gizartea
Pizteko 'klika'
Garikoitz Goikoetxea
Gazteen presentzia oso nabarmena da Korrikan egunez egun eta gauez gau. Tropelaren euskarri nagusietakoa dira. Baina presentziatik haragokoa da helburua: benetako aldaketak lortzea, klika egitea. Besteak beste, hizkuntza ohituretan eragin nahi du aurtengo Korrikak, erdaraz aritzeko inertzian, Euskaraldiak zabaldutako bidean. Eta zer egina badagoela agerian jarri du Korrikak berak, erdararako inertzia ageri baita lasterketan bertan ere.
Gazteen erabilera, erabilerarik eza, kezka iturri da maiz. Egoera aintzat hartu behar da, hala ere: gehienek eskolan jaso dute euskara, gaitasun mugatua dute, eta inguru erdalduna. Testuinguru osoa kontuan izan behar dela dio Topa Gaitezen dinamikako kide Mikel Aiartzaguenak: «Euskarak ez ditu betetzen hizkuntza batek behar dituen funtzioak era naturalean eta duinean erabiltzeko». Arlo publikoan hizkuntza eskubideak urratzen direla gogorarazi du —hezkuntzan, esaterako—, eta eguneroko ogia dela beste eremu batzuetan ere. Adibidez: «Bilbon ezin duzu kafea euskaraz eskatu talka linguistiko bat sortu gabe».
Hain justu, Korrikaren aldarriarekin bat, aktibatzeko deia zabaldu du Topa Gaitezen-ek, uste baitu orain arteko hizkuntza politikek «asimilazioa» ekarri dutela, «eta euskararen aldeko borroka guztiz folklorizatzea». Areago, gazte mugimenduan euskarak daukan lekuarekin ere badute kezka. «Badago gazte mugimendu bat oso politikoa, nahi duena beste balio batzuen bidez garatu, eta euskara ez duena hartzen borrokarako tresna gisa. Badirudi borroka sozialerako antagonikoa izan litekeela». Horri buelta ematea da mugimenduaren helburua.
Indarra hartzen
Ez dute euskara talde bat sortu. 2016ko Gazteraiki topaketetan landu zuten euskararen gaia, eta haren fruitua da Topa Gaitezen. «Mugimendu bat gara: helburua da bakoitzak bere herriko gazte asanbladatik edo euskara taldetik bideratzea dinamika horiek», azaldu du Gorka Contreras kideak. «Gazte euskaltzaleen mugimendua ari da indarra hartzen».
Bidean jarraituko dute gazteek gaur ere. Bizkaian da Korrika. Gauean sartu da Ezkerraldera, Bizkaia zubitik. Goiza Enkarterrian igaroko du, eta Bilbo izango du jomuga nagusia: Zorrotzatik sartuko da, eta 14:30ean izango da Zazpikaleetan. Mungiatik barrena, Bermeo aldera joko du gero.