gizartea
Pauso babestuagoak
Garikoitz Goikoetxea
Laugarren eguna, igandea osorik egin zuen Ipar Euskal Herrian Korrikak. Jaieguna izanik, jendea erruz bildu zen bide bazterretan: bai herri bakoitzeko bizilagunak, bai beste batzuetatik joandakoak. Gipuzkoar eta bizkaitar emaria nabarmena zen, asteburu pasa joandako jendea. Atzo goizeko bidea jende gutxiagokoa izan zen, eta eskola umeak izan ziren asko.
Hezkuntzaren arrastoak nabaritzen hasiak dira Iparraldean, euskararen ezagutza pixkanaka hasi baita berreskuratzen, urteetako odolustearen ondoren. Baina oraindik bada zer egina franko. «Deus ez da sekula irabazia», ohartarazi du Bortairuk. Joan den astean izan zuten, hain justu, euskarazko irakaskuntzaren aurkako mezu bat: akademiak iragarri du ez duela euskarazko murgiltzea egiteko esperimentazio gehiago onartuko. Hemezortzi eskola publikotan ezarria dute, eta beste zenbaitetan hastekoak ziren. Jada badutenek segitu ahalko dute, baina ez dute berririk onartuko. Erabaki «biziki txarra» dela azaldu du Bortairuk.
Keinutik neurrietara
AEK-ko arduradunaren ustez, nahitaezkoa da Korrikan irudikatutako babes hori neurrietara eramatea, elkar hartzea, akademiak atzera egin dezan. «Herri mobilizazioa beharko da, eta hemengo hautetsiena. Ezinbestekoa da, sekula baino gehiago».
Hautetsi ugarik hartu dute lekukoa Ipar Euskal Herrian: auzapez ugarik, eta beste erakunde batzuetako arduradunek ere bai. Tartean, adibidez, Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez Jean Rene Etxegaraik. Elkargoak, hain justu, euskarari ofizialtasuna aitortu dio. «Ipar Euskal Herriko lehen instituzio horrek eman du aitorpen bat, eta hori urrats bat da. Ez da gutietsi behar», adierazi du Bortairuk. Euskalgintzak urteetako aldarria du ofizialtasuna, euskarak lege babesa izatea. Aurtengo Korrikan, halere, aurrekoetan baino gutxiago entzun da eskari hori Iparraldeko ibilbidean. «Aukera guti ikusten dugu momentu honetan hor aurrerapausoak emateko».
Bitartean, lanean segitzeko deia egin du Bortairuk: «Euskal Herritik dugu euskara salbatuko, ez Paristik. Bat egin behar dugu Korrika honetan, eta ondoko aste eta hilabeteetan». AEK-ko ardurak uztear, ekinean aritzeko eskatu du: «Segitu behar dugu sasi guzien gainetik eta hodei guzien azpitik aurrera ateratzen, biharamuneko aukera hobeak goaitatu gabe, gure ildoak markatuz. Hori da segurtapen bakarra aurrera egiteko».