iritzia
Komuneko literatura
Jaume Gelabert
Bestalde, badira komunetako ate eta hormetan betiko irauteko propio eginak ematen duten adierazpen asko, baina litekeena da inork sekula ez betikotzea inongo bainugelatan. Burura etortzen zait, esaterako, Fernando Aramburuk Twitterren bidez zabaldutako Oriana Fallaciren aipua: «Bi faxista mota dago: faxistak eta antifaxistak». Patria eleberri sarituaren egileak aldarrikatu du esakunearen funtsa, liburuan ere islatu duena: zalantzarik gabe komunerako aproposa da. Beste horrenbeste esan genezake hauteskunde kanpainan entzunen, irakurriko ?eta, agian, ahopeka edo oihuka errepikatuko? ditugun kontsignez. Gogoan dut eskolarako bidean irakurri dudan Navarra Sumarena: «Etorkizuna, Askatasuna, Eraberritzea, Proiektuak, Balioak, Akordioak, Zurekin». Erabakitzen ari naiz komuneko zer leku izanen litzateke egokiena koalizio nafarraren proposamena partekatzeko. Nonbait, barrenak askatzeko beta eskaini dit leloak; baina nire barne prozesuaren fruitua ez da iraunkorra izanen, ahanzturaren zulo beltzak xurgatuta galduko baita betiko.