ekonomia
BBK fundazioa Euskaltelen sartzea aztertzen ari da, errotzeari eusteko
Jon Fernandez
Erresuma Batuko inbertsio funtsak herenegun iragarri zuen Euskaltelen akziodun nagusia dela, burtsan hainbat parte hartze erosi eta gero: akzioen %20,94 dauzka dagoeneko, Kutxabanken %19,88 baino gehiago.
Hain zuzen ere, Kutxabank Euskalteleko akzioak saltzen ibili da, Europako Banku Zentralak hornidurak handitzera behartzen duelako industria enpresetan parte hartzeak izateagatik. Orain, BBK fundazioak Euskaltelen sartzeko aukera planteatu du; Kutxabanken sortzaileetako bat da, eta haren akziodun nagusia, %57rekin. Sagredok azaldu duenez, BBK-k badu tresna bat halako inbertsioak egiteko: egonkortasun funtsean 70 milioi ditu baztertuta, «Bizkaiko ekonomiari aberastasuna ekartzen dioten enpresetan inbertitzeko».
BBK-k iradokitako aukerak indarra hartzen du kontuan hartuta zer esan zuen joan den otsailean BERRIAn Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak; gobernuak Euskaltelen akzioak erosteko aukera aipatu zuen. CAFen akzioen %1,24 erosi zituen iaz Jaurlaritzak, euskal konpainia estrategikoen erabakiguneei bertan eusteko asmoarekin. CAFen erabilitako inbertsio funts bera erabil dezake Euskaltelen akzioak erosteko ere. Baina momentuz, pausorik ez ematea erabaki du gobernuak, gertaerei beha egotea.
'Erosi, konpondu, saldu'
Iñigo Urkullu lehendakariak uste du Euskaltelen erabakigunea ez dela aldenduko. «Euskadin daukan errotzea konpainiaren estatutuek blindatuta dago, %75eko gehiengoarekin», azaldu zuen atzo.
Euskaltelen estatutuen 37.3 artikuluak akziodunen %75en gutxieneko babesa eskatzen du «erabaki garrantzitsuak» hartzeko, eta horien artean aipatzen ditu, besteak beste, egoitza soziala, administrazioa, zuzendaritza, jarduera eta giza baliabideak EAEtik kanpora eramatea.
Hala ere, Cebekek kezka agertu du, iritzita balitekeela Zegonak Euskaltelen har ditzakeen erabakiak bat ez etortzea «herrialde gisa interesatzen zaigun norabidearekin». Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak ohartarazi du Zegonak «epe motzerako begiradaz» joka lezakeela, edo Euskaltel «arrain handiago baten ahoan jarri». Ez da oinarri bako aurreikuspena, Erresuma Batuko inbertsio funtsak bere webgunean jasota baitauka Erosi, konpondu, saldu leloa.
ELAk beste pauso bat ematea egotzi dio Jaurlaritzari «pribatizazioaren eta deserrotzearen bidean». EH Bilduk, bestalde, proposatu du Eusko Legebiltzarrak gaitzets dezala Jaurlaritzak Euskaltelen egindako «kudeaketa arduragabea» eta eska diezaiola gobernuari akzioak erosteko.