mundua
Aurrera, motz geratu delako
Ander Perez Zala
Ia 50 urte igaro dira Irlandaren historiako gertakari lazgarri horretatik, eta Ipar Irlandako Fiskaltzak iragan martxoan aurkeztu zituen Erresuma Batuko armadako soldadu ohi baten aurkako karguak, Bloody Sundayn (igande odoltsua) gertaturikoagatik. Fiskaltzak argudiatu zuen badela froga nahikoa F soldadua izendaturikoa bi zibilen hilketekin lotzeko, eta beste lau pertsona hiltzen saiatu izana leporatzeko; soldadu ohi bakar bat auzipetzeko erabakia hartu zuen fiskaltzak, eta, beraz, Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak (PSNI) ez zuen aurkeztu kargurik ikertutako beste hamasei militar ohien aurka.
Stephen Herron fiskalburuak honako hau azaldu zuen erabakiaren berri ematean: «Ondorioztatu dugu nahikoa froga dugula esku artean soldadu ohi bat auzipetzeko, F soldadua, James Wray eta William McKinney hiltzeagatik eta Joseph Friel, Michael Quinn, Joe Mahon eta Patrick O'Donnell hiltzen saiatzeagatik. Gainontzeko hemezortzi susmagarriei dagokienez —hamasei soldadu ohiak eta IRA Ofizialeko ustezko bi kideak—, ondorioztatu dugu esku artean ditugun frogak ez direla nahikoa auzipetzeak gauzatzeko». Erabaki hori entzutean, Nash «lur jota» geratu zen, gainontzeko senideak bezala; bere anaiaren izen-abizenik ez zuen entzun fiskalaren hitzetan. «Gehiago espero genuen. Auzipetzea espero genuen, bai, 47 urteren ostean izan den arren. Soldaduak auzitara eramango zituzten itxaropena ez genuen inoiz galdu».
Baina erabaki hori motz geratu da. Nolabait, Herronen hitzek agerian utzi dute ideia hori, eta adierazi du bazekiela kolpea izango zela senideentzat: «Badakit familientzat bide luze bat izan dela puntu honetara iristea eta gaurkoa beste egun oso zail bat izango dela haientzat. Ulertzen dugu askok sentitzen duten etsipen sakona. Fiskal gisa, guztiz objektiboak izateko eskatzen digute».
Bloody Sunday oroimenean iltzatuta du Nashek; «tristura handiz» oroitzen du egun hura, «atzo» gertatu balitz bezala. «Gurasoak ospitalean zeuden, eta ezin izan zuten anaiaren lurperatzea ikusi [amari bihotzekoak eman zion]. Dena izan zen oso tristea, gure familiari inoiz gertatu zaion gauzarik okerrena. Egun horretan hildakoak errugabeak dira; armada britaniarraren plana edozein zela ere, haiek ordaindu zuten prezioa».
Hitz horiek azaltzen dute zergatik harrotu zituen hautsak Karen Bradley Ipar Irlandako ministroak iragan hilabetean. Ipar Irlandan 1960ko hamarkadatik 1990ekora izandako gatazkaz ari zen, Komunen Ganberan: «Soldaduek eragindako hilketak ez dira krimenak. Euren eginbeharra betetzen ari ziren, eta modu egokian jardun zuten». F soldadua auzipetu zutela jakina izan baino astebete lehenago esan zituen hitz horiek; polemika erraldoia izan zen, eta, gerora barkamena eskatu zuen arren, mingarria izan zen. «Berariaz esan zuen. Ikusi genuen eszena telebistan; idatzita zeukan zerbait irakurtzen ari zen. Ez da soilik hutsegite bat; kalkulaturiko adierazpen bat izan zen. Horrelakoa da beti esaten dutena».
Hurrengo pausoak
F soldadua delakoak, 2003an, zenbait froga eman zizkion Saville Ikerketari, era anonimoan, eta aitortu zuen hamahiru aldiz egin zuela tiro. Zehaztu zuen «pistolak eta bonbak zituzten pertsonak» hil zituztela, baina Mark Oliver Saville epailearen txostenak ondorioztatu zuen hori gezurra zela, «ez zegoela zalantzarik» F soldaduak «armarik gabeko» hiru laguni egin ziela tiro; soldadu horrek aitortu zuen horietako bati egin ziola tiro, baina arma bat zuela argudiatuta. Ikerketak gogorarazi zuen F soldaduak istorioa moldatu duela urteotan.
Nashek Erresuma Batuko justizian «konfiantzarik ez» duen arren, aurrera jarraitzeko asmoa du. Iragan hilabeteko erabakia berrikustea eskatu dute; hori izan da bide luze baten lehen pausoa. Fiskaltzak aztertuko du erabakia, eta oraindik ez dago zehaztuta noiz emango dien erabakiaren berri senideei: «Ez dugu datarik. Ez dakigu noiz izango den, baina espero dut laster izatea. Badakigu hartu dituzten erabaki guztiak atzeratzeko ohitura izan dutela».
Datorrenari begira, Nazioarteko Justizia Auzitegira joateko aukeraz ere mintzatu da Nash. «Biktimen familiek asko itxaron dute, eta indar asko erabili dute. Kasu honetan froga andana zeuden soldaduak askoz ere lehenago auzipetzeko. Aurrera jarraituko dugu; justizia nahi dugu. Kontua da nik, adibidez, 70 urte ditudala».