astekaria 2019/04/12
arrowItzuli

kultura

Eskultorearen atzera begirako bat ardatz Txillida Lekuren aro berrian

Itziar Ugarte Irizar

Eskultorearen atzera begirako bat ardatz Txillida Lekuren aro berrian

Etapa berri bat hastear da Txillida Leku. Zortzi urte pasaren ondoren, heldu den astean zabalduko dizkio ateak publiko zabalari, apirilaren 17an, eta horretara heltzeagatik pozik eta asebeteta azaldu ziren atzo bai Eduardo Txillida (Donostia, 1924-Donostia, 2002) zenaren familia eta bai Hernaniko (Gipuzkoa) museoko lantalde berria. Eguneratze lanak egin dituzte, «XXI. mendera ekarri», Mireia Massague museoko zuzendariaren esanetan. Baina, oro har, lehengo itxurari eta, batez ere, lehengo asmoari eutsi diote, Massaguek azpimarratu duenez: «Asmoa beti izan da hau Txillidaren unibertsoaren zentroa izatea, eta hala jarraituko du. Eduardo Txillidak bere obrarentzako leku bat bilatu zuen bere lurrean, bere herrian, hemen nahi zituelako utzi bere sustraiak. Eta horixe egingo dugu: lokaletik mundu guztira iristen ahaleginduko gara».

«Bisitariaren esperientzia hobetzea» izan da eguneratze lanen muina. Instalazio berriak jarri dituzte —harrera zentroa, Lurra kafetegia eta denda—, eta eraikinean hobekuntzak egitera bideratu dira gainontzeko aldaketak —argiztapenari, irisgarritasunari eta teknologiari lotuak, besteak beste—. Luis Laplace arkitektoak zuzendu ditu berrikuntza lanak. «Ez da asko ikusten egindako lana, baina asko igartzen da. Lehen zena izaten jarraitzen du, lehengo presentziarekin, baina ezberdin», adierazi du Luis Txillidak, eskultorearen semeak.

Ignacio Txillida ere izan zen atzo egindako aurkezpenean —eskultorearen semea da hori ere—, eta hark eman zituen irekierarako bildutako obren gaineko xehetasunak. Aipatu zuen tamaina handiko piezak erakusteko aukera zabaldu dutela, eta oraingoz 43 obra ipini dituztela museoaren kanpoaldean. Horietako bi lehen aldiz izango dira Txillida Lekun: BBVA bankuak maileguan utzi duen Burdinari gorazarrea III eta Argiari gorazarrea, munduan zehar ibili ostean «itzuli» dena. Baina museoaren ardatza Zabalaga baserria da, eta han eskultorearen atzera begirako bat prestatu dute irekierarako: Eduardo Txillida. Oihartzunak. Ignacio semeak egin ditu komisario lanak, eta 90 piezatik gora bildu dituzte. Kasu honetan ere, zenbait pieza estreinakoz izango dira Hernanin, nazioarteko galeria, bildumazale eta museoen eskutik maileguan jaso ondoren.

Zabalaga, «autore museoa»

Eraikin barruko erakusketak eskultorearen garai ezberdinak agertzen ditu, modu kronologikoan. 1940ko hamarkadaren amaieran abiatzen da, Parisen eta figurazioaren eraginpean eginiko lehen lanetan; eta 2000. urteraino heldu, burdinak ezaugarritzen duen aldiraino. Hain zuzen, eskultoreak bere ibilbideko aldi bakoitzean erabili zituen materialek eta teknikek bereizten dituzte, hein handi batean, erakusketako atalak. Hala erakusten dute horiei emandako izenek: 1948-1951 Paris, lehen eskulturak igeltsuan; Euskal Herrira itzulera: lehen eskulturak burdinan; Ilarik eta ametsetako Ingudeak; Harzuriko eskulturak, argia eta arkitektura; Lurrak eta Oxidoak; eta Proiektu publikoak eta Obra paperean: marrazkiak, collageak, grabatuak eta grabitazioak. Azken horrek baserriaren goiko solairua hartzen du, eta hari egin dio azpimarra Ignacio Txillidak: «Obra publikoa zen aitari lan eta plazer gehien ematen ziona, mundu guztiarendako obra egitea. Esaten zuen batena zena ez zela inorena; hobea zela eskultura batek jabe asko izatea».

Modu paraleloan, eta eskultorearen obra publikoen artean ezagunenetakoa izanik, Haizearen orrazia-ri espazio propio bat gorde diote erakusketan. Ideia baten inguruko errepikapena konstante bat izan zen eskultorearen lanean, eta Haizearen orrazia da horren erakusgarririk argienetako bat. 1952tik 1999ra bitartean aritu zen haren inguruan lanean, eta tarte horretan egindako askotariko bariazioak jaso dituzte erakusketan. Atal horretan nola gainontzekoetan, artxiboko materialak laguntzen die eskulturei; argazkiak, zirriborroak, gutunak eta bestelako idatziak.

Eraikina eta inguruko lurrak 1980ko hamarkadan erosi zituzten Txillida eta Pilar Belzuncek, eta hamabost urtez egon ziren zaharberritze lanetan. Mikel Txillidak, eskultorearen bilobak, zehaztu zuen Zabalaga ez dela museo bat, ezpada «autore museo bat». «Ez zen sortu museo izateko asmoarekin; espazioa eraikitzeko baliatu zuen eraikina. Bukatu zuen arte, hemen ez zen obrarik sartu».

Zabalik, zortzi urteren ostean

2000. urtean ireki, eta 2010eko abenduan itxi zen Txillida Leku, diru galera handiak zirela medio. Zortzi urtez egon da hala, familiaren eta erakundeen artean akordio bat itxi nahian. 2016an egon ziren ados jartzeko gertuen; Gipuzkoako Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean 100 milioi euro jartzea onartu zuten hasieran, baina lehenengo aldundiak eta gero Jaurlaritzak atzera egin zuten. Azkenean, 2017ko abenduan eman zuen bira egoerak. Familiak akordioa egin zuen Suitzako Hauser & Wirth galeriarekin, eta horri esker lortu dute orain berriz museoa irekitzea. Adostutakoaren arabera, Txillidaren obraren ordezkari da orain galeria, baina familia da oraindik ere haren jabea.

BERRIAn argitaratua (2019/04/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA