astekaria 2019/04/19
arrowItzuli

kultura

Chavela, urradura indar

Itziar Ugarte Irizar

Chavela, urradura indar

Mexiko, 1991. Chavela Vargas emakume gazte batzuekin solasean. Gazteak elkarrizketa grabatzen, haien miresmen ahotsa kameren atzean. Kantaria bere bizitzako une giltzarri batean dago; hamabi urte agertokietatik kanpo egon ondoren, itzuli berri da oholtza gainera, bere benetako abarora. Begirada pausatuarekin mintzo da. «Has gaitezen esaten nora noan. Interesgarriagoa da denentzat, ez nondik datorren, baizik norantz doan». Irudiak Chavela (2017) lanean agertuko ziren gero, Catherine Gundek eta Daresha Kyik hartuta.

Vargasen izena Mexikori lotua da alderik alde; hura hartu zuen kantariak lurraldetzat. Baina sortzez costarricarra zen, «munduaren azken muturrekoa», esan ohi zuenez. Han eman zuen haurtzaroa, eta han zabaldu zitzaion gero gaiztotuz joango zen zauria. «Oso bakarrik hazi nintzen. Inoiz ez nintzen eskolako ume jolasti bat izan; ameslaria nintzen, neskato bat baimenik gabe gauerdian jaikitzen zena serenata jotzen ari ziren tokira joateko, musika entzutera eta ilargia ikustera». Gonbidatuak heltzen zirenean etxekoek ezkutatzen zuten «neskato maskulinoa» zen bera.

Izenez —Isabel Anita Carmen de Jesús Vargas Lizano jarri zioten etxean— eta lurrez lekualdatuta, 17 urterekin heldu zen Mexikora. «Hain izan zen bidaia arraroa. Zerbait deika nuen handik. Artea den izaki ezezagun hori nuen zain». Kontatu ohi zuen Mexikok irakatsi ziola zena izaten, ostikoka irakatsi bazion ere. «Mexikok heldu ninduen, eta esan zidan: 'Emakume egingo zaitut, gizonen lurrean heziko'». Hango kantu tradizionalean hartu zuen babes, baina rantxerak ere ez zeuden bere neurrira eginda. Jose Alfredo Jimenez abeslari eta konpositorea topatu zuen bidean, eta haren eskutik heldu zen lehen tabernetan eta kabaretetan kantatzera. 1950eko urteak ziren, eta mundu osoko bisitariak izaten zituen entzule gaua joan eta gaua etorri. Hala, atzean uzten joan zen ordura arteko rantxerak ezaugarritzen zituen dena; atzean uzten eskuak gerrian jarrita kantatzea, traje koloretsuak eta mariatxien kapela zabalak. Aski zuen bizpahiru gitarrarekin eta bere ahotsa erdian jartzearekin. Rantxerari festa girotik zuen guztia kendu zion, oinazearen musika bihurtzeko, arima zaurituaren aienea, kantuz emandako aienea.

Bakardadea lagun eta etsai

Lodia zuen ahotsa, eta ekaiztsua kantua. Negarra ateratzen zuena, eta negarrez ariko balitz bezala kantatzen zuena. Muturreko jarrerak ziren sarri Vargasenak, kantuan bezala eguneroko bizitzan. Izateko era libre, mikatz eta errebelde batek bereizten zuen, eta horrek eraman zuen, barruan bizi zuen min habiarekin batera, alkoholismo luze eta gogor batean jaustera. Hamarkada pasako itzalaldira igaro zen, eta zale askok hila zela ere uste izan zuten. Garairik ilunena izan zuen, alkoholaren —tekilaren— menpean bakartuta. Hala azaldu zuen urteak igarota: «Alkoholismoa gaixotasun bat da, arimaren menpekotasun bat; bakardadearen gaitza, abandonuarena, jende askoz inguratuta egotearena eta, azkenean, inortxotaz ez».

Baina atera zen. Atera gaitzetik eta atera ostera oholtzara, bere beroki gorriarekin —ahotsik gabe geratu zen gaueko soinekoarekin eta takoiekin agertokira igo zen aldi bakarrean—. Espainiara bidaiatu zuen lehen aldian, Pedro Almodovar zinemagilea ezagutu zuen, eta harremana «ezkontza artistiko bat» bihurtu zen , Vargasen hitzetan. Urte haietan hasi zen kultuzko kantari bihurtzen; 1994an Parisko Olympia antzokian eta 2003an New Yorkeko Carnegie Hallen emaniko kontzertuak, goraino beteak, geratu dira frogatzat. Almodovarren filmetan ere hartu zuen parte kantariak, 1995eko La flor de mi secreto-n (Nire sekretuaren lorea), kasurako. «Oinazea erlijio moduko bat da, zeinaren bitartez den-denok oso ondo ulertzen dugun elkar. Eta Chavela da erlijio horren buru handiena», nabarmentzen du Almodovarrek Chavela-n.

Umetatik apurtu zituen beretzat ezarriak ziren muga moralak eta formalak. Eta, oinazearen kantari izan zen bezala, denborak indarraren eta askatasunaren ikur ere bilakatu du. Mende berriarekin hitz egin zuen aurrenekoz, era publikoan, lesbiana izateaz. «Lesbiana baldin bazara, marjinala zara. Baina nik galtzak jantzi nituen, eta publikoa isilik geratu zen». Kantuetan gorde zituen maitasun istorioek eta haien bukaera sarri tragikoek utzitako bizipenak: Macorina, La llorona, En el último trago, No volveré... Bere kantuetako isiluneak «urradurak» zirela esan ohi zuen.

Azkenera arte tinko, 80 diskotik gorako obra utzi zuen, eta hil zen urtean atera zuen azken lana, Luna grande (2012). Ahul zebilen ordurako, baina ez zuen lehenengoan onartu. Bere bidelagun fidelena bakardadea zela errepikatzen zuen, eta hark ematen zion askatasunean jarraitu nahi zuela bukaerara arte, laguntzarik gabe. Espainiara egindako azken bidaiaren ostean, Mexikora itzuli zen agurtzera, eta bertan hil zen, 93 urterekin. «Bizitzan egia beti gainjartzen da azkenean; kosta egiten da, asko sufritzen da, baina aurrera ateratzen zara». Gaur 100 urte hasi zen dena.

BERRIAn argitaratua (2019/04/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA