

Tesla auto elektrikoen konpainia ezagunenak ere baditu kargalekuak Euskal Herrian, baina guztiak negozioetan ditu ezarriak, hotel, jatetxe eta merkataritza guneetan.

BERRIAn argitaratua (2019/04/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA