astekaria 2019/04/19
arrowItzuli

kirola

Bizi guztiko helburua

Imanol Magro Eizmendi

Bizi guztiko helburua

Zenbat lan; zenbat kilometro; zenbat poz eta tristura malko, zenbat entrenamendu gogor goiz; zenbat errehabilitazio saio gogor bizkarreko lesioa sendatzen; zenbat ordu ibilbideak aztertzen... Egun jakin batzuetan kirolarien ahalegin eta sakrifizio guztiek zentzua hartzen dute. Loria dastatzen duten egunak dira, eta loriak kolore, forma eta toki asko izan ditzake. Eta Ion Izagirreren (Astana) kasuan atzokoa izan zen egun hori. Euskal Herriko Itzulian hiru aldiz hirugarren izandakoa zen. Urteroko helburu nagusia, eta urtero gertu. Gertu bai, baina txapelak beste baten burua nola estaltzen ikusi. Aurten, baina, ormaiztegiarraren ipuinak amaiera polita izan du, eta ondo merezita. Izan ere, atzo ausart jokatu zuen, taldeak hauspotuta, eta helburuaren bila joan zen. Helmugatik 61 kilometrora erasoa jo, Emanuel Buchmann eta Bora taldea higatu, eta 54 segundoren aldea berreskuratu zuen.

Ion Izagirrek familia osoa zuen zain Eibarko plazan, eta ikustekoa zen guraso, emazte eta alabarekin izandako besarkada. Hura bezain hunkigarria Gorka anaia helduena iritsi eta harekin bat egin zuenean. Anaia zaharrak negar malkotan bukatu zuen, ezin emozioei eutsi. Inork ez daki hark baino hobeto zer lan dagoen atzoko xanpain tragoaren atzean. Ion Izagirrek, bide batez, mugarri bat ezarri du euskal txirrindularitzaren historian. Proba irabazten duen zortzigarren euskal herritarra da. Aurrekoa Iban Mayo izan zen, 2003an. Izagirrek 14 urterekin miretsi zuen lorpen hura.

Atzoko Erreleboan Gorka Izagirrek zioen «zaila» izango zela Buchmannek zuen errenta jatea, baina indar aleren bat bazuten saiatuko zirela. Mapa eskuetan hartu, eta Azurki seinalatu zuen segadari ekiteko puntu apropos gisa. Asmoen deklarazio bat izan zen. Astanaren ikurra eguzki bat da, eta su eman zion eguneko lehen mendatean. Talderik indartsuena zen, eta indar hori azaleratu beharra zeukan. Ordurako erritmoa bizitua zuen, eta tropelak banakako ilaran igo zituen Kalbarioko aldapak. Leku izen aproposa.

Azurki, baina, min egiteko leku hobea zen. Bertakoek zerbaitegatik deitzen diote Mortirolo txikia. Jakob Fuglsang (Astana) tiraka hasi zen, eta luxuzko morroi bilakatu zen. Helmugatik 61 kilometrora erritmo aldaketa bortitza egin zuen, eta Boraren egituran arrakalak sortu zituen. Patrick Konrad (Bora) eta Maximilian Schachmann (Bora) desagertu egin ziren, eta liderrak berak defendatu behar izan zuen bere burua. Fuglsang eta Ion Izagirrerekin Adam Yatesek (Mitchelton), Dan Martinek (UAE) eta Tadej Pogacarrek (UAE) egin zuten aurrera. Buchmannen amesgaiztorik okerrena gorpuztu zen une horretan: ihesaldian etapa eta podiumerako helburu ezberdinak zeuden, eta elkarlana logikoa zen.

Buchmannek erakustaldia eman zuen herenegun. Atzo, aldiz, gorriak ikusi zituen. Azurkiko gainean 25 segundoren aldea zuen. Dena ez zegoen galduta. Jaitsieraren ondoren, Borak apustu arriskutsua egin zuen. Taldekiderik gabe zen, eta gelditzeko agindu zioten atzekoekin bat egiteko. Aurrean iheslariek kilometroak irensten jarraitu zuten. Apurka tartea irekitzen joan ziren, eta, Karakate hasterako, 1.20ren aldea zuten. Karakate itzuli honetako berritasunetako bat da, eta bere lana egin zuen.

Fuglsangek lan handian egin zuen etapa osoan. Irratiak sutan ari ziren, eta aurrekoek bazekiten min egiten ari zirela. Lankidetza bikaina izan zen. Yatesek ere estutu zituen hortzak. Etapa zuen helburu, eta, azkenean, saria jaso zuen. Gorraizko etapan errobera zulatu izan ez balu, lehen posturako borrokan legoke. Baina baldintza aditzek ez dute balio. Itzuli hau kanporaketa proba bat izan da. Zulatu, eroriko, zoritxar edo txakalaldi gutxien izan zituenak irabazi du. Ion Izagirrek ere izan zuelako bere sustoa Arrigorriagako errepide bustietan lurrera joan zenean.

Buchmannen adorea

Karakateko gainean iheslariek 1.52ren aldea zuten Buchmannekiko. Itzuliko irabazlea aurrean zegoen, baina Soraluzetik Angiorrerako kilometroetan ez zuten gehiago zabaldu, ezta Asentzioko igoeran ere. Erritmoa ona zen, baina horren azalpena atzean zegoen: Buchmann borrokatzen ari zen. Itzulia ez bazen, podiuma nahi zuen, eta ez zion joaten utziko. Adore kontua zen.

Alemaniarrak jaitsiera ikusgarria egin zuen Elgetan behera, eta hegan egin zuen Eibarko saihesbidean. Yatesek irabazi zuen etapa, eta Ion Izagirrek Itzulia. Azken minutuan, hirugarren posturako borrokan zegoen emozioa. Buchmanni kontuak ateratzen zitzaizkion. Ion Izagirrek eta Martinek pasatu egin zuten, baina Fuglsagek ez. Azken bihurgunean, baina, gaizki sartu zen, antolakuntzak ez zuelako behar bezala itxi. Hor joan zitzaion hirugarren postua, Fuglsangek ireki xuen xanpaina. Borak, baina, helegitea jarri zuen, eta onartu egin zioten. Hamabi segundo kendu zizkioten, eta hirugarren postua berreskuratu, ondo merezita. Borak Itzuli erraldoia egin du, baina ez du sari nagusia lortu. Jabe zoriontsua du sari horrek.

BERRIAn argitaratua (2019/04/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA