astekaria 2016/01/29
arrowItzuli

kultura

Argiz eraiki duten zubia

Ainhoa Sarasola

Argiz eraiki duten zubia

Argi eta soinu jokoak izan dira nagusi Donostia 2016 Kultur Hiriburutzari hasiera emateko ekitaldi nagusian. Elkarbizitzaren zubia izeneko ikuskizuna handia izango zela iragarria zuten antolatzaileek, eta bete egin dute esandakoa. Hala ere, hotz utzi zituen atzo iluntzean Urumea ibaiaren ertzetara ekitaldia ikustera hurbildutako milaka lagunetako asko. Herritarrek elkarrekin bizitzeko zubi baten eraikuntza irudikatu nahi zuen ikuskizunak, baina nekez ulertuko zuen halakorik aurrez hiriburutzaren gakoei buruz ezer gutxi zekienak. Txistu batzuk bai, baina txalorik ez zen apenas entzun amaieran; bukatu zenik ere ez ziren jabetu hainbat. Hasiera ikusgarria bai, baina gazi-gozoa izan du, beraz, proiektuak.

Pantailak, garabiak, fokuak, bafleak, aldamioak... azpiegitura eta muntaia handia hartu dute egunotan Maria Kristina zubiak eta inguruko pasealekuek. Handia zen ikusmina. Horren lekuko ziren inguruetan atzo iluntzean bildutako milaka herritarrak —50.000, hiriburutzak berak emandako datuen arabera—. Ikuskizuna 20:00etan hastekoa bazen ere, bi ordu lehenago ere hasi ziren hurbiltzen herritar multzoak; trenak ere lepo beteta iristen ziren Norteko geltokira. Bertaratutakoei argibideak ematen, 400 bat boluntario zebiltzan inguruetan. Ordua iristean eta zubiko argiak itzaltzean, txaloak eta oihu urduriren bat entzun zen ikusleen artean, hastear zena ezagutzeko gogoz-edo. Laster egingo zen isiltasuna; tarte jakin batzuetan izan ezik, apenas egin zuen txalorik jendeak, eta apenas parte hartu zuen ekitaldian.

Metaforaz betetako ikuskizuna izan zen La Fura dels Baus taldearen sortzaileetakoa izandako Hansel Cerezak diseinatutakoa, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren balioak eta filosofia islatu nahi zituena. Argi fokuek letra larriz Elkarbizitza, Aniztasuna eta Elkarrizketa hitzak zubian proiektatzen zituztenean geratuko ziren argien kontzeptuok herritarrentzat. Gainerakoan, lerro artean irakurri beharko zituzten ikusleek hori adierazteko asmoak.

Ekitaldiaren hasieran, ibaiaren bi aldeetan parez-pare baina elkarrengandik urrun zeuden herritar multzo bana agertu ziren, eskuak astinduz eta oihuka, elkarrekin komunikatu nahian eta ezinean bezala. Doinu geroz eta ozenagoak hasi ziren entzuten bozgorailuetatik, eta orduantxe hasi ziren lanean aizkolariak, trontzalariak eta harri jasotzaileak, ibaiaren alde banatan haiek ere —herritarrek nekez ikusiko zituzten, oso gertu ez baziren—. Nahasiak izan ziren ondorengo uneak: guztien artean zubia eraikitzen ari zirela ulertuko zuten zenbaitek, eta zubi bera erortzear zela beste hainbatek. Argi zurrustadak alde batera eta bestera, jendea zubian batetik bestera korrika eta oihuka, txalapartari batzuk garabi batzuen gainean jotzen, su-garrak ziruditen argi joko batzuk... Mikel Laboaren Baga-Biga-Higa kantua ozen entzun zen orduan. Ekitaldiaren une gorenetako bat izan zen, eta txalo jo zuten ikusleek. Baina laster egingo zen berriro isiltasuna, publikoaren artean bederen.

Argi jokoekin jarraitu zuen aurrera ekitaldiak. Zubiaren bi ertzetan oihal handi batzuk zabaldu zituzten, eta horietan, musikaren erritmoan joan ziren islatzen argizko irudiak. Off-eko ahots bat entzun zen orduan, ekitaldian entzun ziren adierazpen bakarrak egiteko: «Hau da elkarbizitzaren zubia. Gurutzatu ezazu. Zaindu ezazu, egunero eraikitzen dugulako elkarbizitza». Zubia zeharkatzen hasi zen orduan jendea, oihalen atzetik; haien itzalak ikus zitezkeen, eskuekin forma ezberdinak eraikitzen, eta aniztasuna hitza ertzetako hormetan proiektatuta.

Herritarrek zubia zeharkatzeko eta horrela ekitaldian parte hartzeko aukera izan zuten orduan, eta hala egin zuten hainbatek. Eszena hori dezente luzatzen ari zela sumatzearekin batera jabetu ziren ikusleetako asko ekitaldia bukatua zela, horixe zela amaiera. Beste batzuk ordurako joanak ziren. Txalorik apenas entzun zen; txistu batzuk bai, ordea, eta baita ekitaldia ongi aditu ez, eta okerrago ikusi izanaren inguruko kexak ere.

Herritarren ahalegina

Halako ekitaldiak antolatzen eskarmentu handia du Cerezak —hark zuzendu zituen Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoetako eta 2004ko Kulturen Forumeko inaugurazio ekitaldiak, adibidez—. Ikuskizunari buruzko xehetasun handirik ez zuen aurreratu nahi izan, baina alderdi emozionalari eman nahi ziola garrantzia eta ikusleak hunkitu nahi zituela azaldu zuen. Lortuko zuen batzuekin, beste askorekin ez. Twitter sare sozialean, adibide gisa, kritika ugari jaso zituen ikuskizunak.

Cerezaren esanetara, 52 eragile eta kolektibotako mila lagun inguru aritu dira entseguetan parte hartzen, joan den abendu hasieratik, eta azken egunotan zubian bertan egin dituzte saiook. Abesbatzak, konpartsak eta herri kiroletako taldeak jardun dute horretan, besteak beste.

BERRIAn argitaratua (2016/01/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA