astekaria 2019/04/19
arrowItzuli

gizartea

Heriotzaren boleroak

Jose Mari Pastor

Heriotzaren boleroak Jose Mari Pastor

Gazterik ezkondu zen Margarita, 17 urterekin. Umeak etorri ziren jarraian. Hala ere, denbora izan zuen Historia ikasteko. Egun batean, senarra Miamira joan zen, aita bisitatzera. Ez zen gehiago itzuli.

Emakumeak lanean jardun zuen hiru seme-alabak aurrera ateratzeko: bi mutiko eta neskato bat. Gaur, erretiratua egon arren, turistei alokatzen dizkien gelak garbitzen ditu. Ez du umorea galtzen. Aitonaren kantak gogoratzen ditu, eta noizean behin kantatzen ditu. Galizieraz, gizonak ez baitzekien ondo espainieraz.

«Semeari ere gustatzen zaio arropa plantxatzea», azaldu dio turistari, alkandora lisatzen ari dela ikusita. Isildu da, une batez. «Zergatik hitz egiten dut orainaldian semeari buruz, hilda badago?».

Airean kanta zaharrak entzuten dira. Izan ere, goizero musika aditzen da Margaritaren etxean. Musika mota jakin bat, besterik ez. Ernesto Lecuonaren doinua -artista kubatar mitikoa Daina Chavianoren Amodio infinitoen uhartea nobelako pertsonaietako bat da-. Edo boleroak: Daniel Santos, Benny Moré... -Moré ere agertzen da Chavianoren lanean-. El Benny. El Bárbaro del Ritmo: «Errealitatea jaiotzea eta hiltzea da. Zergatik bizi hainbesteko antsietatearekin?».

Nola eraman heriotzaren zama gainean? Nola bizi dugu geure eta maite dugun jendearen heriotza hemen? Eta beste herri eta kulturetan? Hori guztia azaltzeko saioa da Heriotza erakusketa, San Telmo Museoak eratu duena. Seguruena, ez digu azken hatsaren aurrean sentitzen dugun egonezina guztiz arinduko, baina hausnartzeko balio dezake.

38 urte zituela hil zen Margaritaren semea, Santiagon. Lanera joana zen bertara, eta hantxe geratu zen, Txilen. Bere buruaz beste egin zuen. Tiro bat ahoan. Emakumeak haren arropak gordetzen ditu armairuan. Semea hil ondoren, ospitalera eraman zuten, depresioak jota. Ez zuen ezer jaten. Hiltzeko arriskuan zegoen, baina alabak hilabete batzuk lehenago oparitutako katemeari esker suspertu zen. Haren laguntzarik gabe animalia hil egingo zela xuxurlatu zion neskak, ohearen ondoan. Eta andrea pixkanaka-pixkanaka sendatzen hasi zen. Katua etxean du. Inor sartzen denean, harengana hurbiltzen da, miauka. «Edozeinekin joaten da; jinetera bat da», dio Margaritak, barrez.

Hilezkortasunaren ametsa ere aipatzen da Donostiako erakusketan. Inork ez du hil nahi. Horixe esaten dugu, hauxe badakigu ere: badagoela jenderik, beste desiorik ez duenik, mugaren mugara iritsi delako. Egunotan ikusi ditugu zenbait adibide. Batzuetan ez digute duintasunez bizitzen uzten. Batzuetan ez digute duintasunez hiltzen uzten.

Hil egingo gara, baina hilezkortasuna dugu amets. Ez guztientzat, baina. Guk eta guk maite ditugun pertsonek bizitzen segitzea nahi genuke. Zertarako, baina? Ez al dugu inoiz pentsatu zeinen aspergarria izango litzatekeen hilezkortasuna? Gure ametsa amesgaizto bihurtuko litzateke. Biziak balioa galduko luke. Hilko garela jakinik ere, ez dugu behar bezala aprobetxatzen eta gozatzen. Zer egingo genuke inoiz hilko ez garela jakingo bagenu? Zerk eraman, zerk bultzatuko gintuzke aurrerantz?

Gainera, betirako bizi nahi dugu, baina ez edonola. 80 edo 90 urteetara heldu, eta adin horrekin hilezkor bihurtu? Ez. Horrek ez gintuzke asebeteko. Gazteak izan nahi dugu hilezkor. Beti gazteak. Primeran. Burua %100ean. Goikoa eta behekoa. Inozoak. Zahartu? Inoiz ez. Geure gurariaz jabetu eta barre egiten digu heriotzak. Ez dakigu gero eta hurbilago dugula, egunen joanean. Bitartean, oraina aprobetxatu behar dugula esaten digute guruek. Eta orainik ez balego? Eta fluxu geldiezina izango balitz dena? Bizitzea iraganetik etorkizuneranzko etengabeko bidea besterik izango ez balitz?

Egunero, boleroak entzuten dira Margaritarenean. «Semeak biziki maite zuen musika hau. Beti entzuten dut, hamarretatik hamaiketara. Berarekin egoteko modua da».

Goizero, Habana zaharreko etxean, heriotza mingotsa hiltzen du El Benny-ren ahots gozoak. Eta andrearen begiak berpizten ditu, ordubetez.

BERRIAn argitaratua (2019/04/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA