astekaria 2019/04/19
arrowItzuli

gizartea

Egiteko, eragiteko, eginarazteko

Garikoitz Goikoetxea

Egiteko, eragiteko, eginarazteko

Mezu sakona, esanahiz betetakoa, eta etxeko lan ugari jarri dituena. Maialen Lujanbiok idatzitako mezua ibili da 11 egunean Euskal Herri osoan barrena, Korrikaren lekukoan sartuta. Egiteko, eragiteko eta eginarazteko deia egin du Lujanbiok: bai herritarrei, bai euskalgintzari, bai erakundeei. Korrikaren lehen balorazio ofizialean, gustura agertu da AEK: nabarmendu du inoiz baino jarraipen handiagoa izan duela lasterketak, bai partaideetan, bai hedabideetan. Eta inportanteena: klika egiteko deia zabaldu dela, eta ez norbanako herritarren artean bakarrik. Eragileen eta erakundeen konpromiso zehatzak bildu nahi izan dituzte Korrikan, eta 50 eragilek izenpetu dituzte jada. Horiek izango dira 21. Korrikaren legatua: Lujanbioren mezua eta entitateen konpromisoak.

Bi urte barru egingo dute 22. Korrika. Aldaketarik ez badago, Araban abiatuko da, Gasteizen bukatu baita aurtengoa. 2021eko martxoaren 18tik 28ra izango da.

Hona 21. Korrikaren gako nagusiak, Lujanbioren mezuko pasarte nagusiak oinarritzat hartuta.

«Hizkuntza ez da edukitzekoa. Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika»

Euskaraldiarekin lotura nabarmena izan du Korrikak. Klika leloaren alderdi bat hori izan baita: ohiturak aldatzea, erabilerarako jauzia ematea. Segida bat irudikatu du Korrikak, horrenbestez. Euskararen aldeko jarrera erakusteko bilgune nagusia da Korrika, baina AEKren asmoa izan da aldekotasunari konpromisoa eranstea, benetan eragitea. Furgonetako leloetan nabaritu da, adibidez: «Euskararen alde bai, euskaraz ere bai». Korrikalari ugarik kalera atera dituzte ahobizi eta belarriprest txapak. Lasterketan bertan belarria jarrita, nabari da badagoela lana aldekotasun hori erabilerara eramateko.

«Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri mugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi»

Lehenbiziko Euskaraldiak norbanakoen konpromisoak izan zituen ardatz, norbere ohiturak aldatzea. Beste alderdi bati ere begiratu dio Klika leloak: eragileen jardunari. Aurreko Korrikan, Santiagoko zubian egin zuten argazkia, Gipuzkoa eta Lapurdi artean: euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariak elkarrekin. Bastidan bildu dira aurten. Keinu esanguratsua da: Araba ertzean, euskaldunak gutxiengoa diren lekuan, mahasti artean. Lankidetza irudikatu nahi izan dute. Horretarako oinarria zein den argi seinalatu du Lujanbiok mezuan, zein den euskararen auzi politikoa: herritarrek egitea, eragileek eragitea, erakundeek eginaraztea.

«Euskarak behar du herri honen sistema eragilean»

Oinarri horretarako, argazkietatik haragoko konpromisoak bultzatzen saiatu dira Korrikan. Hain justu, Bastidan bertan konpromiso batzuk sinatu zituzten euskalgintzako eragileek eta erakundeek: datorren Korrika iritsi aurretik zer urrats egingo dituzten. Haiek bakarrik ez: Korrika abiatu aurretik, beste 30 eragilek ere izenpetu zituzten konpromiso batzuk. Tartean daude alderdi politikoak, sindikatuak eta askotariko gizarte eragileak. Konpromisoak hartzeko atea zabalik du oraindik AEK-k. Zerrendan nabari dira hutsune batzuk: arlo sozioekonomikoko eragileak eta hedabideak, adibidez. Sistema eragilean giltzarri diren aktoreak.

«Hainbeste maite gaituzte erakundeek, alderdi politikoek, komunikabideek korrika gabiltzala... Zergatik gutxietsiko ote gaituzte hainbestetan oinez gabiltzanean...?»

Nabarmena da Korrikak ikusgarritasun handia lortu duela urteotan: komunikabide ugarik jarraitu diote -baita erdal hedabideek ere-, eta alderdi politiko gehienetako ordezkariak ere elkartu dira -hautagaien presentzia nabarmena izan da, hauteskunde kanpainaren erdian-. Kalean ere nabari da Korrikak gero eta babes handiagoa duela. Euskarak gainerako egunetan ez daukan ikusgarritasuna lortu du egunotan. Hori zabaltzea dago eginkizun: euskarari ikusgarritasuna ematea, argazkietatik harago joatea, benetako klika egitea, ez itxurak.

«Aukerak eskaini eta euskara eskatu»

Garesen abiatu zen Korrika hilaren 4an, euskarak ofizialtasunik ez daukan herri batean. Nafarroako eremu mistoan dago Gares; bidea hasi eta berehala, MaƱerun, eremu ez-euskaldunean sartu zen Korrika, euskarak are babes txikiagoa duen lekuan. Hori aldatzeko eskaria etengabea izan da lasterketan. Nafarroako aldaketaren agintaldia amaitzear dagoela iritsi da Korrika, eta Euskararen Legea aldatzeko eskatu du AEK-k berriro ere. Eta ez Nafarroan soilik: hizkuntza eskubideak betetzeko aldarria etengabea izan da.

«Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna»

Gasteizen jendetza handia bildu zen Korrikaren altzoan. Hala izan da bide gehienean. Tartean izan dira, hala ere, kilometro bakartiagoak, lekukoaren atzetik bi-hiru lagun joan diren tokiak. Euskarak leku batzuetan eta besteetan zer egoera duen islatu du Korrikak. Baina hobekien ageri den lekuetan ere nabarmenak ditu ahuldadeak: arnasguneen galeraren lekuko izan da Korrika egunotan, etorkizun arrosa irudikatzeko arriskuaren testigu, euskararen indarberritzea umeen eta gazteen bizkar uzteko jokabidearen plaza. Baina bideak zabaltzen ere ari da euskara. Euskara ahulguztiduna.

«Korrika egin, munduari gure oinekin eragiteko»

Euskararen aldeko jarrera agertzeko ekintza handiena da Korrika, munduan parekorik ez duena. Egunotan Korrika egin dute munduko beste hainbat tokitan; areago, Korrika bera beste aldarrikapen batzuetarako plaza ere izan da. Aurtengo Korrikan bereziki esanguratsuak izan dira talde feministen kilometroak, jendetsuak eta koloretsuak. Finean, euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko gurutzaketaren beste kate bat izan da Korrika.

«Elebesteratuak. Eta neskenegunak eta zapatuak»

Aldarria bai, baina desoreka batzuk ere sumatu dira tropelean. Lehen begiratuan, nabari da gizonen parte hartzea handiagoa dela Korrikan, eta batez ere lehen ilarako lekuak gehiago hartzen dituztela; pankarta eramaten, adibidez. Lekukoan ez da hainbeste nabari. Gaia aztertzekoa du AEK-k, desoreka gainditzeko asmotan.

«Euskara gaur egun arte ta Gasteizaino Korrika ekarri dugunoi: biba, gora, eutsi, goza... Klika!»

Euskal Herria 11 egunez zeharkatu du Korrikak, baina 11 eguneko lana baino askoz handiagoa dago horren oinarrian. Lantalde ugari osatu dituzte antolaketan, eta boluntario sare zabala herriz herri eta auzoz auzo: herrietako batzordeetan, babesleak bilatzen, kilometroak eta materiala saltzen, seinaleak eta biderako azpiegiturak prestatzen, furgonetetan 11 egunez joaten... Lan ugari, eta gehienetan itzalean geratzen dena. Guztien ekarpena ezinbestekoa izan da Korrikarako.

«Mundu bat euskarak, mende erdia euskara batuak, eta ehunka milaka bizitza eta gogo euskarak batuak»

Batasuna erakutsi du Korrikak beste behin, beste egitasmo gutxik lortzen duten moduko bat egitea. Herriz herri ehundutako sareak erakutsi du hori, sortutako ilusioak, mugimenduak, nahiak. AEK-k batasun hori baliatzea jarri du erronka gisa: «Korrika tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko, eta, bereziki, tresna moduan erabiliko dugu euskara sistema eragilean guztiz txertatuta egon dadin».

BERRIAn argitaratua (2019/04/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA