kultura
«Historiarekin egiten duzu lan horrelako nobela batekin lan egitean»
Mikel Lizarralde
Bidea, baina, ez da erraza izan. 2006an, Kutsidazu bidea, Ixabel filma zuzendu zuen Bernuesek Mireia Gabilondorekin elkarlanean, eta hura amaituta hasi zen Soinujolearen semea egokitzeko ideiari bueltaka. Ordurako, ordea, eleberriaren ikus-entzunezko eskubideak eskuratuak zituen Javier Agirresarobe argazki zuzendariak. Zuzenduko zuen aurreneko filma izan behar zuen. «Ekoizpen estatubatuar bat egin nahi zuen, Los Angelesen filmatua. Oso gertukoa egiten zitzaion istorioa, eta esango nuke indar handia zuela proiektuak». Gidoiaren bertsio pare bat ere bidali zizkion Atxagari, baina proiektuak ez zuen aurrera egin. «Zinemak hori dauka. Ez zuen ekoizpena aurrera atera ahal izan», gaineratu du idazleak.
Segika zuen Bernuesek Soinujolearen semea, eta, eskubideak eskuratu ezin zituenez, antzerkirako egokitzapena egiteko aukera sortu zitzaion: «Norbaitek aipatu zuen ideia. Niri izugarrizko beldurra eman zidan, baina gero asko gozatu nuen liburua antzerkirako moldatzen».
Antzezlana prestatu zuenean bezala, filmerako gidoia Patxo Telleriarekin batera osatu duenean, Atxaga gertu izan du Bernuesek. Ondoan, baina bere lanean sartu gabe. «Bernardorekin lan egitearen gauza eder bat da erraztasun handiak ematen dizkizula. Pentsa, batzuetan aurrekontratu bat bidali izan digu adierazteko bere iradokizunak arazo gabe baztertu daitezkeela». Filmaren gidoia idatzi ahala, idazleari igorri izan diote, eta hark «arkatz arruntez» eginiko oharrak egin dizkie, «erraz ezabatzeko moduko oharrak», Atxagak berak aitortu duenez. Ez du gogoko Gizona bere bakardadean-en egileak berea ez den esparruan sartzea: «Hori da neure buruari jartzen diodan lehen araua: ez sartu zurea ez den baratze horretan. Harrokeria litzateke. Bizitzak erakusten dizu idazten ari bazara ikasiko duzula zerbait idazteari buruz. Baina beste adierazmolde horietan, zineman-eta, ez naiz sartzen. Horregatik, nahiago dut enbarazurik ez egin». Badira beren literatur lanen egokitzapenak goitik behera kontrolpean izan nahi dituztenak, baina ez da bere kasua: «Gunter Grassek, adibidez. Jainkoa ematen zuen, eta Jainkoak esaten zuen nola izan behar duen guztiak. Hori, niretzat, erokeria da».
Beste adibide bat ekarri du gogora Atxagak, Grassenaren oso bestelakoa, William Faulkner idazle estatubatuarrarena: «Lagun batek [Sherwood Andersonek] nobela bat idatzi zuen, Winesburg, Ohio, eta, erreferentziazko idazlea izanik, Faulknerri eman zion. Horrek hauxe erantzun zion: 'Ahalegin guztia egingo dut zure nobela argitaratua izan dadin, baina ez eskatu irakurtzeko'. Faulknerrek pentsatuko zuen: 'Nik zer esango diot? Nobela berak idatzi du, eta nola sartuko naiz ni bere nobelan!'. Eta nik, berdin. Nola sartuko naiz ni antzerkian edo pelikulan? Faulkner oso argia zen; Grass baino gehiago».
Eta, hala ere, idazlearen ekarpenen garrantzia nabarmendu du pelikularen zuzendariak: «Badu nolabaiteko detektagailu bat. Eszenaren batek bere neurria gainditzeko arriskua duenean, sumatu egiten du». Bernuesek badaki istorioak kontatzeko ofizioan gakoa tonuan eta neurrian dagoela askotan. «Gorenaren eta patetikoaren arteko tartea milimetro batekoa da». Poema bat edo liburu bat idazten duenean izan dezakeen arazo hori bera zazpi t'erdia karta jokoarekin alderatu du Atxagak: «Hiru bat izan dezakezu, sei bat... baina zazpi t'erditik pasatzen bazara, akabo. Dena hondatu duzu. Neurriari eustea da zailena beti, eta horrekin asmatu behar da». Gidoiari oharrak egitean ere hori izan du zeregin nagusia, neurriari begiratzea. «Baina oso lan erraza izan da».
Kristalezko begirada
Soinujolearen semea argitaratu zuenean esandakoari eusten dio gaur egun ere Atxagak. Kristala bezalako hizkera, lengoaia eta egitura bilatu zituen lan hartan, eta horretan jarraitzen du. «Artifiziorik ez erabiltzeko ideia zinematik datorkit», aitortu du idazleak. «Behin irakurri nion John Fordi nola norbaitek esan zion film bat ikustera joan zedin, oso pelikula ona zelakoan, argazki ederra zuelakoan. Eta Fordek esan zion ezetz. Filma ikustean argazkiari eman bazion garrantzia...». Idaztean esperimentu abangoardistak, «jolasak» egin izan dituen arren, salbuespentzat dauzka, eta nobelak «kristalezkoak» izatea gustatzen zaio. «Euskaldunok, bereziki, kontuz ibili behar dugu idaztean. 'Ai zein hitz polita Larrabetzuko goiko auzoan erabiltzen duten hori'. Hitz hori jartzen baduzu testu batean, denek horri begiratuko diote. Filmaren argazkiari bezala. Eta hori txarra da».
Atxagak idaztean bezala, ez du artifiziorik nahi izan Bernuesek Soinujolearen semea filmatzean ere. Kamerak lekuko izan behar zuen; ez protagonista: «Egoerak errespetuz ikusi nahi nituen; interesez, baina protagonismoa bilatu gabe. Bestela egin izan banu, traizio egingo niokeen eleberriak daukan gauza inportante bati: istorio handi bati». Atxagak berak filma ikusi zuen lehenengo aldian esan ziona ekarri du gogora zuzendariak: «'Drama klasiko handi bat da', esan zidan. Nobelak badu sendotasun bat, eta hortik egin behar nuen lan, iruditzen zitzaidalako liburuarekin egin zitekeen gauzarik zintzoena zela. Ezin nuen egile narratiba bat bilatu».
Eleberriak adar asko dituen arren, liburuaren istorio nagusian jarri du arreta Bernuesek egokitzapena egitean, Joseba Ugalde eta David Imaz protagonisten arteko harremanean. Jakinda begirada bi lagunengan paratzeak Euskal Herriaren historian arakatzeko aukera ere ematen ziola. «Atxaga eta biok belaunaldi ezberdinekoak izan arren, oso gertu sentitzen ditut mundu eta bizitza horiek. Eta jakitun nengoen halako nobela batekin lan egitean historiarekin egiten nuela lan. Hemen bizitza oso bat dago».
Antzezlanean egin bezala, liburuak ematen dituen aukeren artean erabakiak hartu behar izan ditu Bernuesek. Esaterako, Don Pedro Obabako lehen amerikanoaren istorioa —«eleberriaren barruan beste eleberri bat dena»— gidoiaren lehen bertsio batean azaltzen zen, «flashback modura», baina, azkenean, kendu egin zuten: «Ezin genuen beste bide bat ireki kontakizun nagusian». Amerikanoaren historia osaba Juanek kontatuko dio Davidi filmean, azken horrek 36ko gerran bere aitak jokatu zuen rola deskubritzearekin batera. Hitzezko sekuentzia bat da, beste ezeren gainetik. Atxaga: «Eszena horrek arriskua dauka, baina izugarri ondo kontatua dago. Alberto Berzal aktoreak izugarrizko lana egiten du, eta indar berezia ematen dio. Badira eszena oso zailak pelikula honetan, eta irudipena dut oso ondo gainditu dituztela». Antzezlana aurretik egin izana ere lagungarria izan zaio Bernuesi: «Niri giza oinarri bat eman dit istorioak eta pertsonaiak ezagutzeko».
Filmaren ondoan
Pelikularen prozesuari gertutik erreparatu dio Atxagak, eta, orain, estreinatzear dagoenean ere, lantaldearen ondoan egon nahi du. Joan den ostegunean, Giza Eskubideen Zinemaldian, prentsarako agerraldia egin zutenean, Bernuesen alboan izan zen, badakielako filmak bultzada guztiak eskertuko dituela: «Ezagutzen dut gure mundu hau, eta badakit mundu zaila dela», azaldu du. «Ez baduzu borrokarik egiten, agian inork ez zaitu ikusiko. Liburu bat idaztean edo film bat egitean, ezin diozu inori eskatu gustukoa izan dezan, baina nahi duzu jakin dezan pelikula hori hor dagoela». Kultura txikietako sormen lanek ikusgarritasuna izan dezaten, ezinbestekoa iruditzen zaio lan hori. «Euskal kulturarentzat sekulako garrantzia dauka horrek, zeren eta, gaur egun, produkzio handiek badakite mundua konkistatzeko modua dela merkatu guztia banatzea eta, aldi berean, basitzea. Modu horretan, beste guztia gelditzen da azpian, lurperatuta bezala».
Arazo hori denborarekin areagotu egin dela uste du idazleak. «Lehen, euskarazko liburu bakoitzeko, erdarazko hamar ateratzen ziren. Gaur egun, aldiz, hamar ateratzen dira euskaraz, eta 5.000 erdaraz. Horregatik, euskal kulturan dabilenak izan behar du idazle eta zerbait gehiago, zinemagile eta zerbait gehiago. Borrokatu behar du bere liburuaren, bere filmaren alde. Benetako lan baten azalpena eman behar da. Eta nik hori egiten dut, egindako lanean indar guztia jartzea ezinbestekoa delako guretzat». Eta halere, beti alboan. «Filma defendituko dut, baina beti albotik».
Gainera, orain dela 17-18 urte idatzitako lana bizirik dagoen sentipena ematen dio filmak idazleari. «Une zoragarria da niretzat». Ez du ezkutatzen pelikulak ematen dion poza. «Liburuek astebete irauten dute askotan, baina, batzuetan, zorte handiz, joera hori hautsi egiten da, eta liburu batzuek berpizteak izaten dituzte aldika. Soinujolearen semea berpiztu zen antzerkira eraman zutenean, eta, orain, beste sorraldi bat dauka. Hori bera zoragarria da. Liburuak bizirik segitzen du, eta hori oso sentsazio ona da».
Gatazkaren bi ertz
Pelikula estreinatzearekin batera, Atxagak eta Bernuesek badakite Soinujolearen semea-k egiten duen euskal gatazkaren kontakizuna ezinbestean alderatuko dutela Fernando Aranbururen Patria eleberriarekin. «Fenomeno politiko-soziologiko horretaz hitz egitean, gogoan izan beharko genuke ia 25 urtez Gernikaren bonbardaketaz bertsio bat zabaldu zela, defenditu zela, eta ezin zela hitz erdirik esan bertsio horren aurka. Baina gatazka batean beti daude erreka bat eta bi ertz», adierazi du Atxagak. Eta Dylan Thomasen poema bat gogorarazi du Patria-ren inguruan sortu den zurrunbilo guztia irudikatzeko: «'Zein da landarearen zuztar berdetik gora loreari eragiten dion indarra?'. Nik, halako fenomenoen aurrean, hori bera galdetzen diot neure buruari».
Nolanahi ere, Atxagak aldarrikatu egin du nahi duenaz hitz egiteko eta aipatu nahi ez duena ez aipatzeko eskubidea. «Nik garbi ikusten ditut bi ertzak. Eta, jakina, indarkeriazko garai baten ondoren, hasten da arrazoi historikoa zure aldera eramateko borroka. Hori, egon badago».
«Gerra bat dago kontakizuna bereganatzeko». Azken puntua jarri dio Bernuesek.