iritzia
Hizkuntza preso
Iñigo Aranbarri
Morena alderdiko diputatu den Armando Contrerasek eman du datua: Mexikon, zortzi milatik gora dira interpreterik eta abokaturik gabe preso dauden indigenak. Elebakarrak dira asko, edo elebidunak badira, ez dakite castillarik. Horregatik eskatu dio Contrerasek estatuari jar ditzala behingoz bitartekoak atxilotzen dituzten unetik beretik defentsarako eskubidea izan dezaten, ez dadila inor preso egon bere hizkuntzaren. Eskubidea izan arren, herrena baita praktikan legea. Prozedurak akatsez josiak daude, eta ez bakarrik itzulpen arazoengatik. Askok eta askok ez zuten atxilotze-agindurik. Amarruen biktima izan dira, bestek egindako delituen ardura sinatu dute, torturapean sarri, zer sinatzen zuten jakin gabe. Esan gabe doa, epaileek ere erdeinuz hartzen dituzte kasuak. Urte luzez bizitza hondatuko dien erabakia.
Zortzi mila lagun ttipi-ttapa. Ainhoa, Leitza, Dima, Ortzaize, Errezil eta UrdiƱarbeko biztanle guztiak preso. Ia Otxarkoaga guztia ziega banatan, zer gertatzen zaien ulertzen ez dutela. Borondate kontua da. Lehentasunez ari gara, eta mendeetako bazterkeriak ez du gogorik dirua itzultzailetan gastatzeko. Kontuak egiten hasita, hala da izan ere, erabaki praktikoa: garestiago ateratzen da hizkuntza askotasuna zaintzea horiek betiko desagertaraztea baino.
Eta bueltaz buelta, izerdiaren gatza datorkio begietara, ttipi-ttapa, gero eta beteago du bularra, gogoa kanpoan, inork ulertu nahi ez dizkion hitzetan oinak.