astekaria 2019/04/19
arrowItzuli

gizartea

HATSA ALDAKETARI

Garikoitz Goikoetxea

HATSA ALDAKETARI

Hauspoa jasotzen ari da euskararen aldeko gizarte mugimendua. Udazkenean, Euskaraldiarekin, aspaldi ez bezalako ekimena hartu zuten ehunka herritan, eta orduko ilusioa eta nahia biziberritu egin du Korrikak egunotan. Klika leloa Euskal Herri osoan zabalduta, hizkuntza ohiturak aldatzeko eta konpromisoak hartzeko deia egin du Korrikak: bai lekukoaren altzoan joan diren herritarrei, bai Korrikarekin bat egin duten eragileei. Aktibaziorako ildoari oinarria sendotu dio Korrikak.

Euskararen aldeko lasterketak 11 egun ditu gaur. Garesen abiatu zuen bidea hilaren 4an, eta Gasteizen amaituko du eguerdian. Andre Maria Zuriaren plazan bukatuko du bidea Korrikak. Orduan argituko dute nork idatzi duen aurtengo mezua, lekukoaren barruan milaka lagunen eskuetatik igaro den testua. Mezua bera izango da eguerdiko ardatza.

Jende oldearekin egin ditu Korrikak azken egunak. Atzo bertan, adibidez, berealdiko jendetzak bildu zituen Debagoienean, Debabarrenean eta Durango aldean. Baita goizaldean Goierrin eta Tolosaldean ere. Bidean izan dira kilometro bakartiagoak, aldapatsuagoak, euripean eginikoak. Baina ilusioa, klika egiteko aldarria atergabea izan da egunotan.

Mugimendua sendotzen

Ilusio garaiak baitira euskalgintzan. «Emozioen urtea izan da. Ikusi dugu Euskaraldiak nolako ilusioa sortu duen, aspaldi ez bezalakoa. Orain Korrikak ere bai. Berezia izan da aurtengo Korrika. Euskaltzaleen mugimendu hori ukitu egiten da. Eta kutsatu». Elena Laka mintzo da, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Korrikan ibili zen atzo. Berezia izan da Lakarentzat ere: Topaguneko lehendakaritza utzi egingo du, herenegun iragarri zuenez. Euskaraldia izan du azkenaldiko ardatz, eta haren eta Korrikaren arteko lotura nabarmendu du. «Klika-k balio izan du ohitura aldaketa horri eusteko». Egunotan guztietan, hain zuzen, korrikalari ugarik jarri dituzte paparrean ahobizi edo belarriprest txapak.

Ez da hori izan Euskaraldiaren arrasto bakarra Korrikan. Elkar elikatu dute biek. Batetik, egunotan indarberritu egin da aktibazio ildoa. «Euskaraldiarekin aurreikuspen guztiak gainditu genituen: igarri zen zerbait piztu zela. Baretuz joan da, eta Korrikak lagundu du berriro pizten», azaldu du Bergarako Jarduna euskara elkarteko kide Nerea Mendizabalek. Bestetik, aurreko hilabeteetako mugimenduak Korrika bera sendotu du. Bergara bera da adibidea, aspaldiko urteetan ez bezalako jendetza elkartu baitzen atzo.

Aldekotasun hori konpromiso bihurtzen jarraitzea dute orain zeregina. Bai baitago premia, Jardunako kide Maitane Arizabaletan ohartarazi duenez: «Horretan gabiltzanok landuta daukagu kontzientzia, baina jende askok klika, klika eta klika egin behar du oraindik». Lanean jarraitu behar dela, alegia. «Euskaraldia eta Klika beharrezkoak ditugu erabileran pauso gehiago emateko».

Urrats gehiago badatoz. Euskaraldiaren hurrengo aldia prestatzen hasi dira jada: 2020an egingo dute, eta, herritarrak ez ezik, eragileak izango ditu ardatz. Euskara erabiltzeko aukerak zabaltzea du helburu. Mezu hori hedatu du Korrikak: herritarren konpromisoa behar dela, eta eragileena ere bai. Horretarako hats izan da Korrika.

BERRIAn argitaratua (2019/04/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA