astekaria 2019/04/12
arrowItzuli

kultura

'Balentziaga auzia'-ri neurria hartzeko ordua

Amagoia Gurrutxaga Uranga

'Balentziaga auzia'-ri neurria hartzeko ordua

Gaur abiatuko da Balentziaga auzia-ren epaiketa, Donostiako 2. zigor epaitegian. Auzipetuak, hiru: Mariano Kamio, Julian Argilagos eta Rolando Paciel Gonzalez. Kamio EAJko Getariako (Gipuzkoa) alkate izana da, Balentziaga Fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarteko kudeatzaile; Argilagos, berriz, Balentziaga Museo proiektuaren arkitektoa; eta Paciel Gonzalez —arkitektoa hori ere—, Argilagosen proiektua burura eraman zuena.

Cristobal Balentziaga (1895-1972) jostunaren jaioterrian museo bat eraikitzeko helburuarekin sortu zuten Balentziaga Fundazioa, 1999an, sei milioi euroko inbertsio aurreikuspenarekin. Mariano Kamiok urte hartan bertan kontratatu zuen Julian Argilagos. 2001eko apirilaren 22an jarri zuten museoaren lehen harria, sinbolikoki. 2003an, seitik hamabost milioira igo zen obren aurrekontua; eta Aralar alderdia irregulartasunak salatzen hasi zen. 2005ean, Berroeta Aldamar SL sortu zuten, Balentziaga Fundazioari emandako diru publikoa kontrolatzeko. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Getariako Udala sartu ziren elkarte horretan —hiru erakundeotan EAJ alderdia zegoen agintean—, eta Kamio izendatu zuten bertako kudeatzaile. Berroeta Aldamarrek bere gain hartu zituen fundazioak ordura arte hitzartutako kontratu eta esleipenak eta obren kudeaketa.

2006ko urriaren 31n, Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Kamiok jakinarazi zuten aurrekontua 17,4 milioi eurokoa izango zela. Azken horrek dimisioa eman zuen 2007ko martxoaren 13an, bai fundazioan, bai elkartean. Handik bost hilabetera, irregulartasun larriak baieztatu, diru publikoaren behar besteko kontrol falta aitortu eta Argilagosen Hemen Art enpresa auzitara eramateko asmoa azaldu zuten Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Getariako Udalak, Berroeta Aldamarren bidez. Kamiok dena ukatu zuen. Azaroaren 20an, Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak datu berri parea eman zuen: museoaren aurrekontua hogei milioi eurotik gorakoa zen, eta erakunde publikoek beste hamar milioi jarriko zituzten. Irregulartasunak onartu, eta «ardurak argitzeko» bide judizialera jotzeko aukera ere aipatu zuen. Azaroaren 22an, Berroeta Aldamar elkarteak salaketa aurkeztu zuen Kamioren aurka Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzan.

2008ko apirilaren 18an, Eusko Legebiltzarrak Balentziaga Museoaren auzia ikertzeko batzordea sortzea erabaki zuen. Abenduan, ikerketa batzordearen txostenak «erantzukizun politikoa» egotzi zion Jaurlaritzari, «arduragabekeriagatik». EAJk txostenaren aurka bozkatu zuen. Fiskaltzak, berriz, Balentziaga auzia ikertzen segitzea erabaki zuen. Gaur hasiko den epaiketako hiru auzipetuak inputatu zituen.

Bi auzipetu

Gaur, auzipetuetako bik deklaratuko dute: Kamiok eta Pacielek. Hirugarrena, Argilagos, Miamira (AEB) joan zen bizitzera 2005ean, auzi-ihesean dago 2017tik; ez da espero bertaratuko denik. Ez, behintzat, epailearen nazioartean atxilotu eta ekartzeko iazko agindua betetzen ez badute.

Fiskalaren akusazio idatziaren arabera, Kamiok eta Argilagosek 1,2 milioi euro poltsikoratu zituzten administrazioek museoa martxan jartzeko emandako diru publikotik. Horrez gain, Cristobal Balentziagaren hainbat lanetan kalteak egitea eta diru publikoarekin gastu pribatuak ordaintzea egozten diete. Fiskalaren arabera, museoa martxan jartzeko prozesuan Kamiok «kudeaketarako, administraziorako eta dirua eskura izateko erabateko boterea pilatu eta baliatu» zuen, eta botere hori Argilagos aberasteko erabili. Fiskalak dio «harreman sentimentala» zutela Argilagosek eta Kamiok —biek ukatu dute hori—.

Argilagosek Balentziaga Fundazioarekin kontratua izenpetu zuenean, arkitektoak milioi erdi euro inguru kobratuko zuela aurreikusten zen. Fiskalaren txostenak dioenez, baina, Kamiok hainbat faktura puztu zituen, eta gauzatu ez ziren kontratuak baimendu, arkitektoak jaso beharreko kopuru hori handitzeko. Fiskalaren arabera, 1,5 milioi euro kobratu zituen azkenean. Argilagosek sumarioan adierazi izan duenez, inondik inora ez zuen halako dirutzarik jaso, eta hainbat lan ordaindu ere ez zizkioten egin. Halaber, fiskalak dio Argilagosi ordaindutako baina hark gauzatu gabeko lanengatik Berroeta Aldamarrek zerbitzu horiek berriro kontratatu behar izan zituela, milioi erdi euro ordainduz.

Azkenik, Kamiok museoaren Urrezko Visa txartelarekin eginiko ordainketak aipatzen ditu fiskalaren txostenak; gastu pribatuetarako eginak guztiak. Besteak beste, Argilagosen emazteari egindako hainbat ordainketa —250.000 euro—, ibilgailuaren konponketa —4.760 euro— eta AEBetara eta Europara egindako bidaiak —10.000 euro—. Balentziagaren obrei eragindako kaltearen balioa 152.000 eurokoa dela ere badio.

Argilagosi, horrez gain, arkitekto titulua homologatu gabe lan egitea leporatzen dio fiskalak. Hark nabarmendua duenez, baina, fundazioak hasieratik zekien titulua homologatu gabe zuela. Miamira bizitzera joan zenean, Argilagosek Hemen Art enpresa utzi zuen obraren kargu; han egin zuen lana Pacielek, eta lan horregatik egozten diote horri ere arlo profesionalean bidegabe sartzea, berak ere Habanan lortua baitu arkitekto titulua.

2011ko ekainaren 7an inauguratu zuten Balentziaga Museoa. Iazko apirilaren 4an zen hastekoa auziaren epaiketa, baina epaileak atzeratzea erabaki zuen, Kamioren osasun arazoak zirela eta. Gaur ekingo zaio, azkenean, Santiago Romero Buck Arstad epailearen gidaritzapean. Juan Carlos Galvezek beteko ditu fiskal lanak. Gaurko saioan bi ertzainak ere deklaratuko dute, Kamio eta Paciel auzipetuez gain. Guztira, 36 pertsona daude deituta lekuko gisa deklaratzera, eta zortzi aditu-froga egingo dituzte. Hilaren 17rako bukatuko da epaiketa, hauteskunde kanpaina eta kanpainaurre giro betean.

BERRIAn argitaratua (2019/04/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA