astekaria 2016/01/29
arrowItzuli

ekonomia

MANU AIERDI

«UPN-PSNren zerga erreforma aurten jasango dugu; urte zaila izango da»

Joxerra Senar

«UPN-PSNren zerga erreforma aurten jasango dugu; urte zaila izango da»

Galtza bete lan du Manu Aierdik, Nafarroako garapen ekonomikorako lehendakariordeak (1967, Donostia). Enpresa mundutik Parlamentura jauzi egin zuen duela lau urte, eta orain gobernuan arlo ekonomikoaz arduratzen da. Dena aldatu zaio berriz: «Ardura, agenda, lan erritmoa...». Azken egunetan, bi arazo handi sortu zaizkio: TRWko 250 kaleratzeak eta General Electricek Buñuelgo Alstom ixteko duen asmoa.

TRWk asteartean iragarri zuen 250 langile kaleratzeko asmoa.

Oso albiste txarra da. Oso kezkatuta gaude. Orain gure betebeharra da juridikoki aztertzea zeintzuk diren gure eskumenak eta zer egin ahal dugun. Egia da lan erreformaren ondorioz erkidegoek eskumen oso gutxi ditugula, baina ditugunak seriotasun handienarekin erabiliko ditugu. Politikoki ere ikusi nahi dugu zer eragin eduki ahal dugun prozesuan. Ekonomikoki oso ondo aztertu nahi dugu informazioa. Esan diogu enpresari edozein duda badugu haiekin egoteko asmoa dugula, baita langileekin ere. Zubiak irekita izan nahi ditugu guztiekin. Bereziki bermatu nahi dugu TRW Nafarroan geratzea.

TRWrena lan itunaren negoziazioak hastean iragarri dute.

Zaila da. Enpresak esaten du bere lehiakortasuna kolokan dagoela eta hemen egiten den aktibitatean galerak nahiko handiak direla orain eta azken urteetan. Ikusi dugunez, estatu mailan duen argazki osoa hartuz gero, enpresak Merkataritza Erregistroan dituen emaitzak beste batzuk dira. Hortik hasi behar dugu: zeintzuk diren benetako datuak, eta benetan hemen lehiakortasun falta duen.

General Electricen erabakia Europakoa da. Itxura txarragoa du?

Bi kasuetan erabakiak kanpotik hartu dira. Era berean, General Electricek fabrika itxi nahi du, eta kito. Hasieratik marjina txikiagoa uzten dute ezer egiteko. Lehen harremana izan dugu, eta ikusi nahi dugu zeintzuk diren datuak, zein den planteamendua eta ea tarterik dagoen beste aukera baterako edo zer edo zer salbatzeko.

Deslokalizazioei aurre egiteko neurriak hartuko dituzue?

Akordio programatikoan badago asmoa deslokalizazioak kontrolpean izateko edo zailtasunak jartzeko. Gobernuak laguntzen deialdiak ikertu behar ditu ikusteko zer baldintza jartzen zaizkien enpresa guztiei, ez soilik multinazionalei. Normalean, orain arte jarri den baldintza izan da inbertsio horiei eustea urte batzuetan, eta hori bukatuta enpresa libre da nahi duena egiteko.

Sakana eta Erribera berrindustralizatzeko neurriak aurreikusten ditu aurrekontuak. Nahikoa al da?

Nire ustez, aurrekontuetan gauza asko daude, ez bakarrik milioi bat euro inguruko diru sail hori. Aurrekontuaz gain, inportantea da eraikitzea harreman sendo eta normal bat eskualdeekin. Halakorik ez zegoen iraganean, eta hor asko dugu hobetzeko. Hori kenduta, aurrekontu handiena oraingoz berrikuntzara, ikerketara eta inbertsio berriak sustatzera doa. Arlo honetan badira dirua kostatzen diren neurriak baina dirurik kostatzen ez diren gauzak ere egin daitezke: baldintzak erraztu, oztopoak kendu...

Behar eta arazo ugari dituzte eskualdeek. Zer egoera dute?

Bakoitzak bere argazkia du. Erriberan, industria poligonoak eta lurra begiratuz gero, sobran dago; Sakanan, ez. Gainera, Lizarraldean, Altsasun edo Pirinioetan nabaritu nuen banda zabalarekin edo argindar hornidurarekin arazoak zituztela. Horiek oztopoak dira. Adibidez, Sakanan zioten minutu bateko eten txikiak dituztela, baina ondorioz makinak berriro piztu eta martxan jartzerako agian sei orduz gelditzen dela planta. Minutu bateko eten horregatik.

Legealdi amaieran, PSNk eta UPNk sortu zuten gizarte elkarrizketaren kontseilua. CCOO, UGT eta CEN finantzatzea leporatu zenuten. Zer egin behar da orain horrekin?

Gure gobernuaren ideia da organo horri eustea, izen horrekin edo beste batekin. Baina era berean, aldaketak sartu behar dira. Proposamen bat lantzen ari gara, eta urtarril amaierarako aurkezteko konpromisoa hartu nuen. Nola ez, ideia inportante bat da irekitzea eta gutxienez ELA, LAB eta ANELi zabaltzea. Saiatuko gara ere helburuak definitzen.

ELAk eta LABek transmititu al dizuete hor egon nahi al duten?

Ikusiko dugu. Hasieran euren dudak dituzte. Bakoitzak bere postura du. Nik espero dut lasai-lasai hitz egitea eurekin, eta ikusiko dugu. Gobernuaren jarrera izan behar du eskuzabala eta irekia eta gure asmoa da eurak kontuan hartzea. Ikusiko dugu.

Aurrekontuetan defizitaren helburua estutu egiten da BPGren %0,3ra, eta estatuari ekarpena gehi finantza gastuak 900 milioi euro ingurukoak dira. Marjinik geratzen al da ezer egiteko?

Ez da erraza. Bereziki lehen aurrekontu hauetan, gobernura heldu eta ez dugu izan denborarik planak eta estrategiak definitzeko eta prestatzeko. Oso eztabaida interesgarria izan dugu gobernu barruan, lehentasunak jartzeko. Talde bezala funtzionatu dugu ondo. 2017 eta 2018ra begira, departamendu bakoitzak izango ditugu estrategiak eta planak ondo pentsatuak eta ikusiko dugu diru bilketa nola doan eta ekonomiak zer esaten digun. Aurten bezala, hori izango da erronka.

Aurrekontuetan inbertsioen atala 95 milioi eurokoa da, 2014koaren pare eta 2009ko garaitik oso-oso urrun. Espero duzu etorkizunean handitzea?

Egin behar lirateke. Nire ustez, berrikuntzan eta ikerketa eta garapenean diru gehiago jarri beharko genuke. Momentuz ez da posible izan. Beste kezka bat errepideen egoera da. Garai batean kalitate arloan lehen postuetan zeuden Nafarroako errepideak estatukoekin alderatuta, baina gero eta gehiago ari da jaisten.

Errepideen egoeraz ahaztu egin zen UPNren gobernua?

UPNri pasa zaio azken urteetan ez duela dirurik izan eta nahiago izan du beste gai batzuetan sartzea dirua: Reyno Arenan eta horrelako proiektu handietan. Aldiz, errepide sarearen mantentze lanak aparte utzi dituzte. UPNren herentzia hor nabaritzen dut. Obra publikoen zuzendaritzan, adibidez 100 milioi eurotik 60 milioi inguru itzalpeko bidesari sistemaren kanonak dira. Gehituz gero, Iruñerriko udal garraiorako ordaindu beharrekoa edo kontserbazio kontratuak betetzeko gutxienekoa, ia-ia diru gabe geratzen zara. Aukera apurra tuneletan eta egituretan jarri dugu.

Nafarroak AHTaren Castejongo zatirako aurreratutako 71 milioi euroetatik 30 milioi oraindik ez ditu Espainiak itzuli. Atzean erabaki politiko bat egon daiteke?

2014ean 35 milioi euro ordaindu zituzten eta 2015ean jarri behar zituen 30 milioi. Ez nuen dudarik kobratuko genuela. Urtea amaitzean ikusi genuen beste jarrera bat zutela. Diru hori kobratu behar dugu, bai edo bai. Estatuak esaten digu teknikoki ezin dutela oraindik ordaindu. Gure txosten baten arabera, izenpetutako baldintza guztiak bete ziren. Txosten juridikoak ez daude ados, eta atea irekita utzi dugu ea politikoki lortzen dugun desblokeatzea. Atzean arrazoi politikorik al dagoen? Momentuz nahiago dut itxaron.

Itzalpeko bidesari sistemaren bidez lau azpiegitura finantzatu zituen UPNren gobernuak: Bideko Autobidea, Pirinioetakoa eta Ubideko bi faseko ureztatze sistemak. Birnegoziatu daitezke?

Kontratuak dira eta bakoitzak bere azterketa merezi du. Ez da egoera bera Bideko Autobidearena edo Pirinioetakoa. Bidekoak du zama handiena. Eurek martxa ona dute, eta indar posizioa dute. Hala ere, saiatu behar dugu irudimena erabiltzen. Segurtasun juridikoa bermatu behar dugu.

Erriberan, askok lotzen dute elikagai industriaren garapena Nafarroako Ubidearekin, baina bere finantza bideragarritasuna auzitan dago. Zer ondorio atera du gobernuak?

Ikusten dugu ura estrategikoa dela: edateko, enpresentzat eta nekazaritzarentzat. Hala ere, ez dugu nahastu behar Nafarroako Ubidea helburu batekin. Ubidea da aukera bat, eta aztertu behar ditugu zer abantaila eta desabantaila dituen. Guk ez dugu ezer gelditu. Azken gobernuak eta Espainiakoak oso ondo zekiten zer finantza egoera zuen Canasak [ubidea eraikitzea helburu duen sozietate publikoa]. Bazekiten zer arazo zeuden eta lehen fasearen zabaltzea jarri zuten abian, ez bigarrena [Erriberaraino doana]. Gobernua ari da ikusten nola atera ehuneko ehuna orain dugunari. Erriberara begira, jakinda ura estrategikoa dela, aukera guztiak ikusi nahi ditugu. Gero eta gehiago ari gara ikusten ureztatze sistemako erabiltzaileen iritzia gobernuaren posiziotik hurbil dagoela. Azken finean gauzak ez dira beltz edo zuri, grisak baizik.

Zerga erreformak, PSNk proposatu eta UPNk onartutakoa konpontzea izan du helburu?

Teknikariek esan zuten 80-100 milioi euroko galera eragingo zuela erreforma horrek. Aurreko urteetan, beste fiskalitate bat zegoen, eta 100 milioi euro genituen urtero. Aurten ikusi dugunean 2015ean zerga bilketa ondo joan dela, UPNk eta PPk leporatu digute ezer ez ukitzea bilketa ondo joan delako. Nola esan dezakete hori? 2015eko bildutako dirua 2014ko fiskalitateari lotua dago. Gainera, kopuru handi bat BEZa eta zerga berezietatik etorri da.

Onartu duzuen erreformaren aurrean hondamendia iragarri du oposizioak. Enpresek Nafarroatik ihes egingo omen dute.

UPN-PSNren erreforma orain jasango dugu. Zerga arloan urte zaila izango da.

Gobernuak sei hilabete bete ditu. Zer balantze egiten duzu?

Nire ustez, balantzea ona da. Gustura sentitzen naiz, lortu dugu fiskalitatea aldatzea eta aurrekontuak aurrera aterako dira; landu dugu lau alderdien adostasuna; Lan talde berriak osatu ditugu eta talde horiek nahiko kontrolatzen dute egoera, gobernuaren erritmo eta prozedurak. Nafarroa anitza da eta begia jarri dugu jendearen arazoetan. Garrantzitsua da aniztasun hori indar bezala ulertzea eta jakitea guztientzat gobernatu behar dugu. Egia da mediatikoki egon direla bizpahiru auzi bere tentsioa eragin dutela. Sei hilabeteok erakusten digute zer inportantea den pedagogia egitea eta komunikatzea.

Doitze horretan, koordinazio hobe bat egon behar du gobernuaren eta hura sostengatzen duten lau alderdien artean?

Bai, oro har aski ongi funtzionatu dugu. Adibidez, aurrekontuetan edo zerga erreforman. Hezkuntzako lan eskaintza ospetsu horretan edo Aroztegiaren gaian, ezadostasunak sortu dira. Aroztegiari buruzko jarraipen batzordearen bileran izan nintzen, eta ondorio bat atera genuen: desadostasunak jorratzeko prozedura hobeto definitu eta landu behar dugu.

Egungo funtzionamendu horrek erabakiak hartzea eragozten dio gobernuari?

Hor dago erronka: zer erabaki diren exekutiboak, eta zer erabaki duten puntu politiko inportante bat. Lehen kasuan neurri teknikoak dira eta Gobernuaren teilatu gainean daude. Bigarren kasuan hobe da lau alderdiekin lantzea. Landu beharreko eztabaida da. Azken finean lau alderdi dira eta bakoitzak berea du. Ez da erraza. Hori da lehen aitormena. Denok erakutsi behar dugu borondatea dugula. Orokorrean lortu dugu.

Erabaki askori «tekniko» esaten zaio. Ematen du erabaki politikorik ez dagoela. Zergatik?

Erabaki guztiek dute ondorioa eta gustatzen zaie batzuei gehiago eta besteei gutxiago. Ez da berdina esatea Gobernuak estrategikotzat jotzen zuela zentro teknologiko berri bat egitea industria 4.0-n edo herritar batek egindako alegazio baten aurrean, idatzi juridiko bat jasotzea eta txosten batek aholkua ematea. Bi erabakiak ez dira berdinak. Biak dituzte ondorioak eta biek izango dituzte batzuk aldekoago edo kontrakoago.

BERRIAn argitaratua (2016/01/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA